Gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k Zirgari Sarietako irabazleen izenak ezagutzera eman dituzte.
Mujeres con Ciencia blogak Zirgari Saria jasoko du
Azken hamar urteetan zientziaren arloan emakumeek egindako lana ezagutzera ematen duen bloga da.
- News
First publication date: 26/02/2024
Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren Mujeres con Ciencia blogak Berdintasunaren aldeko proiektuagatik jaso du 2024ko Zirgari Saria.
Mujeres con Ciencia Marta Macho-Stadler UPV/EHUko irakasle eta Matematiketan doktoreak koordinatutako proiektua da. Aurten hamar urte betetzen dituen bloga da eta, denbora tarte horretan, artikulu bana eta zenbait efemeride argitaratu ditu egunero, etenik gabe. Horretaz gain, hainbat elkarrizketa, emakumeak zientzian egindako ekarpenarekin lotutako erreferentziak eta ekimenen inguruko informazioa eskaini du. Lan horrek ahalbidetu du emakume zientzialarien lana azpimarratzea, estereotipoen kontra egitea eta zientziaren jardunean ereduak eskaintzea.
Proiektuaren berezitasunen artean azpimarratu behar da lehena dela unibertsitate-hedapeneko unitate batek sortua eta ez, ohikoagoa den moduan, berdintasun unitate batetik.
Azken hamar urteetan Mujeres con Ciencia blogak 3.500 artikulu eta 1.500 efemeride baino gehiago argitaratu ditu. Guztira, 5.000 pieza informatibo baino gehiago argitaratu dira emakumeek zientzian egindako ekarpena agerian uzteko helburuarekin.
2023ra arte ia 11.870.000 pertsona sartu dira blogera eta ia 25.830.000 orrialde baino gehiago kontsumitu dituzte. Kopuru horiek erakusten dute Mujeres con Ciencia hazkunde jarraia izan duen erreferentziazko proiektua dela. Horren guztiaren ondorioz, Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuak interes zientifikoa duen weba bezala sailkatu du blogaren edukien zehaztasun eta kalitateagatik.
Mujeres con Ciencia Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren proiektua da. Horretaz gain, zientzia-dibulgaziorako Zientzia Kaiera, Cuaderno de Cultura Científica eta Mapping Ignorance proiektuak ditu martxan Katedrak.