euskaraespañol

Emakumeei maizago diagnostikatzen zaie depresioa eta antsietatea

UPV/EHUko ikerketa batek dionez, osasun mentaleko antzeko egoeratan psikofarmako gehiago preskribatzen zaizkie emakumeei gizonei baino

  • Research

First publication date: 02/11/2020

Mujer de espaldas frente a una ventana
Maila desberdinetako esku-hartze politikoek osasun mentaleko genero-desparekotasunak gutxitu beharko lituzkete (pxfuel.com)

UPV/EHUko OPIK ikerketa-taldeak egindako ikerketa baten arabera, emakumeek ahultasun biologiko handiagoa dutelako hipotesiak ez du funtsik, eta, horrenbestez, gizon eta emakumeen arteko bizi-kondizio desberdinek eta gizartean nagusi diren maskulinitate- eta feminitate-ereduek azal ditzakete osasun mentalean agerikoak diren genero-desparekotasunak.

Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko UPV/EHUko Ikerketa Taldea, OPIK, jakintza-alor ugari lantzen dituen taldea da, gizarte- eta osasun-zientzietako ikertzailez osatua, eta aztergai ditu populazioaren osasunean eta gaixotasunetan eragiten duten gizarte-faktoreak, osasun mailako desberdinkeria sozialak eta populazioaren osasuna hobetzeko faktore sozial erabakigarriak eraldatzeko politikak.

EAEko osasun-inkestan (2018), Espainiako osasun-inkestan (2017) eta Europako osasun-inkestari dagokion Espainiako laginean (2014) oinarrituz taldeak egindako azterketa batek agerian utzi du generoa faktore erabakigarri garrantzitsua dela bai osasun mentalean eta bai osasun-zerbitzuetan osasun mentala kudeatzeko moduan. Hiru datu-base horien azterketan agerian geratu da osasun mental txarraren prebalentzia askoz handiagoa dela adin guztietako eta gizarte-talde guztietako emakumeetan, eta, gainera, efektu biderkatzailea ageri dela desberdinkeria-esperientzien metaketaren ondorioz. Orobat, badirudi errealitate hori ez dela maila berean gertatzen pazienteen adinaren eta egoera sozioekonomikoaren arabera.

Osasun Publikoan doktore eta lan honen egileetako bat den Amaia Bacigalupek adierazi duenez, “depresio- eta antsietate-diagnostikoak ohikoagoak dira emakumezkoen artean, eta preskribatutako psikofarmakoen kontsumoa ere nabarmen handiagoa da, gizonezkoekiko alderik ez egonda ere osasun mentalean, diagnostikoetan eta osasun-zentroetarako bisiten maiztasunean. Horrek guztiak adieraz lezake badagoela emakumezkoen osasun mentalaren medikalizazio-prozesu bat, baina zaila da prozesu horren jatorria interpretatzea; izan ere, zalantzarik gabe, emakumezkoengan behar baino diagnostiko eta preskripzio gehiagoko prozesuak izango dira, baina litekeena da gizonezkoengan behar baino diagnostiko eta preskripzio gutxiago izatea”. Bacigalupek erantsi du, gainera, etorkizuneko ikerketek sakondu egin beharko lituzketela alderdi horiek.

Genero-desberdinkeriak murriztea

Ikerketa-taldeak agerian jarri du esku-hartze politikoen ondorioz murriztu ahal izango direla osasun mentaleko genero-desparekotasunak. “Gizarteko genero-desberdinkeriaren eta osasun mentaleko genero-desparekotasunaren arteko erlazioa argia da —adierazi du Bacigalupek—; beraz, gizon eta emakumeen artean osasun mentalean ageri diren desparekotasunak murrizteko lagungarri izango dira bai lan-merkatuan, bai etxeko lanen eta zaintzaren gaineko erantzukizunean eta bai denboraren erabileran emakumezkoek jasaten duten diskriminazioari aurre egiteko politika guztiak, eta, oro har, emakumezkoen ordezkaritza politikoa handituz eta emakumezkoak gizartean ikusaraziz emakumezkoak ahaldunduko dituzten politika guztiak”.

«Gizarteko genero-desberdinkeriaren eta osasun mentaleko genero-desparekotasunaren arteko erlazioa argia da»

Bada ikerlanean nabarmentzen duten beste alderdi bat: maila instituzionaletatik eguneroko ondoezen medikalizazioa geldiarazteko konpromisoak hartu behar direla genero-ikuspegi garbi batetik. “Osasun mentalaren arloan bereziki ohikoa da ondoezak medikalizatzea, eta jatorri soziala daukaten arazo batzuk arreta psikiatriko edo psikologikoarekin konpondu ohi dira, arazoaren etiologiari berari heldu beharrean”, adierazi du UPV/EHUko Soziologia 2 saileko ikertzaileak.

Gainera, ikerketaren arabera, arlo klinikoan hausnarketarako saioak bultzatu beharko lirateke, psikopatologiaren definizioen eta gaur egungo tratamenduen euskarri izan den genero-binarismoan oinarritutako naturalizazio batzuk elkarrekin xehatu eta berreraikitzeko. Halaber, Bacigalupek dionez, “eguneroko ondoezak neurriz kanpo patologizatzea eta medikalizatzea saihets liteke jardunbide klinikoan benetan eredu biopsikosoziala ezarriz eta, bestalde, osasuna eta ongizate emozionala sustatzeko estrategiak ezarriz aktiboetan oinarritutako osasun komunitarioaren ikuspegiarekin, hala ikuspegi globala izango bailitzateke testuinguru sozialak osasunaren gain duen eraginean”.

Bibliographic reference