euskaraespañol

Zainketa Intentsiboetako Erizaintzako eskuliburu praktikoa

UPV/EHUk diziplina sanitario horretako praktiketako ikaslearentzako gida azkar bat argitaratu du

  • News

First publication date: 08/10/2020

Sendoa Ballesteros Peña (ezkerrean) eta Gorka Vallejo de la Hoz (eskuinean)

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Manual Práctico de Enfermería de Cuidados Intensivos: Guía rápida para estudiantes de Enfermería en prácticas (Zainketa Intentsiboetako Erizaintzako eskuliburu praktikoa: Erizaintzako praktiketako ikaslearentzako gida azkarra) liburua argitaratu du. Graduko ikasketak eta praktikak zainketa kritikoen unitateetan edo bizkortzeko zerbitzuetan egiten dituzten erizaintzako ikasleentzat da liburu hori; halaber, baliagarria ere izango da zerbitzu horietan edo antzeko beste batzuetan jardunean hasten diren erizaintzako langileentzat.

Ikasle horiek egin beharreko praktika klinikoetan dituzten beharrei erantzuteko egin dute liburua, espezializazio handiko ospitaleko unitateetan txandaka jarduten baitute, hala nola urgentzietako zerbitzuetan eta zainketa intentsiboen unitateetan. Egileek oso ongi dakite zer garrantzitsu den ospitaleko zerbitzu berezi horietako egonaldiez ahalik eta gehien baliatzea, baita horietako batzuk zer konplexu diren ere, horregatik eskuliburu bat idatzi dute informazio teknikoa eta ezagutza praktikoak barnean hartuta, etorkizuneko erizainen eta unitate berri batean sartu berri diren profesional tituludunen lehen pausoak orientatzeko. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) aurretik argitaratutako beste eskuliburu batzuen ondareari jarraituta, hala nola Botikak bide parenteraletik emateko gida praktikoa, Manual de farmacología práctica (Farmakologia praktikoaren eskuliburua) eta Erizaintza kirurgikoko eskuliburu praktikoa, Manual práctico de Enfermería de Cuidados Intensivos (Zainketa Intentsiboetako Erizaintzako eskuliburu praktikoa) gehituko da Erizaintzako Graduko practicuma behar bezala egiteko eskaintzen dugun baliabide zorrora.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Gorka Vallejo, Irrintzi Fernández eta Sendoa Ballesteros irakasleek koordinatu dute Zainketa Intentsiboetako Eskuliburua, eta zainketa kritikoetako zerbitzuetan eskarmentu handia duten profesionalekin aritu dira lankidetzan horretarako. Paziente kritikoen prozedura, terapia intentsibo eta zainketa nagusiak ikuspuntu praktikotik eta erraz-erraz daude azalduta liburuan. Gainera, Silvia Sánchezen (@Creative_Nurse) infografiak daude liburuan, eta modu grafiko eta bisual batez ilustratzen dituzte haren kapitulu asko.

Pilar Sánchez Rubiok (Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintzako zuzendaria) hitzaurrean azaltzen duen bezala, egileetako bakoitzaren ametsa da liburua, eta bilakaera zientifiko eta teknikoa eta jarraikitasun eta ahaleginez eskuratutako ezagutza, eskura dauden azken ebidentzietan oinarritua, biltzen ditu. Bertan jasota daude paziente kritikoaren eremuen kudeaketaren eguneratzeak, dispositiboak, pazientearen aireztapen mekaniko bidezko zainketa, bihotz gutxiegitasuna, erredurak, gorputzez kanpoko mintz bidezko hemoiragazketa eta oxigenazio beharrak, besteak beste.

2020ko maiatzetik aurrera salgai, oso harrera ona izan du; hain zuzen ere, 1. tokian dago Amazoneko salmenta zerrendetan, zenbait kategoriatan.

Egileak: 

Gorka Vallejo De la Hoz doktorea 

Erizaina. Neurologia eta Digestio Aparatuko Zerbitzua. Galdakao-Usansoloko Ospitalea (Osakidetza). 

Irakasle elkartua. Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea. Erizaintzako Atala. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU). 

Irrintzi Fernández Aedo doktorea 

Erizaina eta farmazialaria. Irakasle atxikia eta Kanpoko Praktiketako eta Erizaintzako dekanordea. Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea. Erizaintzako Atala. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU). 

Sendoa Ballesteros Peña doktorea 

Erizaina. Erizaintzako Irakaskuntza, Ikerkuntza eta Berrikuntzako gainbegiralea. Bilbo-Basurtuko Erakunde Sanitario Integratua (Osakidetza). 

Irakasle elkartua. Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea. Erizaintzako Atala. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU).