UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, onartu du ikasturte honetan ere deialdia egitea matrikula ordaintzeko zailtasuna daukaten UPV/EHUko ikasleei bueltatu beharreko laguntzak emateko (Gizarte Funtsa izenez ezaguna). Deialdiaren helburua da ikasketak behin hasita bat-batean sortutako arazo ekonomikoen ondorioz edo denboran zehar dirauten arazoen ondorioz matrikula ordaintzeko arazoak dituzten ikasleei laguntza ematea. Deialdia Eusko Jaurlaritzak 2014/15 ikasturteko beka deialdia ebatzi ondoren argitaratuko da.
Ikasleentzako Gizarte Funtsa berria
UPV/EHUk, hirugarren urtez, Gizarte Funtserako deialdia egin du matrikula ordaintzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzak emateko
- News
First publication date: 04/05/2015
Eskaria egin ahal izango dute UPV/EHUn ondoko titulu ofizialetako ikasketetan matrikula egina daukaten ikasleek, 2014/2015 ikasturtean bekarik edo ikasketetarako laguntzarik eskuratu ez badute: lizentziaturak eta diplomaturak, graduak, diplomaturatik gradura egokitzeko ikasketak eta lanbiderako ahalmena edo orientazioa duten unibertsitate masterrak. Eskaria egitean egiaztatu egin beharko dute ikasturte hasi ondoren bat-batean sortutako arazo ekonomikoen ondorioz edo denboran zehar dirauten arazoen ondorioz matrikula ordaintzeko arazoa dutela. Arazo ekonomikoak denboran dirauela ulertuko da, unibertsitate ikasketak hasi ondoren eta bat-batean sortutako arazo ekonomikoa izanik, egoerak hobera egin ez duenean hurrengo ikasturtean.
Aurtengoa hirugarren deialdia izango da. 2012/13 ikasturtean 32 eskari egin ziren, eta horietako 24 onartu ziren; sortutako zorra 21.829,36 €-koa izan zen; bigarren deialdian, 2013/14 ikasturtekoan, 46 izan ziren eskariak, eta 27 onartu ziren; zorra 25.790,64 €-koa izan zen.
Laguntza hau itzultzeko bi bide daude: 1) dirua itzultzea; 2) laguntzaren %60 dirutan itzultzea eta %40 erakundearen mesedetan egindako lanen bidez. Lan horiek borondatezkoak dira, eta ezin izango dira erabili, inolaz ere, soldatapeko zerbitzuak betetzeko. Gaur onartutako deialdian, erakundearen mesedetan egindako ordu bakoitzeko zorraren 12 € kitatuko dira. 2012/13 ikasturtean Gizarte Funtsaren laguntza eskuratu zutenetatik, 13k dirutan ordaindu zuen zorra, eta 11k, dirutan eta lanen bidez; 2013/14 ikasturtean, berriz, 11k dirutan itzuli zuen eta 16k, dirutan eta lanen bidez.
Aurtengo deialdian aldaketa bat dago. Izan ere, azken mailako ikasleek tarte txikia dutenez erakundearen aldeko lanen bidez itzultzeko dirua, egutegi bat zehaztuko da ahalik eta eperik laburrenean bete ditzaten jarduerak.
Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak, Maite Zelaiak, adierazi duenez, unibertsitateak konpromiso argia dauka gizarte gaiekiko, eta ikaslearen prestakuntza dela unibertsitatearen jardunaren abiapuntua eta helmuga. Horregatik, ezagutza eta kualifikazioetan ez ezik, balioetan ere egin behar dugula aurrera esan du, eta, beraz, unibertsitatearentzat oso positiboa dela funts hau sortu izana eta laguntzak ematen jarraitu ahal izatea. 28 ikaslek ekimen honi esker jarraitu ahal izan dute ikasten unibertsitatean, eta horri esker, zalantzarik gabe, aukera profesional hobeak izango dituzte etorkizunean. Hortaz gain, onuradunen jarrerari buruz, azaldu du arduratsu eta eraginkortasunez jokatu dutela, eta zuzen baliatu direla aukera honetaz. Adierazi du, bestalde, gizarte funts honetako laguntzen bidez ikasle bik aukera izan dutela ikasketak bukatzeko, eta hori oso pozgarri dela UPV/EHUrentzat.