euskaraespañol

image of the day

UPV/EHUko Medikuntzako graduko ikasleek laugarren postua lortu dute BAME azterketako posturik onenen zerrendan

2023ko BAEE azterketen emaitzen arabera, gutxieneko nota gainditu duten hautagaien ehuneko handiena dutenen artean hirugarrena da UPV/EHU

  • News

First publication date: 14/06/2023

Zenbait Medikuntzako ikasle praktikak egiten.

UPV/EHUko Medikuntzako graduko ikasleak laugarren lekuan daude 2023ko BAME azterketan posturik onenak lortu dituztenen zerrendan, Espainiako, Europar Batasuneko eta Batasunetik kanpoko 40 unibertsitateren artean, Osasun Ministerioak argitaratutako txostenaren arabera. Azkeneko BAME probara (2023) aurkeztu ziren UPV/EHUko gradudunen % 51,3 emaitza global onenen kuartilean kokatu dira, hau da, “talde indartsu” deritzonaren barruan (73. pertzentila). Horrez gain, UPV/EHUtik aurkeztutakoen % 8,4 soilik kokatzen dira “talde ahulean” (27. pertzentila) edo kalifikazio baxuenen kuartilean. Edizio honetako emaitzak pasa den urtekoak baino are hobeak izan dira, UPV/EHU lau postu gorago kokatu baita.

Guztira 11.578 ikasle aurkeztu ziren BAME probara (onartutako eskaeren % 91); horietatik % 93k gutxieneko nota gainditu zuten, eta % 78ri plaza bat esleitu zitzaien. UPV/EHUren kasuan datuak hobeak izan ziren: onartutako ikasleen ehunekoa (% 96) estatuko batezbestekoa baino altuagoa izan zen eta aurkeztutakoen % 100ek (308 ikaslek) gainditu zuten gutxieneko nota; horietatik 279 hautagairi esleitu zitzaien plaza bat (aurkeztutakoen % 90,6).

Ministerioaren puntuazio ordenari buruzko zifretatik haratago, kalifikazioen azterketa xehe batek erakusten du Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea gainerako unibertsitateak baino leku hobean dagoela. Horrela, 2023ko BAME azterketara aurkeztutako guztien kalifikazioa 100etik 70,8 puntukoa da (mediana); UPV/EHUko ikasleen kalifikazioa, aldiz, 85,3 puntukoa da (mediana); hau da, 14,5 puntu gehiago.

Emaitza on horiek 2020ko BAME azterketan lortutako gehienekoa gainditzen dute, 7 gradudun lehenengo ehunen artean kokatu baitziren. Aurtengo edizioan, 100 puntuazio onenen artean UPV/EHUko hamar ikasle izatera iritsi dira.

Erizaintza BAEE azterketaren gailurrean

Erizaintzako ikasleek 2022/2023ko BAEE azterketan izan dituzten emaitzei dagokienez, esan beharra dago horiek ere gure unibertsitatea podiumera eraman dutela, eta UPV/EHU Espainiako unibertsitateen artean hirugarren geratu da, gainditu dutenen emaitza onenei dagokienez: aurkeztutako ikasleen % 98k gutxieneko nota gainditu zuten. BAEE azterketa estatu mailako hautapen azterketa bat da, eta egoiliar izango diren barne erizainen ezagutzak eta gaitasunak ebaluatzen ditu. Urtero milaka ikaslek egiten dute azterketa desafiatzaile hori, Erizaintzako prestakuntza espezializatuko programetan plaza bat lortzeko.

Joseba Pinedok, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak, berriz ere bikaintzat jo ditu emaitza horiek, zeinak berretsi egiten duten unibertsitate publiko honek duen konpromisoa, bai bikaintasun akademikoarekin bai gizartearen osasun arretan adituak diren profesionalak prestatzearekin.