euskaraespañol

Malkoen lipidoak aztertu dituzte, begi lehorra tratatzeko kolirio pertsonalizatuak garatzeko

GOBE taldeak martxan jarri du ikerketa klinikoa ere lau ospitaletan gaitzaren mota ezberdinak dituzten pazienteekin

  • Research

First publication date: 16/06/2022

Paziente bakoitzaren begi lehor motaren arabera egokitutako tratamendu pertsonalizatuak garatzeko lanean ari da GOBE ikerketa-taldea. | Photo: Fernando Gómez

UPV/EHUko GOBE taldearen ikerketa batean, alderatu egin dituzte malkoen profil lipidomikoa eta pazientearen beraren plasmatik lortutako kolirioena (asko erabiltzen baitira oftalmologiako tratamendu gisa), begi lehorraren sindromea duten pazienteak tratatzeko terapia berrietan aurrera egiteko helburuarekin. Lurruntzea eragozten duten bi lipido daude malkoan, kolirio biologikoetan ageri ez direnak.

Malkoak egitura eta konposizio konplexuak ditu; begiaren gainazala heze eta lubrifikatua mantentzen dute, patogenoetatik babesten dute, zauriak orbaintzen laguntzen dute eta begi-gardentasun optimoa eragiten dute. Malko-geruzak lipido-geruza bat du, begiaren ur-geruzaren eta kanpoko airearen arteko interfaze gisa jarduten duena. Lipido-geruza horrek, batetik, lipido polarrez osatutako geruza mehe bat du, begiaren geruza mukoakuosoarekin elkarrekintzan aritzen dena eta ainguratzeko balio duena, eta, bestetik, polarrak ez diren (urarekin elkarrekintzarik ez duten) lipidoz osatutako geruza lodiago bat, airearekiko interfazean.

“Begi lehorrak prebalentzia handia du biztanlerian, batez ere 40-50 urtetik gorako emakumeetan. Patologia hori ez da larria, baina gogaikarria da egunerokoan —azaldu du Ikerbasque ikertzaile Arantxa Acerak—. Begi lehorraren ohiko tratamenduetan malkoaren ordezkoak erabiltzen dira, besteak beste, hemoderibatuen kolirioak: horietako bat hazkuntza-faktoreetan aberastutako plasma-kolirioa da, eta pazientearen beraren odoletik lortzen da (hau da, kolirio autologoak dira). Prozesu astun samarra izan daitekeen arren, benetan ez da terapia garestia, berria eta ezezaguna baizik”. Ildo horretatik, UPV/EHUko Oftalmo-Biologia Esperimentaleko Taldeak (GOBE) ikerketa bat egin du, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren funtsak baliatuz (RETOS-MINECO), kolirio-mota horien konposizioa hobeto ezagutzeko eta “tratamendu pertsonalizatuak ezartzeko pazientearen begi lehor motaren arabera (ur urriko begi lehorra, lurrunkorra edo mistoa)”, erantsi du Acerak. Horretarako, kolirioan zer motatako lipidoak zeuden aztertu zuten, eta malkoan aurkitzen diren lipidoekin alderatu zituzten.

“Jakin nahi izan dugu kolirio-mota horrek konposizio egokia duen medikuntza pertsonalizatuago bat lortzeko; agian, kolirio biologikoan lipidoren bat falta bada, helburua izan liteke kolirioa lipido horrekin aberastea”, azaldu du Acerak. Ikerketak erakutsi duenez, “kolirio autologoaren eta malkoaren lipido-konposizioa berez ez da berdina. Plasman lipido asko daude; baina, malko-geruzan, bi lipido anfipatiko oso garrantzitsu daude, malkoaren zati apolarra eta zati akuosoa lotzen dituztenak, eta horiek ez daude plasman”.

Ikerketa klinikoa eskala handian

Testuinguru horretan, zentro asko biltzen dituen ikerketa bat jarri du martxan GOBE ikerketa-taldeak, Basurtuko Ospitalearekin, Donostia Ospitalearekin, Oftalmologiako Institutu Kliniko Kirurgikoarekin (ICQO) eta Zaragozako Miguel Servet Ospitalearekin batera, “begi lehor mota desberdinak dituzten pazienteen malkoaren profil lipidikoa analizatzeko, eta, hala, jakiteko paziente horien zer lipidotan dagoen alterazioa eta zer terapia izan daitekeen egokiena kasu bakoitzean”, azaldu du Ikerbasque ikertzaileak. Bestalde, plasma aberastu bidezko saiakuntza kliniko bat sustatu du Donostia Ospitaleak begi lehor sekundarioa duten pazienteekin; izan ere, halako kolirioak “osasun-sistema publikotik kanpo geratzen dira”, eta, ikertzaileak azpimarratu duenez, garrantzitsua da “ikertzen jarraitzea sistema publikoan horrelako tratamenduak sartzera iristeko” eta “paziente bakoitzaren begi lehorraren arabera egokitutako tratamendu pertsonalizatuen garapenean aurrera egiteko”.

Bibliographic reference