euskaraespañol

image of the day

Luis Vega, Ikerketa Sari Nazionala 2021

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak UPV/EHUko katedradunak Matematika eta Informazioaren eta Komunikazioaren eta Teknologien arloan egindako lana aitortu du

  • News

First publication date: 23/11/2021

Luis Vega. Argazkia: BCAM

Euskal Herriko Unibertsitateko Matematika Saileko katedradun eta Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroko (BCAM) Analysis of Partial Differential Equations saileko koordinatzaile eta Severo Ochoa akreditazioaren ikertzaile nagusiak jaso du Julio Rey Pastor Sari Nazionala, Informazioaren eta Komunikazioaren Matematika eta Teknologien arloan.

Sariak 1982an sortu ziren, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak sustatuta, nazioartean garrantzi handia duen lan profesional nabarmena egiten ari diren ikertzaile espainiarren merezimendua aitortzea dute helburu. “Izan ere, aparteko ekarpena egiten dute zientziaren aurrerapenean, gizakiaren ezagutzan eta bizikidetzan, teknologiaren transferentzian eta gizateriaren aurrerabidean”.

Julio Rey Pastor Sari Nazionaleko epaimahaiak Luis Vegaren "ikerketa-lanaren bikaintasuna eta horrek ekuazio diferentzial sakabanatzaileetarako analisi harmonikoaren azterketan izan dituen aplikazioak" nabarmendu ditu, "Arlo horretan eragin zientifiko oso berezia izan baitute. Era berean, epaimahaiak hautagaiaren nazioarteko proiekzioa nabarmendu du eta, azken finean, bere lan zientifikoak Matematiken arlo teorikoan zein praktikoan egindako ekarpena.

“Poz handia eta estimulu handia da. Nire lankideekin eta ikasleekin partekatutako ahalegineko urte asko dira, eta oso ondo sarituta daude. 1993an UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean sartu nintzen, Matematika Sailaren hargarritasunari esker. Erakunde horren eta, ondoren, BCAM Eusko Jaurlaritzaren BERC programako ikerketa-zentroaren laguntza etengabea izan da. Babes hori gabe, eta nire familia-ingurunearen funtsezko laguntzarik gabe, arrakasta hori ezinezkoa izango zen. Eskerrik asko guztioi”, adierazi du Luis Vegak.

Luis Vega Gonzalez (Madril, 1960) Analisi Matematikoko katedraduna da gaur egun UPV/EHUn. 1982an matematikatan lizentziatu zen Complutense Unibertsitatean, eta 1988an doktoretza lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM). Chicagoko Unibertsitatean bi urte eman ondoren UAMera itzuli zen, eta 1993az geroztik dago Euskal Herriko Unibertsitatean, non 1995etik den katedradun.

Ibilbide luzea

Egun, BCAMeko (Basque Center for Applied Mathematics) Severo Ochoa akreditazioaren ikertzaile nagusia da Luis Vega. Mundu guztian da ezaguna deribatu partzialen ekuazioei buruzko lanengatik, baita Fourier-en analisien ingurukoengatik ere. Halaber, 2012ko Euskadi Ikerketa Saria ere bada, eta 2015ean EURASC-European Academy of Sciences akademiak ematen duen Blaise Pascal domina jaso zuen. Sari honek aitortu egiten du zientziari eta teknologiari egindako ekarpen pertsonal bikaina, eta ikerketaren eta hezkuntzaren bikaintasuna sustatu izana.

Bere ibilbide luzean, Vegak hainbat aldiz jaso du bere ikerketa-lanagatik saria: 2012an Euskadi Ikerketa saria eta American Mathematical Society (Inagural Class) elkartearen fellow saria jaso zituen, eta 2015ean Blaise Pascal domina matematikan.

Gainera, Europako Ikerketa Kontseiluak finantzatutako HADE (Harmonic Analysis and Diferential Equations: New challenges) proiektuaren buru da.