euskaraespañol

Image of the day

Artikoko petrolio isuriei aurre egingo die Plentziako Itsas Estazioak

Bederatzi herrialdetako 13 ikerketa erakundek dihardute Europako Batasunaren proiektuan

  • News

First publication date: 22/02/2016

Artikoko itsas eremuko ingurumenean isurketen eraginak ikertuko dituzte

PIE Plentziako Itsas Estazioak, herrialde eskandinaviar eta artikoetako zenbait erakunderekin batera, Artikoan gerta litezkeen petrolio isuriei aurre egiteko metodoak garatzeko nazioarteko ikerketa partzuergo batean dihardu, SYKE Finlandiako Ingurumen Institutuak koordinaturik.

Europako bederatzi herrialdetako 13 ikerketa erakundek bat egin dute Europako Batasunaren proiektu horrekin. Proiekturako, EBk 5,3 milioi euro eman ditu, hiru urte eta erdian isuriei aurre egiteko metodoak garatzeko eta metodo horiek ingurumenean dituzten eraginak aztertzeko.

'Integrated oil spill response actions and environmental effects' izeneko proiekturako diru laguntza Europako Batzordearen Horizon 2020 programari dagokio. Programa horren bidez, hain zuzen ere, Europak funtsak jarri nahi ditu ikerkuntzarako eta berrikuntzarako, 2014-2020 aldirako; helburua da hazkunde ekonomikoa bultzatzea eta lanpostu berriak sortzea Europan, eta Europako enpresen lehiakortasuna hobetzea.

"UPV/EHUko Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian eta Ingurumen arloko Kimika Analitikoa ikertaldeek aztertuko dute ea eskualde artiko eta azpiartikoetako petrolio isuriei aurre egiteko metodoak eraginkorrak diren, eta, halaber, horiek muskuiluetan, krustazeoetan eta bertako arrainetan nolako ingurumen eraginak dituzten ikertuko dute. Artikoko eta Baltikoko itsas eremuetako petrolio isuriei aurre egiteko mugaz haraindiko lankidetzan diharduten nazioarteko erakundeek eskura izango dituzte proiektuaren emaitzak", jakinarazi du Manu Sotok, PiEko zuzendariordeak.

Plentziako Itsas Estazioak parte hartzen duen partzuergoko kide dira Finlandiako Lamor Corporación Ab eta Meritaito Oy enpresak, Suediako SSPA Sweden AB from Sweden enpresa, Groenlandiako Greenland Oil Spill Response erakundea, Norvegiako Norut Narvik berrikuntza institutua eta honako unibertsitate hauek: Danimarkako Aarhus Unibertsitatea, Estoniako Tartu Unibertsitatea eta Tallingo Teknologia Unibertsitatea, Alemaniako RWTH Aachen Unibertsitatea, Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitatea eta Kanadako Manitobako Unibertsitatea.

Plentziako Itsas Estazioa

Plentziako Itsas Estazioa (www.ehu.eus/PIE) UPV/EHUko goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentro bat da. Plentziako sendategi zaharrean dago, eta hala itsas ingurunearen osasuna nola horrek giza osasunean duen eragina ditu aztergai. Zehazkiago, itsas ekosistemen osasunarekin, ingurumen alterazioek giza osasunean dituzten eraginekin eta itsas baliabide biologikoekin loturiko ikerkuntza eta prestakuntza sustatzen ditu. Bi master ematen dira Itsas Estazioan: European MSc in Marine Environment & Resources (MER), UPV/EHUren eta Bordeleko, Southamptoneko eta Liejako unibertsitateen eskutik, eta Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia masterra, horiei dagozkien doktorego programekin batera. Hogei bat zientzialarik eta hogeita hamar bat doktoregaik lan egiten dute zentroan.

Irudiaren egilea: Patrick Kelley -CC BY 2.0