euskaraespañol

Image of the day

Santurtziko San Juan de Dios Ospitalearen historia eta osasun- zein gizarte-ekarpena

Jacinto Bátiz ikertzaile eta medikuaren tesiak 1924tik osasun-erakundeak garatutako lana aztertu du

  • Research

First publication date: 15/02/2016

ezkerretatik eskuinetara; Juan José Zarranz, Jacinto Bátiz, Miren Agurtzane Ortiz, María Castellano, María Jesús Pozas eta Gorka Pérez-Yarza (Marcelo Curto. Docor Comunicacion)

"Tesiak ezgaitasun fisiko edo mentala zuten ume txiroei bideratutako ospitalearen historia, Guda Zibila, gudarostea, Trantsizioa, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun publikoarekin zein pribatuarekin egindako elkarlana eta 1993tik zainketa aringarriei egindako ekarpena aztertzen ditu". Hala baieztatu du Jacinto Bátiz ikertzaileak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak (UPV/EHU) Jacinto Bátiz-en doktore-tesia hartu du. Hura Santurtziko San Juan de Dios Ospitalearen Zainketa sailaren nagusia, Bizkaiko Medikuen Elkargoko Deontologia Batzordearen lehendakaria eta Bilboko Mediku Zientzien Akademiako Zainketa Aringarrien sailaren lehendakaria dugu. "Santurtziko San Juan de Dios Ospitalearen Ekarpen Soziosanitarioak 1924tik 2014ra arte" lelopean, azterketa-epaimahaiak bikain cum laude kalifikazioa eman dio. Tesia UPV/EHUko dekanordeek zuzendu dute, Miren Agurtzane Ortizek eta Gorka Perez-Yarzak eta epaimahaiaren lehendakaria UPV/EHUko Neurologia katedratikoa izan da, Juan Jose Arranz irakaslea alegia.

Hilabete batzuetan doktore-tesia liburu batean argitaratuko da eta bertan Santurtziko San Juan de Dios Ospitalearen 90 urteen historia aztertuko da politikak, zientziak eta gizarteak baldintzatutako epealdiak kontuan izanda. "Ospitalearen historiak bizkaitarren osasunaren barne-historia zehatz-mehatz deskribatzen du, batez ere, Bilboko itsasadarraren Ezkerraldekoena", baieztatu du ikertzaileak.

Lan horrek historia osatzen duten 90 urteak ikertu ditu lau epealdietan banatuta. Lehenengo epealdiak, 1924an hasi zena Ospitalea eraiki ostean, Ezkerraldeari osasun- eta gizarte-azpiegitura ekarri zion "biztanleria artatzeko erabat beharrezkoa zena". Adierazi duen legez, "ospitale horrek osasun- zein gizarte-laguntza eskaini zien Bizkaiko umeei, izan ere, pairatzen zituzten gaixotasunak osatzeko tratamendu zein zainketak egiteari esker, belaunaldi oso batek ez zuen ondorio fisiko ez gizartekorik izan.
"Aguirre Ongintza Fundazioak (FBA) emandako laguntza ekonomikoari, San Juan de Dioseko anaiek gehien behar dutenei laguntzeko karismari, altruismoari eta Bizkaiko medikuen zientziari esker ume horien arazo medikoak konpondu zituzten, baita pairatutako gizarte arazoak ere", aipatu du adituak.

Tesiaren bigarren epealdian, Guda Zibilean zehar Ospitale hori "Odol Ospitalea bihurtu zela" nabarmendu nahi izan da, izan ere, gaixo eta zaurituak sendatzen ziren ideologia kontuan izan gabe. Era berean, gudaren ondorioz zainketa edo tratamenduak behar zituztenei eman zitzaizkiela azaltzen da, baita bertan pertsonak hartu ere.

Ikertzaileak aipatu legez, "ez zuen begirada ez ezkerrera ez eskumara bota, ez batzuei ez besteei, osasun-profesionalen zein Ospitaleko anaien laguntza medikoa behar zituztela baino ez zuelako ikusten". Ospitalea bi alderdiek errespetatu zuen gatazkan zehar.

Hirugarren epealdia gudarostearekin batera hasten da. Ospitaleak instalazioak berrikuntza medikoetara egokitu zituen, baliabideak optimizatzeko "eta Ospitaleko misioa betetzen jarraituz, hau da, behar zutenei laguntza eskainiz". Beraz, "bilakaera ekonomikoak beste baliabide batzuk bilatu behar izatea ekarri zuen (finantzazio-iturriak dibertsifikatzea) bizkaitarren osasun- eta gizarte-laguntza finantzatu ahal izateko, izan ere, bizkaitarrek pertsonen eta zientziaren onurak ekar zitzakeen Ospitalearengan sinisten zuten."

70 eta 80. hamarkaden ostean Ospitalea garapen industriala bizitzen ari zen gizartera egokitu zen. "Osasun-heziketa izateko, gaixoaren eskubideak defendatzeko eta Medikuntza humanizatzeko lan egin zen eta langile-klaseari asistentzia mediko-kirurgikoa bermatu zitzaion". Aldaketak egon arren, ez zen Aguirre Ongintza Fundazioaren (FBA) eta San Juan de Dios Ospitaleko anaien espiritua galdu, eta nahiz-eta baliabide ekonomikorik ez izan, gaixo guztiei laguntza eskaintzen jarraitu zuten.

Laugarren epealdia 1993an hasi zen eta garai hartako lehenengo pausuak "Ospitaleko Medikuntza Aringarriaren Unitatea" deituriko unitatean eman ziren. "Hortik aurrera zentro hau osasun-arretan, arreta-psikosozialean eta espiritualean erreferente bihurtu zen, baita bizitzaren bukaerako doktrina etikoan ere".

Bátiz doktoreak azaldu duen legez, "Ospitale honen helburua gehien behar dutenei laguntzea da, XXI. mendeari egokitutako Medikuntza Aringarriaren bidez, gaixotasun aurreratuak dituzten pazienteak artatzeko". Adituaren ustetan "duela 90 urte Ospitale honen hasiera kudeatzen hasi zirenean motibagarria izan zena, gaur egun ere kontuan hartu dugu eta zentroak ez du ahaztu konponbide medikoak eta sozialak eskaintzen jarraitu behar duela. Era berean, arreta integrala izan behar du eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sanitario eta sozialetan integratuta egon behar du.

Tesiaren bukaeran bosgarren kapitulua daukagu. Bertan, honako hau aipatzen da: berrikuntza zientifikoa "jarraikorra da, ikerketaren emaitzen antzera, eta horrela, praktika klinikoan eraginkortasuna eta efikazia eskaintzen dituen Ospitalea izatea bermatzen da. Gainera, Ospitaleak profesionalen arreta-eskarmentua konpartitzen du eta gizartearen balore etikoak osatzera laguntzen du.  Gaur egun, Medikuntza eta Erizaintza gradu eta graduondoan parte hartzen dugu txandakako praktiken, ikastaroen eta masterren bidez, baita beste diziplina batzuetako prestakuntzan ere."

Bátiz doktoreak honela bukatu du: "hasieratik gaur egun arte, Santurtziko San Juan de Dios Ospitalea erakunde sanitario paregabea izan da, zientzia eta giza-gertutasunetik San Juan de Dios Ospitaleko Ordenaren baloreak transmititu dituena, hau da, hospitalitatea, errespetua, erantzukizuna, kalitatea eta espiritualtasuna.

Egileari buruz

Jacinto Bátiz Cantera (Sestao, Bizkaia, 1948). Doktore Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) honako tesi honekin: "Santurtziko San Juan de Dios Ospitalearen ekarpen soziosanitarioak 1924tik 2014ra". Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa saileko Nagusia 1993tik. Familia medikua. Bilboko Zientzia medikoen Akademiako Zainketa Aringarrien Sailaren Lehendakaria. Gaztelako San Juan de Dios Ospitale-ordenaren Zainketa Aringarrien Unitateen koordinatzailea. Bizkaiko Medikuen Elkargoko Batzorde Deontologikoko Lehendakaria. Espainiako Medikuen Elkargoko Kontseilu Deontologiko Nagusiko Batzorde Nagusiko Komite Iraunkorraren Batzordekidea. OMC-ren "La Atención Médica al Final de la Vida" Lantaldeko Kidea. Irakaslea Humanitate Medikoen Katedran UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Liburu hauen egilea: "Mi vida al final de su vida" eta "Reflexiones desde los Cuidados a enfermos de Alzhéimer". "Reflexiones Opinión Sanitaria 2009" Sari Nazionala jaso zuen "Cuidar con Caricias" artikuluari esker. Begoñazpi ikastolako "Gazte Role Model Saria" jaso zuen 2010ean, bizitza eta heriotzaren arteko trantsizioa esperientzia ez hain traumatikoa izateko gaixoari eta familiari emandako arreta integralagatik.

Argazki oina: ezkerretatik eskuinetara; Juan José Zarranz, Jacinto Bátiz, Miren Agurtzane Ortiz, María Castellano, María Jesús Pozas eta Gorka Pérez-Yarza (Marcelo Curto. Docor Comunicacion)