euskaraespañol

Image of the day

Miren Agurtzane Ortiz Jauregi

Medikuen eta pazienteen arteko komunikazioa hobetzearen erronka

Medikuntza Fakultateko Psikiatriako irakaslea eta ‘Arreta Integrala Zainketa Aringarrietan’ unibertsitate masterreko zuzendari akademikoa

  • Cathedra

First publication date: 19/06/2023

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

- Kaixo, doktore.

- Esadazu zer behar duzun.

- Zer behar duzun.

Txiste txarra dirudi, baina errealitatea da... Sarritan egoten dira gaizki ulertuak kontsultan. Baina zenbateraino eragiten dute pazienteen arretan eta tratamenduetan?

Pazienteen eta medikuen arteko harremana bien arteko komunikazioan oinarritzen da. Gaixoak gertatzen zaiona azalduko du, erantzunak eta bere gaitzerako sendabide posible bat lortzen saiatzeko. Informazio horrekin, medikuak diagnostiko bat egingo du eta, bien artean, tratamendua adostuko dute, eskura dauden baliabideen arabera. Horregatik da hain garrantzitsua biek ala biek elkar ulertzea.

Komunikaziorako oinarrizko gida

Jarraian, komunikazio onaren oinarrian dauden faktoreak azalduko ditugu labur-labur.

1. Oztoporik ohikoenetako bat hizkuntza edo jargoi bera ez jakitea da. Garrantzitsua da medikuak bere hizkuntza egokitzea pazienteak uler dezan.

Minnesotako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateak duela gutxi egin duen ikerketa baten arabera, askotan disonantzia bat gertatzen da medikuek diotenaren eta pazienteek ulertzen dutenaren artean, baita lehenengoek termino oso teknikoak erabiltzen ez dituztenean ere. Hala, inkestatuen % 21ek uste zuten “zure tumorea garatzen ari da” esaldia albiste ona zela, eta soilik % 67k interpretatu zuten nodulu linfatikoetan positibo ematea emaitza txarra zela.

Gainera, kontuan hartu behar dugu elkarrizketa zein hizkuntzatan izaten den. Hizkuntzak ñabardurak ditu eta, horiek ezagutzen ez baditugu, gaizki-ulertuak egon daitezke eta diagnostiko bat egitea zailagoa izan daiteke.

Bestalde, gogoan hartu behar dugu komunikazio eraginkorra lortzeko, azalpen argi eta zehatzak emateaz gain, besteak ulertu dituela egiaztatu behar dugula. Oso ohikoa da, adibidez, sendagaiak “otorduetan” hartzeko agintzea, zehaztu gabe jan aurretik, bitartean edo ondoren hartu behar dituzten.

2. Beste oztopo komunikatibo bat entzutea izan daiteke, zeinak aktiboa izan behar duen. Entzute aktibo eta terapeutiko horretarako enpatiarako gaitasuna behar da, besteak beste bestearen iritzi eta ideiekiko errespetuzko jarrera, aurreiritzirik eza, ondo ulertu dela ziurtatzeko galderak egitea...

Dena dela, Jacques Lacan (1901-1981) psikoanalista frantsesak honakoa zioen: “Zuk jakin dezakezu zer esan zenuen, baina inoiz ez besteak zer entzun zuen”, errealitatearen pertzepzioan pertsona bakoitzaren subjektibotasuna aditzera emanez.

3. Komunikazio prozesuaren zati oso handi bat hitzik gabeko hizkuntzan oinarritzen da. Batzuetan, hitzezko hizkuntzaren kontrakoa ere esan dezake. Gure begiek, aurpegiak, gorputzak eta ahots tonuak gertatzen zaiguna islatzen dute, sentitzen duguna, ezkutatzen zaila den egiazko modu batean. Begiradek hitz egiten dute, begi ninien tamaina handitu edo txikitu egiten baita komunikazioak eta emozioek sortzen duten interesaren arabera.

4. Afektu erakusteak agerian jartzen du medikuaren hurbiltasuna eta prestasuna. Irribarreak edo agurrak komunikazioa eta hurbilketa errazagoak izan daitezen laguntzen dute. Emozioen adierazpen hori bakoitzaren nortasunaren, hitzezko (eta idatzizko) hizkuntzaren aberastasunaren eta emozioak hautemateko eta erakusteko gaitasunen araberakoa da. Adimen emozionalaz ari gara, alfabetatze emozionalaz, gure emozioak modu eraginkorrean ezagutu eta bideratzeaz azken finean.

Alderdi horrek garrantzi berezia du albiste txarrak komunikatzeko orduan. Berri txar horiek jasotzen dituenarengan sortzen duten inpaktua eta medikuak transmititzeko duen zailtasuna leundu egin daitezke nolabait, une horretan azaleratzen diren emozioak adieraztearen bidez: negarra erraztea, modu atsegin eta sinplean eskatutako azalpenak ematea, babesa eta prestasuna eskaintzea...

5. Eta isiltasuna? Isiltasunak gogoeta, zigorra, axolagabekeria, larritasuna, bakea, laguntza, gozamena, beharra edo ulermena transmititu ditzake. Gaixotasunean laguntzea, askotan, hitzik gabekoa izaten da: eskutik heltzea, laztantzea edo, besterik gabe, pertsonaren ondoan egotea, gure prestasuna erakutsiz.

6. Inguruneak eta giroak ere kontuan hartu beharreko alderdiak dira medikuaren eta gaixoaren arteko komunikazio onerako. Beraz, egokiagoa da berri txar bat ematea giro intimoan, pertsonek beren emozioak askatasunez adierazteko aukera izan dezaten.

Konfiantzazko harremana

Azken batean, medikuaren eta pazientearen arteko komunikazio onak konfiantzazko harremana sortuko du bien artean, eta horrek tratamenduarekiko atxikimendu handiagoa eta bilakaera kliniko hobea ekarriko ditu. Gaixoen zein osasun profesionalen gogobetetzeak probak errepikatzearekin eta tratamenduak ez betetzearekin lotutako kostuak murrizten ditu.

Etorkizuneko osasun profesionalen ikasketetan, komunikazioa oinarrizko konpetentzietako bat da; modu transbertsalean jorratzen da, eta berariazko irakasgai batzuetan dago. Adibidez, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako graduko hirugarren ikasturtean “Etika Medikoa, Komunikazioa eta Harreman Klinikoa” irakasgaia ematen dute.

Ez da, beraz, sortzetiko trebetasun bat; ikasi egin daiteke. Osasun zerbitzuen gogobetetze inkestetan, alderdi komunikatiboekin lotutako kexak agertu ohi dituzte gaixoek. Beraz, trebetasun horiek hobetu daitezkeenez, eskuratu eta hobetu egin behar dira.

Nork esan du erraza denik? Komunikazioan oinarritutako pertsonen arteko harremanek etengabeko lana, prestakuntza, trebetasunen kudeaketa eta ikaskuntza eskatzen dituzte. Horrela bakarrik lortuko dugu esan nahi duguna gure solaskideak hauteman dezakeenera gehiago hurbiltzea.

The Conversation