EHU-ekinean PODCASTaren edizio honetan Lurdes Ondaro Mallea kosmologian ikertzailea ezagutuko dugu. Hemen, Campusan, fokuetatik kanpo geratzen diren ikertzaileei egindako elkarrizketaren audioa eta idatzizko laburpena kaleratzen ditugu hilean behin.
FISIKAN ETA KOSMOLOGIAN IKERLARIA
Lurdes Ondaro Mallea: «Unibertso txikiak egiten ditugu, ea antzik duten benetakoarekin»
- Interview
First publication date: 12/12/2024
EHU-ekinean, 2. Denboraldiko 10. Podcasta: Lurdes Ondaro Mallea.
Lurdes Ondaro Mallea fisikaria da, eta kosmologia konputazionalean ikertzen du. Aitortu duenez, ordea, txikitan ez zen zerura begira egoten zen horietakoa. Gerora sortu zitzaion irrika: “La1ko dokumentalak ikustea gustatzen zitzaidan, espaziokoak, kuantikakoak… Gehiago jakiteko gogoa piztu zidaten, eta, horretako, banekien ikasi egin beharko nuela, eta probatzea erabaki nuen”.
Jakin-min horrek bultzatuta hasi zen fisika ikasten, eta, kosmologiara ere zoriz iritsi zen: “Kasualitatez izan zen, bizitzan gertatzen diren gauza ia denak bezala. Karrera amaitu nuenean, uda bat Donostiako ikerketa zentro batean. Donostia International Physics Centerren karrerarekin lotura duten gauzak egin daitezke, eta han hiru hilabeteko lana egin nuen, kosmologian. Eta gustatu, eta horretan segitu dut”.
Ondaroren esanean, ezagunagoa da astrofisika kosmologia baino. Hala, bien arteko aldea azaldu du: “Astrofisikan, astroei, zeruko objektuei begiratzen zaie, izarrei, zulo beltzei, galaxiei edo dena delakoari. Kosmologian, unibertsoa bere osotasunean ikertzen da: unibertsoaren sorrera, bere eboluzioa, bere gaur egungo egitura zelakoa den… Betiko galdera handiak, nondik gatozen eta zeintzuk diren fisikaren arauak eta horrelako gauzak. Horri erantzuteko, ordenagailuan, unibertso txikiak egiten ditugu (simulazioak), eta egiten ditugu probak, ea antzik duten benetako unibertsoarekin”.
Bestalde, arlo zientifikoen artean maskulinizatutakoena fisika bada ere, Ondaro zorteduna izan da eta bere ikerketa taldean gizon haina emakume dago. Hala ere, badaki kosmologian orokorrean zenbakiak ez direla parekoak. Argitu du alde handia dagoela adinaren arabera: adinean eta botere postuetan gora egin ahala, gizonen ehunekoa handiagoa da; gazteen artean, ordea, ehuneko handi bat emakumeak dira. “Kopuruetan diferentzia dagoen arren, azken urteetan aktiboki egin den lanari esker, gero eta txikiagoa da aldea, eta astrofisikan are txikiagoa, beste esparru batzuekin alderatuta”.
Gazi-gozoak eta bertsoak
Justu elkarrizketaren unean Parisen dago, kongresu batean, eta, kongresu gaztea denez, emakume asko daude. Kongresuak, oro har, nekagarriak ere izan daitezkeen arren, gustura dago. Bestelakoan, asko gustatzen zaio ikertzea; galdera berriak egitea eta kideekin eztabaidatzea, elkarrekin proiektu berriak asmatzea… Badu alde txarra ere, ordea: “Orokorrean, ez zait gustatzen sistema nola dagoen eraikita. Alde batetik, oso ezegonkorra da. Eta bestaldetik, lehia handia da eta interes handiak daudehorretan, eta artikuluak argitaratu beharra… Baina, bueno, hori kenduta, oso lan interesgarria da”.
Ondaro bertsolaria ere bada, eta, bertso-jarduerak ikerketan zerbaitetan laguntzen ote dio galdetuta, ezezkoan dagoela erantzun du: “Sorkuntzaren aldetik, behintzat, niri gauza bereiziak iruditzen zaizkit. Izatekotan, hitzaldiak emateko eta jendaurrean agertzeko, lagundu dezake lasaiago egoten. Baina beste ezertarako, ez dut uste”. Hori izan da azken puntua, kongresuko zereginetara itzuli aurretik.
Ikertzaileari buruz
Lurdes Ondaro Mallea Munitibarren jaio zen, 1997an. Fisikako gradua egin ondoren (EHU), egonaldi bat egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean (UB). Donostia International Physics Center-eko (DIPC) Kosmologia taldearekin udako praktikak eginda, urte oso bateko lankidetza izan zuen, eta hurrengo ikasturtean, Fisika Teorikoa masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Astrofisika eta Kosmosaren Fisika espezialitatean. Gaur egun, doktoretza aurreko ikertzaile gisa ari da lanean DIPCn, kosmologia konputazionalaren esparruan.
EHU-ekinean ataleko podcasta Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordetzaren ekimena da.
Artikulu hau lehendabizi Zientzia Kaiera webgunean argitaratu da.
Testuaren egilea: Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia (CC-BY-SA-3.0).