euskaraespañol

Jesus Mari Makazaga

'Hiru hankako mahaia', itzulpen espezializatuetarako metodoa

UPV/EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria

  • Cathedra

First publication date: 16/12/2016

This article is published in its original language.

Euskal Herriko Unibertsitatean ikasliburu eta ikasmaterialen sormena bultzatzea dugu Euskara Zerbitzuaren eginkizun nagusietako bat.

Ikasliburu eta ikasmaterial horiek izan daitezke irakasle-ikertzaileek euskaraz sortuak, edo euskarara beste hizkuntza batetik ekarriak. Bigarren horietaz arituko gara hemen, itzulpen bidez euskarara ekartzen ditugun liburuez. Hor ere bi adar genituzke, eta, zezenen (txiki eta ertainen) bi adarrei bezala, biei heltzen diegu: ikasliburu teknikoen eta dibulgaziokoen (ZIO) itzulpenak bultzatzen ditugu; bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta, lehentasuna lehenbizikoek izanik ere, bietara iristen ahalegintzen gara.

Edozein testu itzultzeak berekin dakartzan zailtasunak areagotu egiten dira itzultzen den gaia tekniko-zientifikoa bada, are espezializatua bada, eta zer esanik ez euskararen egoera soziolinguistikoa kontuan hartzen badugu (arlo askotako fraseologia eta terminologia finkatu gabe…).Duela hamabost urte inguru, Euskara Zerbitzuan aukera baten baino gehiagoren artean ari ginen erabakitzen: batetik, arloan arloko irakasle adituei eskatu genien nazioartean erreferentziazko ziren ikasliburu zenbait itzultzeko; bestetik, itzultzaile profesionalen bidea ere jorratu genuen.

Lehenbiziko bidea ez zen arrakastatsua izan: bagenekien nekeza izango zela, irakasleei asko kostako zitzaiela itzulpen teknikoak egitea, liburuko edukiak ondo menderatu arren ez zirelako itzulpen-lanetan trebatuak, baina probatu beharra zegoen. Zenbaitetan, askotxotan, ikusten genuen nekezagoa zela lan haiek zuzentzea berritik itzultzen hastea baino. Hor abiatu zen harrezkero (2002. urteaz ari naiz, gutxi gorabehera) nazioartean erreferente ziren ikasliburuak beste era batera itzultzeko garai bat, lehen aipatu dugun bigarren erara, alegia.

Ezin aipatu gabe utzi puntu honetan Iñaki Ugarteburu zena, Juan Garzia eta Xabier Alberdi, aldi horretan berebiziko garrantzia izan baitzuten ikasliburuen itzulpen fidagarriak egiteko metodologia ezartzean. Lagun artean, lankideen artean, "hiru hankako mahaiaren metodoa" izendatzen dugu.

Orduan hasi, eta gaur egun arte metodo horrekin jarraitzen dugu (euskaraz sortutako liburuen bidea itxi gabe, noski). Harrezkero, garaian garaiko euskararen plan gidariek hala eskatuta (gaur egungoak urtean 5-6 ikasliburu itzultzea eskatzen digu), ehundik gora ikasliburu tekniko itzuli eta argitaratu ditu gure unibertsitateak Argitalpen Zerbitzuaren bitartez. Haietako asko, trinko eta sendo askoak. Iritziak iritzi, denak dira itzulpen fidagarriak, guztiak ere gutxi-asko arloko adituek erabiltzen duten terminologia eta euskararen eredu komunikagarri bat (ondo funtzionatzen duena) erabiliz eginak.

Zertan datza aipatu metodologia hori? Halako mahaiak bezala, hiru zutabetan oinarritzen dira itzulpen hauek:

  • itzultzaile profesionala: liburuaren arloa hurbilekoa duena eta itzulpenaren estrategiak egoki menderatzen dituena. Itzulpenaren lehenbiziko idatzaldia osatuko du. Gero, xeheki begiratu eta zuzenduko dute lehenbiziko idatzaldi hori "mahaiaren gainerako bi hankek", bakoitzak bere arloan, batez ere itzulpenaren hasieran, lehenbiziko kapituluetan, han aurkitzen diren akats nabarmenenak ondorengo kapituluetan errepika ez daitezen.
  • begirale teknikoa(k): liburuaren arloan aditua den irakasle-ikertzailea da, betiere EHUkoa, gehienetan gero liburua bere ikasleekin erabiliko duena. Itzulpenean edukirik galdu edo aldatu ez dela egiaztatuko du, eta erabilitako terminologia egokia dela bermatu. Pertsona bakarra edo gehiago ere izan daitezke, batez ere zientzia eta teknologiaren arloan (bi, hiru eta lau izateraino iritsi arte).
  • hizkuntza-begiralea: Euskara Zerbitzuko aditua, euskararen eta testuaren berezitasunez arduratzen dena: itzulpena zuzena dela (arau gramatikalak ondo betetzen direla), euskara estandarra dela (euskara batuko arau eta gomendioak errespetatzen direla) eta egokia dela ziurtatuko duena; alegia, irakurgarritasunaren baldintzak ondo betetzen dituen testua dela egiaztatuko du.

Hiru hankako mahaiari hanka bat mozten edo kentzen bazaio mahaiak zutik iraun ezin duen bezala, itzulpen hauetan ere ez dugu atarramentu onik izango hiru zutabeetako bat falta bazaigu. Proba egitea nahikoa da horretaz jabetzeko.

Zenbaitetan, nahastu egiten dira begirale teknikoaren eta hizkuntza begiralearen "eskumenak", eta begirale tekniko zenbaitek hizkuntzazkoak diren kontuetara lerratzeko tentazioa izaten dute, baina, oro har, nahiko argi dago bakoitzaren eskumena zein den. Norbaitek esan lezake hizkuntza-begiralea ere berea ez den "terreno"an sartu izan dela, terminologiaz iritzia ematen, baina hori ere bada hizkuntza-begiralearen zeregina, itzultzaileak eta begirale teknikoak erabili duten terminologiaren zuzentasun lexikologikoa bermatzea. Hortik aurrera ez da joaten normalean, eta askok uste dutenaren kontra, terminologiaren izaera diziplinartekoa gorabehera, arloko aditua da terminologian zeresan handiena duena.

Beren lana behar bezala egiteko, corpusak dituzte eskura itzulpen-proiektuko parte-hartzaileek: EHUskaratuak ikasliburu itzulien corpus paralelizatua, GAIKA terminologia kontsultatzeko corpusa, ZT corpusa, Euskara Institutuko corpus ugariak, Elhuyarrekoak, … eta abar.

Abstraktutik konkretura joanda, ondo legoke itzultzaileak bere lan isil horretatik atera eta argira pixka bat ekartzea. Hona azken urteotan gure lanak itzultzen aritu diren itzultzaile batzuk: Elhuyar Fundazioko itzultzaileak  izan dira batez ere zientzia eta teknologia arloetako liburuetan itzultzaile (Ixiar Iza, Alfontso Mujika, Patxi Petrirena, Idoia Santamaria, Ane Goenaga, Nahikari Gabilondo, Saroi Jauregi…); giza eta gizarte-zientzietan, berriz, Iñaki Iñurrieta, Juan Garzia eta Maialen Berasategi. ZIO bilduman, dibulgazioko zientzia itzultzen, berriz, hona aritu direnak: Josu Zabaleta, Itziar Otegi, Isabel Etxeberria, Xabier Olarra, Irene Aldasoro, Fernando Morillo, Jon Muñoz, Juan Garzia berriz... Izenak emateak beti dakar arrisku hori: beti ahaztuko zaigu norbait, eta barka diezagula.

Azken 15 urte hauetan haiek aritu dira Euskara Zerbitzuarekin eta esker ona adierazi baino ez zaigu geratzen.Ondo eta fin aritu izanaren ondorio izan da gurekin hainbeste urtean jarraitzea.

Begirale teknikoen lan ezin ordainduzkoa ere ezin ahaztu; haiek guztiak ezin ditugu hemen zerrendatu (ehundik gora lirateke), baina argi utzi nahi genuke haiek gabe ere ez liratekeela liburu hauek ateratzen diren bezala aterako: zuzen, zehatz, egoki, irakurgarri, atsegin… Haien testuekin, euskarazko liburuen kalitatea eta hizkuntza-eredua berme handikoa da. Eskerrik asko guztiei lan diziplinarteko honetan parte hartzeagatik.

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.