euskaraespañol

Mendiko artzaintzaren onura sozioekologikoak

UPV/EHUko diziplinarteko ikerketa batek abeltzaintza-sistema horretarako eredu jasangarriak planteatzen ditu

  • Research

First publication date: 22/11/2022

Arantza Aldezabal, Luis Javier Rodríguez Barrón eta Eneko Garmendia
Arantza Aldezabal, Luis Javier Rodríguez Barrón eta Eneko Garmendia | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Mendiko artzaintzak, kalitatezko produktuekin batera, onura sozioekologikoak dakarzkio gizarteari. Hori da UPV/EHU buru duen ikerketa-proiektu baten ondorioetako bat. Horrez gainera, mendiko artzaintzari buruz sor daitezkeen gatazkak kudeatzeko eta interes desberdinak bateratzeko diziplinarteko metodologia partizipatibo bat proposatzen du.

SOSTEPASTO proiektuak (Mendiko artzaintza: elikagai tradizionalen kalitatea eta trazabilitatea, biodibertsitatea, sistema aldaketa globalera egokitzea eta landa-garapena) erakutsi du mendiko artzaintza-sistemek onura sozioekologiko ugari ekar diezazkioketela gizarteari. Hauek dira diziplinarteko lan horretako parte-hartzaileak: Luis Javier Rodríguez Barrón, Lactiker ikerketa-taldeko kidea,  Arantza Aldezabal, FisioClimaCO2 taldekoa, eta Eneko Garmendia, UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua saileko irakaslea eta ekopol ikerketa-taldeko kidea.

Ikertzaileek azaldu dutenez, ikuspegi ekologikotik, mendiko artzaintza-sistemak lagungarriak izan daitezke larreen biodibertsitatea eta nutrizio-kalitate handia mantentzeko eta lurzoruaren CO2-fluxua murrizteko. “Ikerketak erakutsi du kalitate handiko elikagai osasungarriak ekoitz daitezkeela mendiko larreetan bazkatzen diren artaldeekin. Esate baterako, ezaugarri sentsorial bereizgarriak aurkitu dira artalde horien esnearekin egindako gaztan, eta, horretaz gainera, gantz-azidoen profil osasungarriagoa eta konposatu antioxidatzaile osasungarri gehiago ere identifikatu dira”.

Bestalde, ikuspegi sozioekonomikotik, azterketak erakusten du mendiko artzaintzako sistemek lanpostuak eta diru-sarrerak sor ditzaketela bestelako aukera ekonomiko gutxi dituzten landa-eremuetan, eta, hala, abeltzaintza-sistema hori ez litzatekeela egongo dirulaguntzen hain mende. “Azterlanak erakusten du ezen, mendekotasun hori gutxitzeko eta diru-sarrera duinak bermatzeko, oso garrantzitsua dela artzainak balio-kate osoaren jabe izatea”, adierazi dute. Bildutako datuek erakusten dutenez, Idiazabal gazta ekoizten duten artzainek errentagarritasun eta enplegu-maila handiagoa lortzen dute esnea industriari saltzen diotenek baino. Beraz, gazta egiten duten artzainen dirulaguntzekiko mendekotasuna askoz txikiagoa da beste abeltzain batzuena baino.

Bestalde, mendiko artzaintzaren bideragarritasun ekonomikoa dela eta, ikerketak adierazten du mendiko herri-larreak erabakigarriak direla sistema horiek bizirauteko. “Herri-larreek, ardiek behar duten bazkaren ehuneko handi bat emateaz gain, aukera ematen dute Nekazaritza Politika Bateratuaren bidez kudeatutako laguntza ekonomiko ugari jasotzeko, onura ekologiko ugari sortzen dituztelako, besteak beste. Onura ekologiko horiek bermatzeko, ezinbestekoa da kudeaketa-eredu jasangarriak eta lan-baldintza duinak uztartzea”, zehaztu dute ikertzaileek.

Ez da erraza kudeaketa-eredu jasangarriak bultzatzea. Mendiko larreak sistema multifuntzionalak dira, eta interes desberdinen arteko gatazkak gertatzen dira maiz. Ikerketa-proiektu honen xede nagusietako bat izan da aztertzea zein den diziplinarteko lankidetzaren ekarpena eredu jasangarriagoak lortzeko prozesuan. “Azterketaren proposamen metodologiko integratzaileak erakusten du modu gardenean identifikatu eta azter daitezkeela kudeaketa-eredu desberdinen onurak eta kalteak. Elementu horiek, eta interes-talde desberdinen partaidetza, ezinbestekoak dira eredu jasangarriagoak bultzatzeko eta mendiko artzaintzaren gaur egungo erronkei erantzuteko”, ondorioztatu dute.

Informazio osagarria

SOSTEPASTO proiektua (mendiko artzaintza: elikagai tradizionalen kalitatea eta trazabilitatea, biodibertsitatea, sistema aldaketa globalera egokitzea eta landa-garapena) Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko, Landareen Biologia eta Ekologia saileko eta Ekonomia Aplikatua saileko ikertzaileek parte hartu dute lanean, BC3 Basque Centre for Climate Change-ko eta Bartzelonako UAB Unibertsitate Autonomoko ikertzaileekin batera.

Bibliographic reference