Iberoamerikako modernitatearen jaiotza miatzen
Diccionario político y social del mundo iberoamericano lanaren bigarren liburukiak erakusten du Iberoamerika hainbat iraultza esperientziaren abangoardian egon zela
- News
First publication date: 17/03/2015
UPV/EHUko "Historia Intelectual de la Política Moderna. Lenguajes, Conceptos y Discursos" taldeak Diccionario político y social del mundo iberoamericano lanaren bigarren liburukia argitaratu du. Lan horretan hainbat saiakera bildu dira, besteak beste, "Zibilizazioa", "Demokrazia", "Estatua" eta "Subiranotasuna" kontzeptuen inguruan. Halaber, aztertu egin dute nola jaio zen modernitatea, 1770etik 1870era bitartean, Ozeano Atlantikoko bi aldeetan gaztelania eta portugesa darabilten 12 herri eta herrialdetan: Argentina, Brasil, Karibe-Antilla Hispaniarrak, Erdialdeko Amerika, Kolonbia, Txile, Espainia, Mexiko, Peru, Portugal, Uruguai eta Venezuela).
"Nik esango nuke aurrerapauso garrantzitsua dela historia intelektual transnazionalean. Mugarri bat da historia globala eraikitzeko bidean. Ikuspegi historikotik, Iberoamerika aitzindaria da hainbat alderdiri dagokienez. Espainiarrek eta portugaldarrek Amerika konkistatzea eta kolonizatzea egintza aitzindaria izan zen Europa beste kontinente batzuetan hedatzeko, baina egia da, halaber, Iberoamerikako independentziak oso goiz gertatu zirela eta Mundu Berrian oso goiz ezarri zirela erregimen konstituzionalak eta errepublikanoak; zehazki, XIX. mendearen hasieran. Sasoi hartan, antzeko oso esperientzia gutxi zegoen mundu osoan, baita Europan ere", azpimarratu du Javier Fernández Sebastiánek, Euskal Herriko Unibertsitateko Pentsamendu Politikoaren Historiako katedradunak eta hiztegiaren editoreak.
Gauzak horrela, Iberoamerika bi modernitate bolada handien mugimendu politiko garrantzitsuen abangoardian egon zen, XVI. mendean eta XIX. mendean. "Hori adierazten du herrialdean hiztegi politiko modernoak goiz hartu izanak, eta harrigarria da ikustea 1820ko hamarkadan, esate baterako, Europako zenbait egilek (italiarrak, frantsesak, alemanak...) herrikideei gomendatzen zietela Atlantiko Iberikoko iraultza esperientziak emulatu eta eredu har zitzatela", argitu du Fernández Sebastíanek, liburukiaren alma materrak. UPV/EHUk eta Centro de Estudios Políticos y Constitucionales erakundeak, Espainiako Gobernuko Presidentetza Ministerioaren mendekoak, argitaratu dute.
Ehun bat historialari
Amerikako eta Penintsulako hainbat unibertsitatetako eta erakundetako ehundik gora historialarik eta ikertzailek parte hartu dute obra egiteko lanetan; zehazki, UPV/EHUko "Historia intelectual de la Política Moderna" taldearekin aritu dira lankidetzan. Honako hauek osatzen dute talde hori: Fernández Sebastiánek, Iñaki Iriartek, Juan Olabarriak, Pedro José Chacónek, Luis Fernándezek, Pablo Sánchezek, Nere Basabek, Ana Isabel Gonzálezek, Javier Tajadurak eta Kirill Postoutenkok.
Bigarren liburukiak "Zibilizazioa", "Demokrazia", "Estatua", "Independentzia", "Askatasuna", "Ordena", "Partidua", "Aberria", "Iraultza" eta "Subiranotasuna" kontzeptuak aztertzen ditu, besteak beste. Lehenengo liburukian , berriz, honako nozio hauek aztertu ziren: "Amerika", "Herritarra", "Konstituzioa", "Federalismoa", "Historia", "Liberalismoa", "Nazioa", "Iritzi Publikoa", "Herria" eta "Errepublika".
UPV/EHUko ikertalde horren lanak onarpen zabala du nazioartean: hiztegiaren eta beste lan batzuen inguruan egindako goraipamenak ikustea besterik ez dago; izan ere, ekarpena egin dute historia intelektual orokorra lortzeko. Hainbat eskuliburutan eta entziklopediatan ageri dira aipamenok, hala nola Frantziako Encyclopaedia Universalis eta Ipar Amerikako The Encyclopedia of Political Thought lanean.