euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUren doktore-tesi batek neke kronikoaren sindromea aztertzeko protokolo bat zehaztu du

Ikerketak informazio garrantzitsua du komunitate medikoarentzat, bereziki arreta primariokoentzat, “orientazio gisa balioko baitu diagnostiko bizkor batera gerturatzeko”

  • Research

First publication date: 19/09/2024

Iñigo Murga Gandasegui
Iñigo Murga, Neurozientziak Saileko ikertzailea. | Photo: Fernando Casabella. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU.

Iñigo Murga UPV/EHUko ikertzaileak gaitz konplexu eta ezezagun horri buruzko azterketa zorrotz bat egin du 7 urtez. Paziente bakoitzaren sintomatologia ebaluatu ostean, “gaixo-profil ezberdinak daudela” ondorioztatu du. Sintoma horiek guztiak klinikoki karakterizatu eta azpitaldeak sortzea lortu dugu, paziente bakoitza ebaluatzeko protokolo oso zehatz bat ezarri ahal izateko”. Azaldu duenez, nazioartean, “ezaugarri jakin batzuk bakarrik izango balitu bezala aztertzen da gaixotasuna batez ere, baina askotariko ezaugarriak dituela ikusi dugu”. Frontiers in Psychiatry aldizkarian argitaratu ziren alderdi horiek: “Clinical Heterogeneity in ME/CFS. Away to Understand Long COVID19 Fatigue”.

Urte hauetan Iñigo Murgak UPV/EHUko Neurozientziak Sailean egin duen ikerketa sakonak neke kronikoaren azterketan aurrera egiteko oinarri gisa balio dezakeen jardunbidea eskaini dio komunitate zientifikoari. Lan horrek, gainera, gaitz hori ikusgai jartzeko beharra jarri du agerian, eta tresna erraz batzuk eman ditu arreta primarioan diagnostiko goiztiarra egiteko.

Neke kronikoaren sindromea (Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena, 8E49 kodea) zenbait sistema organikotan eragiten duen sindrome neurologiko bat da, desgaitasuna sortzen duena hein handi batean; nekagarritasun iraunkorra eta azaldu ezinekoa eragiten du ahalegin bai fisiko eta bai mental txikiekin. Jatorri ezezaguneko patologia konplexua da, eta drastikoki murrizten ditu pazientearen jarduera profesionalak, sozialak eta etxekoak. Gizonezkoei baino gehiago eragiten die emakumeei, ugaltzeko adinean daudenei, baina haurtzaroan ere ager daiteke; gainera, gaixotasun arraro edo maiztasun gutxiko gisa sailkatzen da esparru soziosanitarioan, eta diagnostikora iristeko, bost urte behar izaten dira batez beste.

Era berean, ikerketan, nerbio-sistema autonomoaren funtzioak ebaluatu ziren (zeinak erraien nahigabeko ekintzak kontrolatzen baititu), eta odoleko autoantigorputzen balioak zehaztu ziren, gaixotasunaren konpromiso neurologikoa eta immunea ezagutzeko.

COVID-19aren osteko sindromearekiko antz handia

Iñigo Murgak neke kronikoaren sindromearen arazo soziala agerian jartzearen garrantzia nabarmendu du: “Pazienteek muga funtzional handiak dituzte, eta, horretaz gainera, diagnostikoa lortu ondoren, haietako askok zailtasunak izaten dituzte beren segimendua egiteko eta beren lan-eskubideak aintzat hartuak izan daitezen”. Halaber, gaitzaren konplexutasuna dela eta, euskal osasun publikoak ez du unitate espezializaturik, eta pazienteek Kataluniara jo behar izaten dute.

Murgak azpimarratu duenez, “gaitzak garrantzi handia hartu du COVID-19aren osteko sindromearekin duen antz handiaren ondorioz”. Hala ere, gehiago ikertu behar dela nabarmendu du, “kondizio desberdinak diren edo benetan berdin-berdinak diren zehazteko”.

Ikertzaileak adierazi duenez, “gaitzari buruzko ezagutzan aurrera egin behar da unibertsitatearen eta alderdi biosanitarioaren esparruan. Gaur egun, nahikoa esperientzia dugu gaixotasun honetan, UPV/EHU eta Euskal Herria nazioarteko erreferente abangoardista bihur daitezen. Lan honekin, hazia jarri dugu guk”, esan du.

Informazio osagarria

Iñigo Murga Gandaseguik egindako eta José-Vicente Lafuente (Neurozientziak Saileko katedraduna) eta Juan Carlos Gómez-Esteban (Gurutzetako Ospitaleko neurologoa) doktoreek zuzendutako Identificación y caracterización de subgrupos clínicos en el Síndrome de Fatiga Crónica/Encefalomielitis Miálgica. Propuesta de un protocolo para su estudio doktore-tesiak Aparteko Doktoretza Saria (2023/2024) jaso du Neurozientzietako doktoretza-programaren esparruan (UPV/EHU).

San Juan de Dios ospitaleko (Santurtzi) Neurotek disautonomia-unitatearekin eta Gangoiti Fundazioarekin (Bilbo) lankidetzan egin da azterketa.