euskaraespañol

“Ohean bertan” zelula-dentsitate handiagoarekin bioinprimatzea, medikuntza birsortzailearen etorkizuna

UPV/EHUko ikertzaile Gorka Orivek artikulu bat argitaratu du Science aldizkarian, zelula-terapia birsortzailea hobetzeko ideiak proposatzen dituena

  • Research

First publication date: 12/11/2024

Gorka Orive UPV/EHUko NanoBioCel taldeko ikertzailea da. | Photo: UPV/EHU.

Gorka Orive Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel taldeko ikertzaileak ehun-birsorkuntzaren arloan 3D bioinprimaketak dituen potentziala, mugak eta erronkak aztertu ditu artikulu kolaboratibo batean. Ikertzaileek uste dute beharrezkoa dela inprimatzean lortzen den zelula-dentsitate txikiaren arazoa gainditzea, ehun bakoitzari dagozkion ezaugarriak ematea eta biofabrikazio hori zuzenean “ohean bertan” aplikatzea.

Medikuntza birsortzaileak pazienteari injektatzen, mentatzen edo ezartzen zaizkion zelulak erabiltzen ditu lortu nahi den efektu terapeutiko bat gauzatzeko; adibidez, zauri traumatikoak sendatzeko. Hala ere, badira funtsezko zenbait erronka arrakasta lortzeko, hala nola zelula terapeutikoak helmugara eraginkortasunez iritsaraztea biziraupena eta funtzionaltasuna txikiagotu gabe, eta ehunean integratzea. Medikuntza-mota horretan zelula-terapiaren potentziala erabat aprobetxatzeko, garrantzitsua da 3D inprimaketaren tekniken bidez kalitate handiko zelula-produktuak ekoizteko tresna hobeak erabiltzea, egokitzea edo garatzea.

NanoBioCel taldeko ikertzaile Gorka Orivek artikulu bat argitaratu du Science aldizkari entzutetsuan, Harvard Unibertsitateko eta Danimarkako Unibertsitate Teknikoko biomaterialen eta bioinprimaketaren arloko zenbait zientzialari entzutetsurekin elkarlanean. Yu Shrike Zhang-ekin (Harvard Unibertsitatea) eta Alireza Dolatshahi-Pirouz-ekin (DTU) lankidetza estua du, eta haiekin izandako zenbait elkarrizketa azaldu dizkigu Orivek: “geure buruari galdetzen genion nola eraman litekeen teknologia hori goragoko maila batera (teknologia hori oso ezaguna da esparru honetan, eta nahikoa literatura dago hari buruz), nola ezar litezkeen aplikazio hobeak medikuntza birsortzailearen arloan”. Ildo horretan, artikuluak, teknologia horrek zer potentzial duen eta zer muga eta erronka dituen azaldu ondoren, zenbait ideia proposatu zituen errendimendu hobea lortzeko.

Ikertzaileek ondorioztatu dute zelula-dentsitatearekin lotuta dagoela gainditu beharreko erronka garrantzitsuenetako bat: “Zelula-egiturak inprimaketa aditiboaren bidez fabrikatzen direnean, baxua izaten jarraitzen du inprimatutako materialaren kantitateko zelula-kargak. Eta hori, zalantzarik gabe, arazo bat da, organismoak ez baitu horrela funtzionatzen. Gure gorputzak zelula-dentsitate askoz handiagoa du. Zelula-kontzentrazio hori teknologia horiekin artifizialki handiaraztea, oraindik ere, teknologia honek aurre egin behar dion erronka bat da, ehunetan duen aplikagarritasuna askoz hobeto egokitu ahal izateko”, adierazi du Orivek.

Aipatzen duten aurrerapen horretarako funtsezko beste alderdi bat birsortu nahi den ehunaren ezaugarriekin lotuta dago. Ikertzaileak azaldu duenez, “muskulu-ehunak eta gibel-ehunak, adibidez, ez dituzte ez ezaugarri berak, ez funtzionaltasun berak; areago, zelula- eta ehun-forma bera ere ez dute. Hori dela eta, bioinprimaketa-prozesua ez da ez berdina, ez baliokidea”. Ikertzailearen iritziz, “aurrerapen handia izango litzateke hiru dimentsioko inprimatze-teknologiak ehun-mota bakoitzera egokitzeko aukera ematea lortuko bagenu”.

Bestalde, ikertzaileek adierazi dutenez, “klinikara gehiago hurbildu behar da bioinprimaketa. Ez litzateke laborategietan geratu behar. Aitzitik, garrantzitsua da gehiago hurbiltzea aplikatze klinikora; hau da, zuzenean, in situ edo “ohean bertan”, birsortu ahal izatea pazienteak ukituak dituen ehunak”.

Oriveren iritziz, “erronka ikaragarria bada ere, oso onuragarria izango da, zalantzarik gabe, etorkizunean aurrerapen horiek guztiak inplementatzea errazten duen guztia. Zaila da; baina zelula amak aplikatzea ere zaila izan zen, adibidez, eta gaur egun esparru jakin batzuetan erabiltzen dira klinikan, ehunak birsortzeko, gaixotasun kroniko batzuk tratatzeko eta abarretarako”. Ikertzaileak dioenez, “zientziak urratsak egiten ditu; lortu nahi dugunarekin amets egin ezean, nekez lortzen dugu”. Dena den, “horrek ez du esan nahi bihar errealitate bihurtuko denik guk sinatu dugun hori, baina bai, behintzat, Science aldizkariaren eta ebaluazio zientifikoa egin duten beste aditu batzuen ustez ikuspegi interesgarria izan daitekeela arlorako”. Aurrerapen horien guztien abiapuntua oinarrizko ikerketa da. Oriveren esanean, “teknologia hori klinikan aplikatzearekin amets egitearen ahalegina da abiapuntua. Oinarrizko ikerketan ondo funtsatutako ikerketa-proiektu sendoak garatu behar dira diziplina anitzeko taldeetan”.

Bibliographic reference