Euskal Herriko Unibertsitatea kalitate oneko Europako bost ikerketa proiektu handitan parte hartzen ari da; zehazki, Marie Skłlodowska-Curie actions (MSCA) proiektuetan. Hainbat alor lantzen ditu; besteak beste, Geofisika, Materialen Fisika, Polimeroen Zientzia eta Teknologia, eta Kimika Aplikatua. Ikerketa horiek, guztira, 8,5 milioi euroko kostua dute, eta Euskal Herriko unibertsitate publikoak proiektu komunitario horietatik hiru zuzenduko ditu. Baliagarriak izango dira I+G+b alor berriak eta aurreratuak zabaltzeko.
UPV/EHUk Europako bost ikerketa proiektu handitan dihardu
Gainera, EBko plan horietatik hiru gidatuko ditu, I+G+b alor berriak eta aurreratuak zabaltzeko
- News
First publication date: 20/03/2015
Marie Skłlodowska-Curie actions direlakoak EBko programa handinahi baten barruan daude; Horizon 2020 du izena, eta 80.000 milioi euro inguru jaso ditu. Programa hori 2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean gauzatzekoa da, eta EBren oinarrizko egitasmoetako bat da; izan ere, helburu du kontinenteko industria lehiakortasuna eta oinarri zientifikoa eta teknologikoa bermatzea, eta ikertzaileentzat, enpresentzat, teknologia zentroentzat eta erakunde publikoentzat dago prestatuta.
Hain zuzen ere, UPV/EHUk elkarlanean dihardu Europako eta Amerikako unibertsitateekin (Bordelekoa, Vienakoa, Stockholmekoa, Texaskoa eta Txilekoa, besteak beste), enpresa multinazionalekin (Basf eta Total, besteak beste) eta teknologia zentroekin (French Institute for Research in Computer Science and Automation –INRIA, frantsesez– eta Barcelona Supercomputing Centre –BSC–, besteak beste).
"Badira urteak UPV/EHUk Europako proiektuetan integratzeko apustu estrategikoa egin zuela. Politika komunitarioen asmoa da lankidetza ikerketa garatzea, hala EBren barruan nola kanpoko kideekin, eta, horrela, ikerketa sareak ezartzea, ezagutzan oinarrituriko ekonomia sustatze aldera. Guk bagenekien hor behar genuela. Guztira 8,5 milioi euroko bost ikerketa proiektu komunitario handitan parte hartzea eta horietatik hiruko buru izatea akuilu da Unibertsitatearentzat, Euskal Herrian zientzia eta ikerketa sustatzeko lanari euts diezaion", azaldu du Fernando Plazaolak, UPV/EHUko Ikerketa Arloko errektoreordeak.
Esan bezala, UPV/EHUk leku ezin hobea hartu du H2020 programaren barruan, eta mugaz haraindiko proiektuetan parte hartuko du, mundu osoko ikerketa bultzatzen duten alor oso desberdinetan; besteak beste, Geofisika, Materialen Fisika, Polimeroen Zientzia eta Teknologia, eta Kimika Aplikatua. "Ikerketaren eta zientziaren aldeko apustua beharrezkoa da teknologiaren garapenerako, ongizate estaturako, enplegurako eta berdintasunerako. UPV/EHUk zientziaren eta teknologiaren motor izan nahi du, eta asmoa du, aurreko esparru programaren aldean, partaidetza areagotzea Horizon 2020ren esparruko Europako proiektuetan", adierazi du Plazaolak.
Hiru proiekturen buru
UPV/EHU I+G+b arloko honako hiru proiektu hauetako buru da: Geophysical Exploration using Advanced Galerkin Methods (Galerkin metodo aurreratuen bidezko esplorazio geofisikoa). Bost erakunde onuradunek parte hartzen dute: UPV/EHUk, BCAM Basque Center for Applied Mathematics zentroak, BSC Barcelona Supercomputing Centre zentroak eta INRIA French Institute for Research in Computer Science and Automation institutuak; horiez gain, petrokimikaren eta energiaren sektoreko Frantziako TOTAL enpresak ere parte hartzen du, bai eta elkartutako 4 unibertsitatek ere (Txileko 3, AEBko 1 eta Saudi Arabiako 1). 3 urterako proiektua da.
Training of Innovative, Creative and Entrepreneurial Researchers in Waterborne Dispersed Polymers (Ikertzaile berritzaileak, sortzaileak eta ekintzaileak trebatzea, uraren bidez transmititutako polimeroen dispertsioaren alorrean). Bi erakunde onuradun daude: UPV/EHU eta BASF kimika enpresa. Proiektu honetarako doktorego aurreko ikerlariak kontratatzen dira, proiektua unibertsitatean zein enpresan bertan gauzatu dezaten. Hiru pertsona kontratatuko dira (denak UPV/EHUn), baina kontratatu guztiek enpresan emango dute denboraren erdia.
Sustainable Organocatalysis and Polymers (Polimeroak eta organokatalisi iraunkorra). Lau erakunde onuradun daude (unibertsitateak denak: bat Erresuma Batukoa, bestea Belgikakoa eta bestea Frantziakoa). Proiektu mota honetarako ere doktorego aurreko ikerlariak kontratatuko dira, baina doktorego tesiaren tutoretza bi unibertsitatek partekatu beharko dute. Denera, kide guztien artetik, 10 ikertzaile kontratatuko dira (horietatik hiru UPV/EHUkoak izango dira), eta bakoitzaren tesiaren tutoretza beste hiru unibertsitate partaideetako batekin partekatuko da.
UPV/EHUk, halaber, beste bi Marie Sklodowska-Curie actions (MSCA) plan komunitariotan dihardu, baina ez ditu zuzentzen: Magnonics, Interactions and Complexitya multifunctional aspects of spin wave dynamics (Magnonika, interakzioak eta konplexutasuna: uhin dinamikoaren biraren alderdi multifuntzionalak) eta Theoretical Chemistry and Computational Modelling (Kimika teorikoa eta Modelizazio Konputazionala). Madrilgo Unibertsitate Autonomoa eta Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitatea dira bi proiektu horietako buru.