euskaraespañol

Non dago nire gela?

  • Kronika

First publication date: 09/09/2016

"Non dago nire gela? Zer egin behar dut?" UPV/EHUko hiru campusetan 8.080 ikasle berri dabiltza, ea galduta; baina ilusioz beteta. Institututik alderatuta guztia oso handia da, oso desberdina, eta horregatik, lehenengo eguna berezia da.

Aste honetan eta datorrenean, UPV/EHUko 20 ikastegietako pasabideek berriro ere entzungo dituzte ikasleen eta irakasleen pausoak eta ahotsak. Eta pausoz pauso, 18 urteko gazteek fakultatea, ikasgelak, biblioteka, kiroldegiak, taberna eta lorategiak ezagutuko dituzte, baita lagun berriak ere.

Unibertsitatera etortzea izugarrizko esperientzia  eta abentura da. Batzuk etxetik hurbil egongo dira. Gasteizen bizi eta Farmazia Fakultatean ikasi; baina beste batzuk herritik kanpo joan beharko dira. Adibidez, Gernikan batxilergoa ikasi zuten eta aurten Leioara etorriko dira, autobusez edo autoz, Geologian jarduteko. Beste abentura bat! Batez ere gidaria berria bada eta lagunekin autoa partekatzen badu. Nola geratu? Non aparkatu?

Kasu hori ez da bakarra. Pentsa ezazue, txikitatik Karrantzan bizi eta oraindik aurrera Donostiara Pedagogian ikastera eta bizitzera joatea. Ze aldaketa! Bi aukera: ikasle egoitza batean ostatu hartzea edo etxebizitzako gela bat alokatzea. Bai bata, bai bestea izugarrizko erronka izango da: bizikideekin antolatzea, arauak jartzea eta, batez ere, bizikidetza ikastea.

Unibertsitateko lehenengo urtean asko dira ikasi behar direnak. Ez da bakarrik ikastea, baizik eta, heltzea. Datorren astelehenean, hilak 12, UPV/EHUko ikasturtea ofizialki hasiko da Bizkaia Aretoan. Iñaki Goirizelaia errektoreak ongi etorria emango die ikasleei. Eta ekainera arte ikasleek hamaika esperientzia izango dituzte.

Bidea hasi berria da. Gutxienez, lau edo bost urte emango dituzte gure artean, edo gehiago masterra edota doktoretza egiten badute. Baina, lehenengo eguna beti izango da gure gogoan.

 

Argazkiak:

Nuria González. UPV/EHU

Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU

Nagore Iraola. UPV/EHU