euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUko lau irakaslek zuzendutako pelikulak, Donostiako Zinemaldian

Aukeratutako piezak ‘Irrintziaren Oihartzunak', ‘Pelota II', ‘Beti bezperako koplak' eta ‘Hileta' dira, denak Zinemira sailekoak

  • Report

First publication date: 09/09/2016

Donostiako Zinemaldiko Zinemira saileko programazioak bere pelikulen artean barne hartu ditu UPV/EHUko lau irakaslek zuzendutako lau film. Irailaren 16tik 24ra bitartean ospatuko den nazioarteko zinema jaialdiak euskal zinema omentzen du sail honen bidez. Zinemirak luzemetraiak zein Kimuak katalogoan bildutako laburmetraiak emango ditu. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak martxan jarritako programa da eta euskal laburmetraia nabarmenen hedapena du helburu.

Zinemaldiaren 64. edizioko Zinemira sailean emango diren filmak Iratxen Fresnedaren Irrintziaren Oihartzunak, Olatz Gonzalezen Pelota II, Begoña Vicarioren koordinaziopean Ageda Kopla Taldeak egindako Beti bezperako koplak eta Kepa Sojoren Hileta dira. Azken biak Kimuak katalogokoak dira.

Horrez gain, The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala atzera begirako tematikoak Itsasoaren alaba dokumentala berreskuratuko du, UPV/EHUko ikertzaile den Josu Martinezek 2009an zuzendutakoa eta orduko Zinemaldiko Zinemira sailean proiektatutakoa.

Irrintziaren Oihartzunak

Irrintziaren Oihartzunak irailaren 23an estreinatuko da Zinemaldian eta Mirentxu Loyarteren sorkuntza-erbestearen erretratua da. Loyarte 1938an Iruñean jaiotako eta anonimotasunean dirauen Europako zinemako emakumezko aitzindaria da. Film hau topaketa baten kontakizuna da, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa, zinemagile nafarraren memoria eta obra miatzea bilatzen duen begiradatik kontatua. Loyartek zinema zuzendaritza ikasi zuen Frantziako Zinema Kontserbatorioan. Bere lehen laburmetraiak, Irrintzi (1978), Espainiako Zinematografiako Zuzendaritza Orokorreko Sari berezia irabazi zuen eta 1981. urtean Ikuska 12 egin zuen. 80. hamarkadan Euskal Herritik alde egin behar izan zuen zio politikoengatik, baina beti egon da kulturari lotua.

Proiektu honen zuzendaria eta UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko irakaslea den Iratxe Fresnedak azaldu du dokumental hau publikoaren aurrean Donostiako Zinemaldian aurkeztea "Mirentxu Loyarteren lana ikusgarri egitea eta orain arte itzalean egon den emakume sortzaile baten lanari merezi duen lekua ematea" suposatzen duela. "Ilusioz egin dugu lan, gure indarrak proiektuan jarriz, eta honek nolabaiteko esker ona jasotzea ere suposatzen du", gaineratu du. UPV/EHUren laguntza ezinbestekoa izan dela azpimarratu du eta eskertu egiten du "film bat euskaraz egin duen lehenengo emakume zuzendariari buruzko istorioan sinetsi izana".

Pelota II

Pelota II Olatz Gonzalezek Jørgen Leth-ekin batera zuzendutako pelikula da. 2015ean estreinatu zen dokumental honek pilotaren beste ikuspegi bat jorratzen du. Gonzalez antropologoak muturreraino eraman ditu etnografiaren xehetasunak Lethen zineman, sekuentziak ahalik eta gehien luzatuz eta ikuslea jokoaren unibertso intimoan, piloten eta protagonisten banakotasunean barneratuz.

Jørgen Lethek 60ko hamarkadaren amaieran ikusi zuen lehenengoz euskal pilotako partida bat eta 1983an Pelota filmatu zuen, pilotalekuen eta pilotarien munduari buruzko dokumental ospetsua, besteak beste, ZINEBI jaialdian saritua. González, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea dena, 2005ean Pelota Vasca: un ritual, una estética liburua argitaratu zuen eta 2013an, gainera, AIBR Antropologia Iberoamerikarrari buruzko artikulu onenaren I. saria eman zioten Cuerpos desplazados: Género, deporte y protagonismo cultural en la plaza vasca lanagatik. Ikus-entzunezkoak ekoizten ere aritu izan da, 2007an bere aurreneko dokumental luzea ekoitzi zuelarik: Jørgen Leth on Haiti.

Zuzendariak azaldu du dokumental hau berezia dela bi arrazoirengatik. Alde batetik, "protagonismoa objektu bati eman zaio, pilotari, eta pertsonaiak, pilotariak, bere inguruan agertzen dira pilota perfektuaren bila". Bestetik, "pelikula extemporala da eta ez dirudi gaur egungoa denik", beraz, zaila da noiz egin den jakitea. "Bigarren berezitasun honek Pelota II gainontzeko dokumentaletatik ezberdindu egiten du, izan ere, gaur egungo zinema dokumentalean aktibismoa gailentzen da eta argi geratzen da noizkoa den eta zein testuingurutan egin den".

Olatz Gonzalezek oso era positiboan baloratzen du Donostiako Zinemaldian parte hartu ahal izatea, "jaialdi jeneralista garrantzitsuenetarikoa baita". Pelota II Kopenhageko CPH:DOX eta Amsterdameko IDFA zinema dokumentaleko jaialdietan proiektatu izan da, azken hau mundu mailako garrantzitsuenetakoa delarik, baina zinemagileak adierazi du festibal jeneralistek "glamour gehiago dutela eta beraientzat hori berria dela".

Gonzalezentzat topaketa hau oso garrantzitsua da "bertako zein kanpoko publikoa biltzen dituelako". Dokumental honen kasuan, filma bi ikuspuntu ezberdinetatik landuko da: "bertako ikusleek pilota partiduak ematen dituzten kameren atzean zer gertatzen den ezagutuko dute eta, kanpokoek, pilota kirol moduan ezagutuko dute, baita pilotak aukeratzeko sistema ere".

Kimuak katalogorako hautatuak

Begoña Vicariok koordinatutako Beti bezperako koplak eta Kepa Sojoren Hileta izan ziren 2016ko Kimuak katalogoa osatzeko hautaturiko film laburrak, deialdira aurkeztu ziren 63 proposamenen artean, eta Zinemaldian aurkeztuko direnak.

Beti bezperako koplak animazioko laburmetraia da, non Maialen Lujanbiok Euskadi Irratian Agate Deuna bezperan botatako bertso bat interpretatzen den. Bertsoan Lujanbiok emakumeenganako indarkeria salatzen du. Hogei gaztek osatzen duten Ageda Kopla Taldeak sortu du film hau elkarlanean eta Begoña Vicario arduratu da proiektua koordinatzeaz. Zinemagile hauek Vicarioren ikasle edo ikasle izandakoak dira eta bertsoak dituen hamairu estrofetarako animazio bana sortu dute. Horrez gain, estrofen arteko trantsizio eta lotura lana egiten duten irudiak ere sortu dira. Hala, animazio teknika ezberdinak aurki daitezke pelikula honetan. Vicariok adierazi du "polita izan dela taldean lan egitea, sinergia interesgarria sortu baita".

Begoña Vicariok Kimuak egitasmoaren lehen edizioan ere parte hartu zuen Pregunta por mí film laburrarekin, zeinarekin Goya saria irabazi zuen. Handik urtebetera, 1999an, berriro parte hartu zuen Haragia piezarekin. Gaur egun, Vicario UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte eta Teknologia Saileko irakaslea da. Zinemagintza lanetako lehen zatia gustatzen zaio gehien, "proiektua egiten denean", promozioak eta hedapenak ez dute gehiegi emozionatzen, baina aitortzen du Zinemaldian estreinatzeak zirrara eragiten diola. "Ikasle eta jende gaztearentzat oso hunkigarria da jaialdi honetan egotea, gainera, garrantzitsua da kurrikulumerako".

Hileta Kepa Sojoren proposamena da, zeinak lehen aldiz parte hartzen duen Kimuak egitasmoan. Hala ere, Goya sarietarako izendatu zuten Loco con ballesta laburmetraiarekin eta hainbat sari irabazi ditu bere ibilbide zinematografiko oparoan zehar. Hileta 1925ean kokatzen da, Euskal Herriko herri txiki batean, eta Martikorena familiak ospatzen duen Ingeren hileta kontatzen du, bat-batean hil den gazte bat. Lana Carl Theodor Dreyerren 1955eko Ordet filma du oinarri. Sojok lan handia egin du zuzendari honen inguruan eta askotan erabili du Danimarkako pelikula hau bere eskoletan. Hiletan "ekintza Euskal Herrira ekarri du, hondartza mendiarekin ordezkatu du eta luzemetraiatik laburmetraiara pasatu da, baina sinopsia antzekoa da".

Sojo UPV/EHUko Letren Fakultateko Artearen Historia eta Musika Saileko irakaslea da, zinema zuzendari eta gidoigilez gain. "Kimuak katalogoan sartzen zaila da eta zinea egiten 19 urte eman eta gero lortu dut, beraz, niretzako prestigio handia suposatzen du", azaldu du. Gainera, "Zinemaldian egotea handia da".

The Act of Killing

The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala atzera begirako tematikoak zinema onaren bitartez munduan bizi diren indarkeria egoera batzuen analisia egiten laguntzea du helburu, egoera horiek erakusten dituzten filmak eskainiz.

Testuinguru honetan, Zinemaldiak berriz proiektatuko du Josu Martinez UPV/EHUko NOR ikerketa taldeko kideak 2009an zuzenduriko Itsasoaren alaba dokumentala. Bertan Haizeren istorioa kontatzen da, non bere aita eta aitak bizitako garaia deskubrituko dituen, hura ezagutu zutenen testigantzak lotuz. Bada, Haizek bi urte bete baino lehen GALek bere aita hil zuen, Mikel Goikoetxea Txapela errefuxiatua. Hogeita bost urte ondoren, aitaren oroitzapenik izan ez arren, Haize galdezka hasi zen.

Euskal zinemaren gorakada

Donostiako Zinemaldia, dudarik gabe, euskal zinemagileek egindako lanentzako erakusleiho ezin hobea da, Iratxe Fresnedak azaldu duen moduan "ekoizten den guztiarentzako lekurik egon ez arren". Euskal zinema "loraldian dago aspaldi, eduki eta estetikari dagokionez planteamendu izugarri interesgarriak jorratzen ari dira". Fresnedak Koldo Almandozen lana, Laida Lertxundirena, Asier Altunarena, Jose Maria Goenaga eta Jon Garañorena aipatu ditu, besteak beste, eta gaineratu du "baratza badagoela, baina fruituak lortzeko egiturak sendotu behar direla". "Zinema gure jabetza kultural eta industrialaren parte garrantzitsua dela sinetsi beharra dago".

Bestalde, Olatz Gonzalezek uste du orain arte euskal zinemak Espainiako zinemaren dinamikak jarraitu dituela, eta horrek kreatibitatea murriztu duela, "garrantzia eman zaiolako okurrentziari, filmaren ideiari". Gonzalezek uste du inportanteagoa dela "protagonistak eta herraminta zinematografikoa garatzea". Joera hori aldatzen doala gaineratu du, besteak beste, medioak merkatu egin direlako eta euskal zineman agente berriak agertu direlako, hala nola, emakume zinegileak".