euskaraespañol

Image of the day

In memoriam: María Fernanda Iglesia Lesteiro

  • Kronika

First publication date: 16/01/2017

María Fernanda Iglesia Lesteiro

Abenduaren 29an zendu zen Bilbon María Fernanda Iglesia Lesteiro. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko bibliotekako lehenengo zuzendaria izan zen, eta 14 urtez aritu zen liburutegia antolatu eta garatzen hiru campusetan, harik eta bibliografi ondasunen zentralizazioan eta sarbide librean oinarritutako kontzepzio moderno bat finkatu arte.

Pontevedran jaio zen 1930. urtean. Filosofia eta Letrak ikasi zituen Santiagoko Unibertsitatean eta doktoregoa egin zuen Madrilen. Lau urtez jardun zen, Historiako irakasle, Madrileko Unibertsitate Zentralean eta, aurrerago, Espainiako Literaturaren Historiako eskolak eman zituen Deustuko Unibertsitatean.

1958. urtean oposizioen bidez sartu zen artxibozain, liburuzain eta arkeologoen kidegoan, eta Burgosen izan zuen lehenengo helmuga, Francisco de Vitoriaren Biblioteka Publikoko zuzendaritzan.

Emakume aitzindaria genuen, orduko garaia kontuan hartuta. Kultura zabala eta ikerketarako bokazio ikaragarria zuen, baita esperientzia profesional ugaria ere. Unibertsitateko biblioteken kudeaketari modu arrakastatsuan erantzuteaz gainera, gustura asko aritu zen filosofian eta plangintzan, hona esandakoaren adibide gisa argitalpen espezializatu hauek: "Bibliotecas del País Vasco. Esbozo de una planificación", "Líneas generales para el planeamiento de la Biblioteca de la UPV", "Proyecto de Hemeroteca de la UPV".  Haren sentsibilitatearen eta estimua izateko gaitasunaren lekuko da berak egindako "Juan Larrea (vida y poesía)" liburua.

Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, Maria Fernanda Iglesia Lesteiro balio eta garrantzi handiko emakumea izan zen. Uste sendoko emakumea zen, eta uste sendo horiei eutsi zien bere bizitza amaitu arte, nahiz eta batzuetan bere proiekzio profesionalaren aldekoak ez izan.

Gogoan zaitugu.

 

Marisa Celaá

UPV/EHUko liburuzain erretiratua