euskaraespañol

Ibon Cancio

Ozeanoak beren egunean

Biologia Zelularreko irakaslea (PiE) eta EMBRC-Espainiako zuzendaria

  • Cathedra

First publication date: 08/06/2023

Ibon Cancio, Biologia Zelularreko irakaslea (PiE) eta EMBRC-Espainiako zuzendaria
Ibon Cancio, Biologia Zelularreko irakaslea (PiE) eta EMBRC-Espainiako zuzendaria | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU.

“Call me Ishmael. Some years ago —never mind how long precisely— having little or no money in my purse, and nothing particular to interest me on shore, I thought I would sail about a little and see the watery part of the world”.

Abentura gutxik harrapatu dute gure irudimena Moby Dick (1851) balea handiaren aurkako borrokan Ahab kapitainak “infernuetara jaitsiz” bizi duen istorioak baino gehiago. Herman Melville benetako ontzi bati gertaturikoan oinarritu zen egokitzapen libre bat eginez bere liburu ezaguna idazteko: Nantucketeko ‘Essex’ baleontziaren historia erreala, zeina 1820an hondoratu baitzen Ozeano Barean kaxalote zuri handi baten erasopean. Gauza bera gertatzen da Nemo kapitainarekin eta haren itsaspeko bidaiarekin. Verneren liburua (1869) irakur daiteke ozeanoen bioaniztasunaren deskribapen taxonomiko gisa, eta ohore egiten die garai hartako zientzialari handiei; hala nola Henri Milne-Edwards frantziarrari, lehen aldiz saiatu zena finantzaketa lortzen itsas ikerketarako estazioak sortzeko Frantziako kostaldean. Nemok, gizartetik eta lehorretik urrutiratua, ozeanoak esploratzen ditu, Vernek bere “20.000 legoako bidaia itsaspetik” idatzi zituenean oraindik ezagutzen ez zen teknologia erabilita. XIX. mendean ere, lehenengo itsas esplorazio zientifiko handiak egin ziren, ‘Rattlesnake’, ‘Challenger’ edo ‘Beagle’ itsasontzietan, besteak beste. Geroago, Mendebaldea hainbat esplorazio ontziren desagerpenaren lekuko izan zen: ‘Terror’ eta ‘Erebus’, ‘Porquoi Pas?’ edo ‘Endurance’. Hori baino gauza liluragarriagorik! Denboran hurbilago, nork ez zituen jarraitu telebistaz emandako Cousteau kapitainaren eta haren ‘Calipso’ ontziaren, edota David Attenborough zientzialariaren esplorazioak gure planeta urdinean barrena? Zer dute ozeanoek, bai itsas zabalean bai kostaldean, ikertzea eta zaintzea merezi izateko? Zer behar dute gugandik? Eskura dugu jada ozeanoak zaintzeko teknologia?

Ozeanoen aldeko eguna

Nazio Batuen Erakundeak (NBE), haren Batzar Nagusiak erabakita, egunak, asteak, urteak eta hamarkadak eskaintzen dizkie gai espezifikoei, erakundearen eta estatu kideen helburuak sustatzeko, ekintzaren eta kontzientziazioaren bidez. Ekainaren 8a Ozeanoen Munduko Eguna da, duela hiru urtetik Ozeanoen Hamarkadaren barruan ospatzen duguna. Bi egun lehenago (ekainak 5) Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzen da. Egun guztiek 24 ordu dituzte… Bioaniztasunaren Eguna, Giza Eskubideen Eguna, Emakumearen Eguna, Bizikletaren Eguna (ekainak 3), Dantzaren Eguna (urtarrilak 4)… Egun horiek denek aukera ematen digute ospakizuna, aldarrikapena eta kontzientziazioa uztartzeko NBEren lehentasunezko helburuen inguruan.

Ozeanoen Munduko Egunak gogoratzen digu ozeanoek gure egunerokoan duten eragina, gure planetaren brankia gisa, CO2-aren hustubide gisa, elikagai, botika eta baliabide iturri gisa, biosferaren santutegi nagusi gisa eta etengabeko inspirazio iturri gisa. Munduko egun honen xedea da homo sapiens-ak itsasoan duen inpaktuari buruzko informazioa zabaltzea, ozeanoak babestearen aldeko mugimendu bat bultzatzea eta herritarrak batzea gure itsasoen kudeaketa jasangarrirako proiektu baten inguruan. 2023. urterako hautatu den leloa hauxe da: "Planeta ozeanikoa: korronteak aldatzen ari dira".

Mundu akademikotik eta zientifikotik, tresna bakar baina ahaltsu bat dugu itsas baliabideen erabilera jasangarria sustatzeko, planeta ozeaniko honen osasuna babestuta. Tresna hori ezagutza da. Urte asko ikertzen aritu ondoren eskuratu duguna, eta oraindik eskura dezakeguna eta eskuratu behar duguna. Itsasoak dituen desafioei erreparatuta, ekainaren 8koa bezalako ospakizunen helburua da (ez)ezagutza hori partekatzea eta itsasoak babesteko beharrari buruz kontzientziatzea. Zeintzuk dira desafio horiek?

10 desafiotarako ekintza zientifikoak

2021eko urtarrilaz geroztik, “Garapen Jasangarrirako Zientzia Ozeanikoen NBEren hamarkada (2021-2030)” egitasmoak -hots, Ozeanoen Hamarkada- “itun-kutxa” moduko bat eskaintzen digu itsas ikerketarekiko munduko konpromisoa sendotzeko. Kolektiboki lerrokatuta erronka komun batzuen inguruko ikerketa, inbertsioak eta politikak, helburua da Hamarkadak ekarpena egitea ozeanoen osasunari, bizi iturri izaten jarrai dezaten. Ozeanoaren Hamarkadak, “Nahi dugun ozeanorako behar dugun zientzia” ikuspegian oinarrituta, 10 desafio zehaztu ditu, baterako ekintza eta in situ ikerketa lana behar dituztenak, gizarte, ingurumen eta klima baldintza aldakorretan.

  1. Itsas kutsadura ulertzea eta garaitzea.
  2. Ekosistemak eta bioaniztasuna babestea eta lehengoratzea.
  3. Modu jasangarrian elikatzea munduko biztanleria.
  4. Ekonomia ozeaniko jasangarri eta ekitatibo bat garatzea.
  5. Ozeanoetan oinarritutako klima aldaketarako irtenbideak desblokeatzea.
  6. Komunitateek arrisku ozeanikoekiko duten erresistentzia areagotzea.
  7. Ozeanoak behatzeko munduko sistema zabaltzea.
  8. Ozeanoaren irudikapen digital bat sortzea.
  9. Trebetasunak, ezagutzak eta teknologia denontzat.
  10. Gizadiaren eta ozeanoaren arteko harremana aldatzea.

Itsasontzi bat dator ni ikustera!

Irailaren 11tik urriaren 18ra, jarduera kolaboratibo bat egingo da UPV/EHUn, Ozeanoen Egunaren desafio eta helburuekin lerrokatuta. TREC espedizioa da, goi-mailako egitasmo zientifikoa, herritarrak kontzientziatzeko xedea ere duena, Biologia Molekularreko Europako Laborategiak (EMBL) koordinatua. Egitasmo horren partaide dira Tara Oceans eta EMBRC-ERIC (PiE-UPV/EHU Plentziako Itsas Estazioa azken horren kide da). Espedizioa apirilean jarri zen abian eta 2024ko ekainean amaituko da.

TREC espedizioak uztartuko ditu, alde batetik, Tara goletan ikerketa zientifikorako eginiko esplorazio ozeanikoa eta, bestetik, Europako itsasertzetako zoru, sedimentu eta sakonera txikiko uren laginketa, bai eta habitatetan hautatutako organismo-ereduena ere. Horretarako, lehorreko zerbitzu mugikorren eta PiE-UPV/EHU bezalako itsas ikerketako azpiegituren laguntza izango du. 22 herrialde bisitatu eta 42 geldialdi egingo ditu. Guztira, 120 laginketa puntu izango ditu lur-itsas trantsizioan, Tara ontziak itsasoan eginiko laginketez gainera. Zortzi geldialdi hautatu dira gune nagusi gisa, laginketa intentsibo bat egin eta herritarren zientzia garatzeko. Plentzia-Bilbo izango da “super-gune” horietako bat, bi jarduerak uztartuko dituena. 50 urtean lehen aldiz, EMBLek bere herrialde kideak bisitatuko ditu, eta Plentzia izango da penintsulan barrena egingo duen ibilbidearen lehen geldialdia. Aldiz, Tara ontziak Bizkaiko Golkoan amaituko ditu bere laginketa lanak, Bilboko Itsasmuseumaren parean amarratuta (urriak 11-18).

Aztertuko da bioaniztasun birikoa, bakterianoa eta protistoena, bai eta algen eta animalien talde multizelularrena ere. Hainbat ekosistemaren genomaren sekuentziazio metodologien bidez eginiko analisiak, mikroskopia aurreratuko azterlanekin konbinatuta, aukera emango du aurrekaririk gabeko informazioa lortzeko, datu molekularrak eta morfologikoak lotuta ekosistema, organismo eta zelula mailan. Arreta berezia jarriko da metabolitoen eta konposatu bioaktiboen detekzioan, bai eta lagindutako habitaten karakterizazio fisikokimikoan ere, eta horrek guztiak ingurumen testuinguru bat ezarriko dio identifikatuko den bioaniztasunari eta haren egokitzapen ezaugarrien analisiari. Bizi mikroskopiko eta makroskopikoko ingurumen gradienteen eta gradiente antropikoen bidez integratutako deskribapen horri esker, Europako itsasertzetako ekosistemen lehen errolda paneuroparra osatuko da.

TREC espedizioaren helburu nagusietako bat da Europako itsasertzetako ekosistemak aztertzea, nola erreakzionatzen duten maila molekularrean inguru aldakorretan. Mekanismo ekosistemiko horiek eta haien mutazioak ulertuta, diagnostiko goiztiarreko tresnak garatu ahal izango ditugu, bai eta soluzioak ere, etorkizunak ekar ditzakeen aldaketa kaltegarriak leheneratzeko.

TREC espedizioak EMBLren Laborategi Mugikorraren laguntza izango du, eta laginak prozesatzeko eta metadatuak eskuratzeko behar den tresneria. Laborategi horrek abangoardiako teknologia ekarriko du Plentziara, UPV/EHUko zientzialariekin elkarlanean aritzeko. Gainera, TRECen helburua da herrialdetik herrialdera egingo duen bidean herritarren arreta piztea, gure planetaren osasunari loturiko ingurumen arazoan inguruan, eta agerian uztea biologiaren ahalmena gure gizarteen erronka globalei aurre egiteko, ingurune lehortar eta itsastarren arteko konektibitatea nabarmenduta.   Herritarrei begira prestatutako jardueren artean daude jolasetan oinarritutako tailerrak, stand bat, hitzaldi zientifikoak eta bisita gidatuak laborategi mugikorrera, Tara ontzira eta PiE-UPV/EHU estaziora.

Itsasoko ur ml bakoitzak ditu 10 milioi partikula biriko, 1 milioi bakterio eta arkeo, eta 1.000 onddo, mikroalga eta protozoo, lehian espazioagatik eta elikagaiengatik, erlazio estuan, euren artean, euren inguruarekin eta baita gurekin ere. Ondo funtzionatzen duen ozeano bat komunitate mikrobiano askotariko eta ugarien mende dago. Mikrobio horiek, bai planktonikoek bai bentikoek, mantenugaiak ematen dituzte, hondakinak ezabatzen dituzte, ura garbitzen dute, ingeniari kimikoak dira eta itsasoko elikagai sarea ehuntzen dute. Gainera, industrian eta medikuntzan aplikazioa duten biomolekula berriak sortzeko balio duen informazio genetikoaren oinarrian dagoen genoma dira.

Esplorazio egitasmo puntualak osatzeko, beharrezkoak dira itsas bioaniztasunaren aldizkako behatokiak; hala nola EMBRCren EMO-BON sarea (Hamarkadak babestutako ekintza). EMO-BON sareak bi hilean behingo laginketak egiteko 16 puntu ditu, eta Getxo da horietako bat, PiE-UPV/EHUko zientzialarien ardurapean. Duela gutxi, Plentziako badian kokatutako “One-Health” HOBE behatokia gehitu dio PiE-UPV/EHUk sare horri. Jarduera hauen bidez, datu baseak elikatu eta espezieen banaketa atlas bat sortu ahal izango da, lagungarri izango dena ikerketa sendotzeko gurea bezalako planeta aldakor batean.   

Herritarren kontzientziazioa indartzeko egitasmoak, hala nola Ozeanoen Eguna edo Hamarkada, eta TREC eta EMO-BON jarduera zientifikoak, baliagarriak dira Planeta Urdina beste modu batean ikusteko, ukitzeko, usaintzeko eta sentitzeko. “Balea” asko dago hor kanpoan, zuriak eta erraldoiak zertan izan ez dutenak, eta barkaezina litzateke horiek ez ezagutzea eta, are gutxiago, galtzea. Ez gaitezen izan Ahab bezalakoak, izan zaitez Ismael!