euskaraespañol

Image of the day

Merkataritza-interesek zientziaren ikusmoldeak moldatzen dituzte

Aitor Anduagak, teknologiak eta industriak zientzian duten eragina aztertu du Oxfordeko Unibertsitateak argitaratutako liburu batean

  • News

First publication date: 22/04/2016

Aitor Anduaga

Gutxik ukatzen dute teknologiak eta industriak eragin handia dutela zientziaren aurrerapenean, eta horrek argi eta garbi erakusten du teknologiaren eta industriaren garapenaren eraginpean dagoela zientzia. Baina oraindik ez da nahiko sakondu eragin hori gauzatzeko modua eta harremana erraztailea ote den ala, aldiz, zientziaren berezkoak diren kontzeptu eta baloreak baldintzatzen dituen. Aitor Anduaga Ikerbasque ikerlari eta UPV/EHUko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoko zuzendariordeak zientziak teknologia eta industriarekin duen harremana aztertu du Oxford University Pressen bidez argitaratu duen ‘Geophysics, Realism, and Industry. How Commercial Interests Shaped Geophysical Conceptions, 1900-1960' liburuan.

"Bere kontzeptu eta metodoak ezagutza huts-garbitzat hartzen duen zientziarik badago, horiek fisika eta zientzia zehatzak dira inolako zalantzarik gabe", adierazi du Anduagak. "Betidanik -jarraitzen du-, zientzien arketipo bezala hartuak izan dira: horien ezagutzak inoiz, edo ia inoiz, ez du ‘kanpoko' faktoreen eragin, modelatze edo eraginik izan". Ezagutza huts-garbia sinbolizatzen du, kutsadura komertzialetik libre dagoena, industria-eskakizunak, lorpen-komertzialak edo gizarte-presioa bezalako faktoreen eraginpean ez dagoena. Hori da, behintzat, literatura zientifikoaren atal handi batek mantentzen duena. Baina errealitatea oso ezberdina da".

‘Geophysics, Realism, and Industry. How Commercial Interests Shaped Geophysical Conceptions, 1900-1960' liburuak industria biren kasuak aurkezten ditu zientziaren ustezko ‘garbitasuna' eztabaidan jartzen dituztenak. Batak, irratiaren industriarekin eta honek Lurraren goi atmosferaren (ionosfera) ikerketarekin izan zuen eraginarekin du zerikusia; eta besteak, petrolio-industriarekin eta lurrazalaren ikerketarekin (lurrazalaren sismologia).

Anduagaren esanetan, "kasu biek dituzte berdinak diren alderdi batzuk". Ikerketa eremu oso ezberdinetakoak diren arren, kasu bietako fisikariek ezaugarri komun bat erakutsi zuten: jarrera errealistak hartu zituzten geruzak eta etenak bezalako entitate teorikoen inguruan. Baina fisikari hauen errealismoa kontzeptuen ingurukoa ez, ez teorien ingurukoa. Izan ere, ez zegoen oinarrituta inolako filosofi doktrinatan, hala nola, ‘errealismo zientifikoan' (errealitate objektibo bat dagoela eta zientziaren eginbeharra errealitate hori deskribatzea eta azaltzea dela dioena) eta ezta ere ‘errealismo operazionala' delakoan (zientzialariek, entitate teorikoen existentzian horiekin ondorioak ateratzeko erabili dezaketenean bakarrik sinesten dutenean). Aitzitik, atzemandako errealismoa jarrera pragmatiko batetik zetorren.

Aitor Anduagaren iritziz, jarrera zientifiko berri bat dago: jatorri sozial eta kulturala duen errealismoa. "Entitateen, eta ez teorien, inguruko errealismo bat dago, interes oso zehatzak dituena: merkataritza eta ingeniaritzaren arloetako interesak. Mota honetako errealismoa ez da esklusiboki operazionala eta ezta zorrozki instrumentala; erro soziokulturalak ditu".

Liburuak azaltzen dituen adibide bietan, arrakasta komertziala helburuen iragarpenaren arabera zegoen. Irrati-komunikaziorako maiztasun maximo erabilgarria edo petrolio-putzuen kokapena bezalako kontuak iragartzea industria horien arrakasta komertzialerako gakoa zen; eta hori, Lurreko eskualde ezagutezinetako irudien erabilerarekin lotuta zegoen. Beraz, jarrera errealista hauek zerikusi handia izan zuten ionosferako eta lurrazaleko irudi erabilgarriak eskaintzearen, helburuak iragartzearen eta helburu komertzialak eskuratzearen beharrizanekin. Uhinen manipulazioa, beraz, ez zen bulkada errealisten jatorria izan.

Egileari buruz

Aitor Anduaga Fisikan doktorea da UPV/EHUtik (2001), Ikerbasqueko irakasle ikerlaria eta UPV/EHUko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoko zuzendariordea. Ikerlari bisitaria izan da Oxford, Sydney, Toronto eta Montrealgo unibertsitateetan, eta baita Berlingo Max Planck Institute for the History of Science-en eta Washingtongo Smithsonian Institution-en ere. Luze eta zabal idatzi du fisikaren historia sozialari, geofisikari eta teknologiari buruz. Oxford University Pressek argitaratutako ‘Wireless & Empire: Geopolitics, radio industry and ionosphere in the British Empire, 1918-1939' (2009) liburuaren egilea ere bada.