UNESCO Katedrak, hain zuzen ere, giza baliabideak eta materialak elkartzeko eta gizarteei garatzen laguntzeko unibertsitate eta ikerguneen nazioarteko sare solidarioa dira. Gaur egun, 126 herrialdetako 700 erakundek osatzen dute programa hori. Euskal Herriko Unibertsitateak, kasurako, lau UNESCO Katedra ditu, eta bat egiten dute NBEk 2015eko irailean New Yorken egin zuen 70. Biltzar Nagusian zehazturiko Garapen Iraunkorreko Helburuekin.
UNESCO Katedrak: unibertsitate sare solidarioak
UPV/EHUk lau katedra ditu, paisaiaren, hizkuntzen, garapen iraunkorraren eta hezkuntzaren arlokoak
- Report
First publication date: 15/07/2016
Euskal Herriko Unibertsitateak lau UNESCO Katedra ditu: Leioan, Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzkoa; Bilbon, Munduko Hizkuntza Ondareari buruzkoa; Donostian, Komunikazioari eta Hezkuntza Balioei buruzkoa; eta Gasteizen, Kultur Paisaiei eta Ondareari buruzkoa. Katedra horien funtzio nagusia ezagutzaren ikerkuntza eta hedakuntza soziala da. UPV/EHUko Hedakuntzaren eta Transferentziaren Errektoreordetzarekin lotuta daude, eta lau urtetik behin berritzen dira, UNESCOk ebaluazioa egin ondoren. Ebaluazio horretan aintzat hartzen dira egin diren sentsibilizazio, prestakuntza, ikerketa eta hedapen jarduerak.
"UPV/EHUren katedra hauetan hainbat diziplinatako pertsonek lan egiten dute; elkarrekin, paisaiari, hizkuntzei, garapen iraunkorrari eta hezkuntzari buruzko ezagutza ikertu eta hedatzen dute. Ildo horretatik, esperientziak trukatzeko bidea ematen dute, eta irakasteko modu berriak sortzeko eta munduan aniztasuna sustatzeko pentsamendu guneak dira", adierazi du Amaia Masedak, Hedakuntzaren eta Transferentziaren errektoreordeak.
UPV/EHUren UNESCO Katedrak
Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedra 2004an sortu zen, iraunkortasunaren eta ingurumen hezkuntzaren gaineko ikerkuntza sustatzeko eta sakontzeko xedez. "Ikerketaren arloan esku artean dugun proiekturik aipagarriena ‘Euskadiko Ekosistemen Zerbitzuen Ebaluazioa' da. Alde horretatik, Europako Batasunak MAES txostenean adierazi du garrantzitsua dela Urdaibaiko ekosistemen zerbitzuak kartografiatzea. Gainera, ingurumen ikerketa iraunkorra hezkuntzarekin eta unibertsitate lankidetzarekin uztartzen duten proiektuak sustatzen hasi gara. Era berean, Ingurumena eta Iraunkortasuna master propioa ere eskaintzen dugu", azpimarratu du Miren Onaindia Ekologiako katedradunak eta katedraren koordinatzaileak.
Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra 2007. urteaz geroztik ari da lanean, hala Euskal Herrian nola mundu osoan hizkuntza ondarea zaintze aldera. "Gure lanaren ardatza eleaniztasuna, hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituak dira. Hori dela eta, aurten Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren Euskarriak, Hitzargiak eta Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroa proiektuetan esku hartu dugu. Gainera, hizkuntza gutxituak barne hartzen dituen hezkuntza eleaniztunean ikertu eta aholkatzen dugu, eta, horretarako, euskal esperientzia hartzen dugu oinarri. Horrela, katedra eredugarri bilakatu da hizkuntza gutxituen komunitateentzat; esaterako, Kolonbiako nasa komunitateko nasa-yuwe hizkuntzarentzat", azaldu du Itziar Idiazabalek, Euskal Filologiako katedradunak eta katedraren koordinatzaileak.
Komunikazioa eta Hezkuntza Balioak UNESCO Katedra 2011. urtean sortu zen. Komunikabideek gizarteratzeko duten funtzioa eta hezkuntza balioen prestakuntzarekin eta haurtzaroan zein gaztaroan nortasuna eraikitzearekin duten harremana jorratzeko hausnarketa gune bat da. "Hezkuntzaren arloko profesional garen heinean, ikusi dugu ez dagoela informazio baliabideetan hezkuntza sustatzen duen gaitasunik, ezta hori garatzen duen irakasgai edo programarik ere. Katedran lantzen ditugun proiektuek helburu dute gazteek komunikabideak aztertzeko, ebaluatzeko eta haiekin harremanetan egoteko dituzten gaitasunak areagotzea, batetik, eta pertsona kritikoak eta errealitate komunikatiboa eraldatuko dutenak garatzeko aukera pedagogiko bat ematea, bestetik", esan du María Concepción Medranok, katedraren koordinatzaileak eta Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiako katedradunak.
Azkenik, Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedra 2013an hasi zen. "Gure ustez, paisaia diziplina akademiko ugariren arteko bidegurutzea da, eta orain arte zatituta egon diren ondareak egituratzeko espazioa. Espazio horretan, zeharkako eta diziplinarteko ikuspegiak garatu behar ditugu", adierazi du Agustín Azkarate Arkeologiako katedradunak eta katedraren zuzendariak. Horrela, bada, katedrak askotariko proiektuetan dihardu, bai tokian tokikoetan (LAGen berrikuspena, Punta Begoña, Gesaltza Añana, Ardoaren eta mahastiaren paisaia), bai nazioartekoetan (Ponpeia eta Herkulano, Ternua eta Labrador, Primera Fundación de Buenos Aires, Puerto Gabotoren kokapena Rosarion, Peruko Pisac eta Ancahuasiko kitxua komunitateak, Ribeseko ontziolak eta Uruguaiko Harriagueko bodegak).