2015eko abenduan, Nazio Batuen Batzar Nagusiak erabaki zuen indarrez salatu behar zela neskek eta emakumeek zientzian eta teknologian duten egoera kritikoa, eta otsailaren 11n aukeratu zuen horretarako. Zortzi urte hauetan, handituz joan da Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunaren garrantzia, eta UPV/EHUk antolatzen dituen jarduerak ugarituz joan dira, baita data horretatik kanpo ere.
Urte osoan ospatuko da Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna
UPV/EHUk jardueren programa zabalak prestatu du zientzia eta teknologia arloetan diharduten emakumezko profesionalen garrantzia azpimarratzeko eta erreferente izan daitezen bultzatzeko
- News
First publication date: 09/02/2023
Datorren larunbatean izango da Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna, eta Euskal Herriko Unibertsitateak dagoeneko abiatu ditu hura ospatzeko jarduerak (hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, filmen proiekzioak…). Egunak STEM karreren egoera gure unibertsitatean aztertzeko aukera ere eman digu.
Elena Leiñena Unibertsitateko Berdintasunerako zuzendariaren arabera, “UPV/EHUn STEM arloko titulazioetan ikasten ari diren emakumeen datuak estatuko beste unibertsitate batzuetakoen antzekoak dira. Datu horiek agerian uzten dute genero arrakala nabarmena dagoela arlo horretan, femeninoa eta maskulinoa denari lotutako rolen ondorioz”. Ingeniaritzetan, emakumeen ehunekoa ez da ia matrikulatutakoen herenera iristen (% 29,15 graduetan eta % 31 masterretan). Datua bereziki adierazgarria da tradizioz genero maskulinoari lotuago egon diren sektoreetan (Automobilgintza eta Itsasketa), non emakumeen presentzia % 7koa baita. Aldiz, emakumeen ehunekoa da nagusi ingurumenarekin eta garapen jasangarriarekin lotutako ingeniaritzetan; adibidez, Material Berriztagarrien Ingeniaritzako masterrean (% 60), Ingurumen Ingeniaritza eta Kudeaketako masterrean (% 75); eta Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketakoan (% 71,43).
Genero arrakalaren ebidentzia adierazgarri bat informatika arloko titulazioetan aurki dezakegu. Espainian, joan den mendeko 80ko hamarkadan, gizon baino emakume gehiago aritzen ziren informatikan, titulazioa lizentziatura zenean. Baina 90ko hamarkadan, ikasketa horiek ingeniaritza izena hartu zutenean, emakumeen ehunekoak behera egin zuen. Gaur egun, % 16 dira emakumezko ikasleak. Ehuneko hori zertxobait handiagoa da UPV/EHUn; ikasturte honetan % 19.
Elena Leiñena: «UPV/EHUn STEM titulazioak ikasten dituzten emakumeen datuek, estatuko beste unibertsitate batzuetakoen antzekoak, agerian uzten dute genero-joerak daudela»
Zientzien arloan, UPV/EHUn diharduten ikasleen artean orekatua da gizon eta emakumeen presentzia (% 54,02 emakumeak dira), nahiz eta diziplina batzuetan nabari den alderik. Fisikan ikasleen % 35 soilik dira emakumeak dira eta ingeniaritzetan, berriz, emakumeak dira Ingurumenarekin lotura duten titulazioetako ikasleen % 60. Matematiketan, ebidentzia adierazgarria dago generoen araberako joera eta rolei dagokienez. Joan den mendeko 80ko hamarkadatik XXI. mendeko lehen urteetara bitarte, emakumezko ikasleak nagusi ziren ikasgeletan. Baina, urte horietatik aurrera, eta mota horretako ezagutzen aitortza soziala eta merkatuko balioak gora egin duen neurrian (merkatu teknologikoen eta adimen artifizialaren zabalkundearen ondorioz), emakumezko ikasleen portzentajea behera egiten hasi zen nabarmen: gaur egun, % 35ekoa da Espainian. “Zorionez, Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan, matematikekin lotura zuzena duten titulazioetan orekatua da emakumeen eta gizonen presentzia” adierazi du Leiñenak.
Eva Ferreira errektoreak azpimarratu duenez, “errealitate horren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateak, aldaketa sozialaren eragile den aldetik, ahalegina egin behar du jendartean generoaren araberako rol eta joerak deseraikitzeko, Euskal Herriko emakumeak gai izan daitezen beren nortasuna garatzeko eta beren etorkizuna askatasun osoz aukeratzeko”. Horregatik, UPV/EHUren 2022-2025 urtealdirako plan estrategikoan berariaz jasota dago IV. Berdintasun Planaren funtsezko ardatz izango direla STEM bokazioen sustapena eta emakumeen lidergoa.
Hala, gai honen zabalkundea ez denez otsailaren 11ra soilik mugatzen, UPV/EHUk urte osorako programatu ditu jarduerak, generoaren araberako joera eta rolak ezabatzeko helburuz. Gauzak horrela, hainbat jarduera antolatu dira zientzia eta teknologia arloetan diharduten emakume profesionalen ikusgaitasuna eta aitortza sustatzeko, eta emakume gazteek emakumezko erreferenteak izan ditzaten bultzatzeko. Jarduera horietako bat da ‘Euskal Emakumeak Zientzia eta Teknologian’, otsailaren 10ean Metro Bilbaon inauguratuko den erakusketa. Beste bat da Generoa eta Zientziaren Komunikazioa, komunikazio inklusiboa lortzeko praktika eta tresna onenak ezagutaraziko duena. Bestetik, bestelako tailer eta ekintzak ere jarriko dira martxan, neskato eta nerabeek diziplina hauek ezagutzeko eta beren gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten.