euskaraespañol

NEIKER-Tecnaliak, UPV/EHUk eta BC3k antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeari buruzko ikerketa sustatuko dute

Joint Research Lab on Environmental Antibiotic Resistance izeneko baterako ikerketa egitasmoa sortu dute

  • Research

First publication date: 10/01/2019

NEIKER-Tecnaliak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Basque Centre for Climate Changek (BC3) ikerketa zientifikoa eta ezagutzaren transferentzia sustatu eta gidatuko dute antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeari buruz eta horrek ingurumenaren eta gizakien osasunerako duen arriskuari buruz.

Hiru erakundeek hitzarmen bat sinatu dute Joint Research Lab on Environmental Antibiotic Resistance (JRL) izeneko egitasmoa bultzatzeko. JRLk Euskadin arlo honetan egin den ikerketa integratuko du, efizientzia ziurtatzeko eta emaitzen gehieneko inpaktua bermatzeko.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), antibiotikoekiko erresistenteak diren bakteriak gure osasunerako mehatxu nagusietako bat dira gaur egun. Kalkuluen arabera, 2050erako urtean hamar milioi pertsona hil litezke antibiotikoekiko erresistenteak diren bakteriek eragindako infekzioen ondorioz. Europar Batasunean, urtean 33.000 pertsona hiltzen dira arrazoi horrengatik. Ingurumenean gero eta antibiotiko eta degradazio produktu gehiago dago kontzentraturik, eta horrek presionatu egiten ditu bakteriak, zeinak antibiotikoekiko erresistentzien geneak sortzen eta barreiatzen dituzten. Antibiotikoekiko erresistentzia gene horiek ingurumeneko bakterietatik giza patogenoetara heda daitezke; horrek berekin dakar tratamendua zailagoa bihurtzea, edo tratamenduak gero eraginkortasun txikiagoa izatea.

Jardute eremuak

JRLko talde guztien ikerketa jardueren aztergaia honako hau izango da: antibiotikoek, erresistentzia geneek eta elementu genetiko mugikorrek, gorantz datozen kutsatzaileak diren aldetik,  ingurumenean duten presentzia. Aurreikusitako beste jardute eremu bat zera izango da: antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeko jardunean inplikatuta egon eta gorantz datozen kutsatzaileen mapen lanketa.

NEIKER-Tecnaliak teknika biologikoak garatuko ditu antibiotikoekiko erresistentziak ingurumenean barreiatzeko arriskua monitorizatzeko. NEIKERek egitasmo honetan egingo dituen jarduketak Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren 2020 Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira, izan ere, Plan horren bitartez elikaduraren eta gastronomiaren balio kate seguru, osasungarri, berezi eta iraunkorra garatzea sustatzen da (gizarte, kultura, ekonomia eta ingurumen aldetik).

Horretarako aurreikusten da gorantz datozen kutsatzaileen inpaktua diagnostikatzeko tresnak garatzea, ingurumen osasuna hobetzeko estrategiak lantzea, ingurumen faktoreei buruzko ikerketa saiakuntzak egitea eta antibiotikoekiko erresistentzien arazoari buruzko dibulgazio, transferentzia eta prestakuntza jarduerak martxan jartzea.

Aurreikusten diren ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: UPV/EHUren masterretan antzeko ikerketa ildoak lehenestea; ikerketa proiektuak gidatzea; doktore tesiak sustatzea; sortutako ezagutza eta teknologia gure inguruko enpresa sarera transferitzeko bideak bilatzea, eta ikerketa babestera bideratutako fondo publikoen finantzaketa erakartzea, bereziki tokiko laguntza programen bitartez eta Europar Batasunaren Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programaren deialdien bitartez.

Joint Research Lab on Environmental Antibiotic Resistance egitasmoa Euskampus Fundazioaren barruan sortu da. 

NEIKER-Tecnaliari buruz

NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea irabazi asmorik gabeko erakunde publikoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita dago. NEIKERen ahalegina nekazaritzako elikagaien sektorea berritzera zuzentzen da, hainbat ardatzetan, betiere irtenbide berritzaileak eta transferigarriak emateko, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzako produkzio sistemen lehiakortasuna hobetzeko. Jarduera horien emaitzek laguntzen dute nekazaritzaren sektorean etengabeko hobekuntza eta berrikuntza izaten, esaterako, ekonomiatik bioekonomiarako konbergentzia lortzeko soluzioak sortzea, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzaren sektorean medikamentu eta fitosanitarioen arrazionalizazioa lortzea, datu prediktiboen eta zientifikoki aurreratuen modelizazioa eta tratamendua egiteko tresnak sortzea, edo laboreetako teknikak bilatzea produktu berriak sortzeko, naturalagoak, osasungarriagoak, sentsorialki hobetuak eta tokian-tokian sustraituak.

UPV/EHUri buruz

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) goi mailako hezkuntza erakunde nagusia da Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan, eta garrantzitsuenetako bat Espainian, irakaskuntza, ikerkuntza, berrikuntza eta garapen teknologikoaren arloetan lortutako emaitzak osotara kontuan hartuta. Egun, 400 unibertsitate onenen artean dago sailkaturik, Shangairen rankingaren arabera.

UPV/EHU Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde guztietan dago finkaturik. Unibertsitate publikoa da, ikertzeko bokazioa izan eta euskal kulturan erroturik eta mundura irekita dagoena. Garrantzi handiko kultur lidergoa baliatzen du txertaturik daukan gizartean, eta konpromiso etiko eta sozial nabaria du.Hiru campus, hogei ikastegi eta graduen eta graduondokoen eskaintza zabala dira bere erreferentzia akademikoak. 50.000 pertsona baino gehiago etortzen dira egunero Euskal Herriko Unibertsitatera beren lana egitera: ikasleak, irakasleak, eta ikerketa zein kudeaketarako langileak.

Ebaluazio independente bat egin ondoren, Hezkuntza Ministerioak emandako Nazioarteko Bikaintasun Campus izeneko kalifikazioa lortu du UPV/EHUk. Bestalde, Europan dagoen mugaz gaindiko campus bakarra sortu du, Bordeleko Unibertsitatearekin batera.

BC3ri buruz

BC3, berez, BERC (Basque Excellence Research Center) ikerketa zentro bat da. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, IHOBErekin eta Ikerbasquerekin batera. Bere misioa da klima aldaketaren arrazoiak eta ondorioak ikertzea, ezagutzaren zenbait arlotan.