UPV/EHUk desagertutako ugaztun paleoteridoen (edo sasizaldien) paleodietari buruz egindako ikerlan batean, Eozeno amaierako animalia haien elikadura-estrategiari eta inguruneari buruzko informazioa aurkitu dute. Plagiolophus-a oso perisodaktilo selektiboa izan zen eta hostotza gogorrez elikatzen zen.
Eozenoko ungulatuak oso selektiboak ziren jatekoan
- Research
First publication date: 10/05/2022
Euskal Herriko Unibertsitateko Ornodunen Paleontologia ikerketa-taldeak, Leire Perales-Gogenola buru duela, Europako Plagiolophus paleoteridoaren paleodietan oinarritutako ikerketa bat egin du, Poitierseko Unibertsitateko Gildas Merceron doktorearekin lankidetzan. Erdi Eozenoaren eta Oligozeno hasieraren artean (41 eta 29 milioi urte bitartean) Europaren mendebaldean bizi izan ziren perisodaktilo ekuoideoak dira, eta Eozenotik Oligozenorako trantsizioan izan zen klima- eta biologia-krisian desagertu ziren. Gaur egun, ugaztun hipomorfoen (edo ekuoideoen) multzoan genero bakar bat dago (Equus), eta zaldi-, asto- eta zebra-espezie gutxi batzuk baino ez; Eozenoan (56 eta 34 milioi urte bitartean), ordea, askoz ere ugariagoa zen hipomorfoen aniztasuna, zeinak gaur egungo zaldien antzekoak baitziren.
Ikerketaren emaitzak Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology nazioarteko aldizkarian argitaratu dira (Science Citation Index-en barnean dago). Eozenoko ugaztunen paleodietari buruz eta periodo haren amaierako klima- eta biologia-krisiari buruz argitaratu den lanik osatuenetako bat da.
Paleodieta aztertzeko, hiru proxi edo adierazle paleoekologiko edo paleoklimatiko aztertu dira: hipsodontzia edo hortzetako koroaren altuera erlatiboa eta hortzen (esmaltearen) higadura, bai mesohigadura bai mikrohigadura. Mikrohigaduraren kasuan, DMTA (Dental Microwear Textural Analysis) aztertu da Poitierseko Unibertsitatean. Ikerketa paleoekologiko horren helburuak hauek izan dira: Plagiolophus paleoteridoak bere bizitzan eta epe laburrean zer paleodieta izan duen argitzea, eta ikertzea ea espezieen elikadura-estrategietan aldaketarik izan ote zen, Erdi Eozenoaren amaieran hasi eta Eozeno-Oligozeno trantsizioan amaitu zen hozte klimatikoarekin lotuta.
Emaitzei esker, Europan Eozenoan bizi izan zen ungulatu ugarienetako baten dieta zein zen jakin ahal izan da. Plagiolophus-a perisodaktilo oso selektiboa izan zen; hostotza gogorrez elikatzen zen (monokotiledoneoen edo dikotiledoneoen hostoak), eta material lignifikatuak (hala nola sustraiak edo zuhaitzen azala) edo gogorrak saihesten zituen. Emaitzen arabera, espezieen dietak ez du loturarik kokapen geografikoarekin (adibidez, Gaztela, Katalunia, Akitania edo Proventza) eta kronologiarekin (Eozenoa edo Oligozenoa). Urtaroen araberako aldaketarik ere ez da aurkitu, eta horrek esan nahi du haien dieta berdina zela, bai udan, bai neguan. Litekeena da dieta selektibo hori funtsezkoa izatea Eozeno-Oligozeno trantsizioan bizirik irauteko, duela 34 milioi urte.
Gaur egun, UPV/EHUko Ornodunen Paleontologiako taldea, Poitierseko Unibertsitateko PALEVOPRIM laborategiarekin lankidetzan, beste paleoterido-genero batzuen paleodieta ikertzen ari da, Eozeno-Oligozeno trantsizioko aldaketa paleoklimatikoaren erantzun biologikoa aztertzeko helburuarekin. Leire Perales-Gogenolaren doktore-tesiaren proiektuaren barruan kokatzen da ikerketa hau; horrez gainera, Europan Eozenoan zeuden beste paleoterido-espezie eta -genero batzuk ikertzea eta deskribatzea ere badu helburu. Perales-Gogenolaren doktore-tesiaren testuinguruan, Leptolophus paleoteridoaren bi espezie berri deskribatu dira. Halaber, paleoterido-genero berri baten deskribapena prestatzen ari dira, non bi espezie berri baitaude. Eskualde iberiarraren mendebaldeko paleoterido endemikoak dira.
Bibliographic reference
- The evolutionary ecology of the endemic European Eocene Plagiolophus (Mammalia: Perissodactyla)
- Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology, 594 (2022) 110962
- DOI: 10.1016/j.palaeo.2022.110962