euskaraespañol

UPV/EHUko Arboretuma, gozatzeko eta ikasteko parke botanikoa

Zuhaitzak eta landareak ez ezik, urtegia, arrokak, omenaldirako guneak eta artelanak daude espazio berde honetan

  • Report

First publication date: 09/06/2016

UPV/EHUko Arboretum, hain zuzen ere, bisitariek "gozatzeko eta bioaniztasunaz, animaliez eta geologiaz zerbait ikasteko" gune berde bat da, Javier Loidi parkearen zuzendari zientifikoak azaldu duenez. 2008an inauguratu zenez geroztik, parkea herritar guztiei irekita dago, Bizkaiko Campuseko Leioako eremuan. Hezkuntzarako eta aisialdirako parke botanikoa da, eta 3 kilometro bidez lotutako 19 hektarea hartzen ditu. 130 espezietako 1.700 zuhaitz ikus daitezke bertan. Arboretum, baina, ez da hori bakarrik: arrokak, artelanak, omenaldirako guneak eta urtegi bat ere aurki ditzakegu han.

Parkeak Euskal Herriko nahiz kanpoko floraren aleak biltzen ditu. Bisitariek Euskal Herriko basoen bi bertsio aurki ditzakete han: baso bat naturalagoa, eta bestea, berriz, erabiliagoa. Baso naturala gizakiak eskurik hartu gabekoa da: berreskuraturiko eta nahieran hazten utzitako pagadi bat. "Erakutsi nahi da Euskal Herriko basoak nolakoak diren berez, bertan esku hartu gabe", adierazi du Javier Loidik. Beste basoa hariztia da, "basoa tradizioz nola erabili den erakusteko adibidea". Loidik esan duenez, "hemen zuhaitzak kimatzea eta ikaztegiak egitea zen basoa lantzeko modu tradizionala". Adierazi du, gainera, nabaria dela "bi basoen arteko aldea". Kanpoko florari dagokionez, Ipar Amerikako, Hego Hemisferioko, Ekialdeko Asiako eta Mediterraneoko zuhaitzak aurki ditzakegu, eta, horiez gain, fruta arbolen sorta txiki bat ere badago.

Arboretum-en, unibertsitatearekin harreman berezia izan duten pertsonak omendu eta oroitzeko gune eta elementu batzuk daude. Horietako bat da UPV/EHUko Honoris Causa doktoreen pasealekua: Arte Ederren Fakultatearen inguruan dago, eta unibertsitateak izendaturiko pertsona horiek landatutako arbolek osatzen dute. Unibertsitateak Honoris Causa doktorearen titulua ematen die akademiaren edo zientziaren esparruan garrantzitsuak diren eta UPV/EHUrekin harremana duten pertsonei, ekitaldi akademiko solemne baten bidez. Azken urte hauetan, doktore izendatzeko ekitaldiarekin batera, zuhaitza landatzeko ekitaldi sinbolikoa egiten da. Hala, han aurki ditzakegu, besteak beste, Carmen Reinhart eta María Vallet Regí (2013), Joseph E. Stiglitz (2006) eta Manuel Patarroyok (1999) landaturiko zuhaitzak.

Oroigarriak

Bizitzaren basoak ere omen egiten die UPV/EHUrekin lotutako pertsonei, baina guztiz bestelako modu batean. Loidik azaldu duenez, "gorputza zientziari eman zioten pertsonen errautsak biltzeko ‘eskultura-hilerri' moduko bat da". Garaiera handiko hamalau zuhaitz metalikok osatzen dute eskultura; barnean daude emaileen errautsak, eta erdigunean, berriz, ehun urtetik gorako olibondo bat dago, bizitza luzearen adierazgarri. Giza Anatomia eta Enbriologiako katedradun Francisco Doñateren ekimenez jarri zuten oroigarri hori, gorputza emanda medikuntzari hala irakaskuntzan nola ikerkuntzan aurrera eginarazten dioten hainbat eta hainbat pertsonaren eskuzabaltasuna omentzeko.

Euskararen Espirala instalazioa, bestalde, orain 30 urte baino gehiago UPV/EHU euskaraz irakasten hasi zeneko garaiaren oroigarri da, eta euskararen garapena irudikatzen du. Espirala bost kontinenteetako zuhaitzek zedarriztatzen dute, unibertsaltasunaren erakusgarri, eta bilakaeraren arabera daude ordenatuta. "Zuhaitz hauek geografikoki oso mugatuta dauden lekuetakoak dira, euskara bezala", esan du Loidik.

Lertutxe urtegia

Lertutxe urtegia Arboretum-en behealdean dago. Eskurik hartu gabeko urtegia da, eta ahate populazio batzuk finkatuta daude bertan. Bizkaiko Foru Aldundiak behin baino gehiagotan askatu ditu animalia basatiak, inguru hori leheneratze aldera. Indiako uretako loto lorearen aleak ere aurki daitezke han.

Beste instalazio batzuk

Geologiaren, gnomonikaren eta artearen zientziek ere badute lekutxoa Arboretum-en. Bizkaiko ibilbide geologikoa, adibidez, Bizkaiko arroka adierazgarrienen bilduma da, 19 arroka sedimentario eta bolkanikok osatua. Ibilaldiaren hasieran, Bizkaian azaleratzen diren materialik zaharrenak daude: Jurasikoko, Kretazikoko eta Eozenokoak, eta Kuaternariokoak azkenik. Halaber, mundu osoan ezagun diren Gallartako aztarnategietako sideritaren eta burdin oxidoen mineralizazioak ikus daitezke. Kuaternarioko materialak (asko jota 50 urtekoak) Bizkaiko Labe Garaien zaborrak dira, itsasora isuri eta itsas korronteek atzera ekarritakoak.

Gnomonika, bestalde, Heliosziametroa instalazioan dago irudikatuta. "Lurreko orbiten inguruko informazioa ematen duen eguzki erloju erraldoia da". Erlojuaren masta (edo gnomona) funtsezkoa da, puntu zehatza ezartzen baitu espazioan eta denboran, eta puntu horretan difraktatzen dira eguzki izpiak zolagainean; hala, ikusi ahal dugu, besteak beste, ez daudela bi egun berdin urte osoan. Edurne Rivas artistak dekoratu zuen zutoina.

Denok Batera da beste artelanetako bat. Udako ekaitz batek adaburua moztu zion pinu handi bati; zuhaitza erabat hila zela egiaztatu ostean, horrekin eskultura bat osatzeko ideia sortu zen, Arboretum proiektuaren barruan. Iñigo Varonak, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle eta eskultoreak, bere egin zuen egitasmoa, eta enborra bera oinarri duen tailu zuzena lantzea erabaki zuen. Monumentuaren hastapenetik bertatik, obrak kolektibitatea goretsi eta omentzen du, eta helburu bat lortzeko zerbait positibo eta beharrezkotzat jo. Arboretum-en, gainera, erakusketen pabiloi bat eta anfiteatro bat ere badaude.

Etorkizuneko asmoak

Javier Loidik esan du hurrengo urteetarako asmoa dela "oraingo bildumak, baso naturalak eta Lertutxe urtegia garatzea". Bereziki nabarmendu du urtegia; izan ere, haren ustez, "han ere badaude ikasteko zenbait elementu". "Asmoa da uretako landareak jartzea sakonera txikian, eta zurezko pasabide bat ipintzea balaustradarekin, landareok ikusi ahal izateko eta urtegiaren barnealdera iristeko". Bestalde, "Bizkaiko arroken bilduma zabaldu nahi da, Euskal Herriko beste arroka adierazgarri batzuk jaso ditzan".

Loidik poz handia hartuko luke etorkizunean "argazkigintzaren zaleak Arboretum-era etorriko balira argazkiak ateratzera eta naturaz gozatzera". Udazkenean, gainera, iaz bezala, landare azoka antolatuko dute leku horretan.