euskaraespañol

Image of the day

Loraldiak eta UPV/EHUk Sormen Ola antolatu dute, gazteei zuzendutako euskal kulturaren transmisiorako tailerren programa

16-29 urte bitarteko gazteei zuzenduta, hilean behin eta larunbatetan, formato trinkoan burutuko dira

  • News

First publication date: 25/01/2023

Patxo Telleria, Amaia Ocerin eta Gorka Moreno | Photo: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu da Sormen Ola ekimena, Loraldiak eta UPV/EHUko kultura zerbitzuak, EHUKulturak, antolatua. Aurkezpena Bilboko UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egin da eta proiektuaren nondik norakoak azaltzeko Gorka Morenok, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak; Amaia Ocerinek, Loraldiako komunikazio arduradunak; eta Patxo Telleriak, sortzailea eta tailerren gidarietako bat izango denak, parte hartu dute.

Loraldiak Gaztea ekimenari ekin zion duela urte bat. Lan lerro honen helburuak gazte-sormena sustatzea da, gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzea, formazioa eta plaza eskainiz, elkarteak berezko dituen baloreak sustatzea, kultur aniztasuna islatzea eta diziplina aniztasuna, sormen-egonaldiak eskaintzea eta gazteen harremanak euskaraz sustatzea.

UPV/EHUk bat egiten du helburu hauekin eta horregatik bi eragileak elkartu dira Sormen Ola programa sortzeko.

Sormen Ola, gazteei zuzendutako kultur transmisio tailerrak

Loraldiak lan lerro ezberdinak jorratzen ditu eta horietako bat gazteei zuzendutako egitasmo, ekintza eta programak sortzea da. Loraldia Gazteak euskal kulturaren transmisioa gazteen artean zabaltzea, gazte kultur zaleak sustatzea, gazteak kultur profesional erreferenteekin harremanetan jartzea eta sormena eta irudimena bultzatzea dira.

Lerro honen lehen ekimena izan zen aurreko udan garatutako Udako Ola, gazte sortzaileei zuzendutako sormen egonaldia.
Egonaldi honetan 6 egunez erreferentziazko profesional espezializatuekin sormenaren alor ezberdinak jorratzeko aukera izan zuten 12 gaztek eta esperimentazio eta esperientzien bitartez sortzaile izatea zer den ikasi eta bizi ere bai.

Izandako esperientzia horretatik abiatuta, Loraldiak Sormen Ola programa sortu du. UPV/EHUko EHUKulturarekin batera antolatutako programa izango da.

Amaia Ocerinek Loraldiaren izenean adierazi duenez: “Loraldiak konpromiso sendoa du gure kulturaren transmisioarekin. Eta, zalantzarik gabe, belaunaldi gazteengan jarri behar dugu arreta handiena. Haiek dira eta izango dira sortzaile berriak eta kulturaren kontsumitzaile publikoa orainean eta etorkizunean. Prestakuntza eskaini nahi diegu, esperimentatzeko aukera eta proposamen kultural berrienez gozatzeko eta beren sorkuntzak eskaini ahal izateko gune bat”.

Gorka Morenok, UPV/EHU Bizkaiko Campuseko errektoreordeak azpimarratu du: “Sormen Ola proiektua gizartearekiko lankidetzaren adibide argia da; izan ere, gure ikasleak modu aktiboan parte hartzen du hainbat arlotan kultura-sorkuntzan”.

Eta Patxo Telleria sortzaileak eta saio hauetako parte hartzaileetako batek adierazi du, “honelako ekimenak guztiz beharrezkoak dira. Sortzaile bilakatu nahi diren gazteek beharrezkoa dute trebatzea eta esperimentatzea. Aurreko udan izan genuen esperientzia oso aberasgarria izan zen eta etorkizunean modu profesionalean arituko direnak hemendik sortuko dira”.

Sormen Ola programa

Sormen Ola 16-29 urte bitarteko gazteentzat zuzendutako euskal kulturaren transmisioa bilatzen duen tailer-programa da.

Hilean behin burutuko da, larunbata goizez eta ikastaro trinkoen formatoan. Horrela aukera izango dute aste bitartean tarterik ez daukaten gazteek eta Bilbotik kanpo etor daitezkeenek ere. UPV/EHUko Bizkaia Aretoan burutuko dira tailer guztiak.

Gaiak monografikoak izango dira, sormenaren alor ezberdinak landuko direla, urtarrila eta maiatza bitartean: dantza, musika, arte eszenikoak, literatura, ikus-entzunezkoak eta hitzak eta irudiak. Eta erreferentziazko eta eskarmentudun profesionalek eskainita: Jon Maya, Patxo Telleria, Joseba Sarrionandia, Paul Urkijo edota Miren Amuriza, besteak beste.

EHUkulturaren ekimenez, Bizkaiko campuseko ikasleentzat doakoa izango da. Beste parte hartzaileentzat 15€ko kostua izango du saio bakoitzak.

Programa

Urtarrilak 28

Jon Maya, Kukai. Dantza garaikidea sustraietatik

Tailer teoriko-praktiko honetan Jon Maya bere esperientziatik abaituko da. Kukai dantza konpainia nola sortu zuen eta zer nolako ibilibide emankorra izan duen ezagutzeko aukera izango dugu. Euskal dantzaren tradizioa nola moldatu den gaurko garaietara. Nola sortu duten iruditeri berri eta garaikide bat. Dantza begiraden arteko uztarketan eman dituzten aurrerapausuak. 


Otsailak 11

Patxo Telleria. Sormena arte eszenikoetan

Patxo Telleria euskal arte ezenikoetan dramaturgorik nabarmenentako bat dugu. Maskarada taldean hasi zen orain dela lau hamarkada eta euskal antzerkigintzan bidegilea da. 30 antzezlan baino gehiago idatzi ditu. Teatrogilea izateaz gain, aktorea eta zinemagilea da.

Zinemagintzan bost filmen gidoi idatzi ditu eta horietako hiru zuzendu ere. Istorio egile oparoa da eta gidoigintzan maisua. Sarritan umorea da haren sormenen ardatza. Gaur egun, Tartean konpainiaren partaidea da eta euskal unibertsoan biziki ezaguna da Mikel Martinezekin egiten duen bikotea.

Tailerrean istorioak asmatzeko giltzak aztertuko ditugu eta praktikan jarriko ere.

Martxoak 25

Joseba Sarrionandia eta Iholdi Beristain. Literatura eta musika

Joseba Sarrionandia idazlea da eta Iholdi Beristain kantaria. Lehenengoak bide luzea zabaldu du literatura arloan eta bigarrena hasi berria da sorkuntzan.

Joseba Sarrionandiaren literaturaren ibilbidea oso anitza eta oparoa da. Orain dela lau hamarkada Pott bandaren partaidea izanik euskal letren errepublikaren norabidea irauli zuen. Bide garaikideak zabaldu ditu etengabe. Gure kulturan erreferente handia da.

Iholdi Beristain, berriz, labetik atera berria den sortzailea da. ETBtik igaro ondoren gaur egun kantak ontzen ditu ahizpa bidaide izanik. Sarrionandiaren zale amorratua da eta haren poesiekin eginiko kanta batzuk plazaratuko ditu.


Apirilak 29

Paul Urkijo. Ikus-entzunezko garaikideak

Irati eta Errementari filmen egilea dugu Paul Urkijo. Fantasia mundua maite duen zinemagilea da. Irati filma Sitges Zinema festibalean saritua izan da: ikusleen saria eta efektu berezien saria.

Bere esperientziatik abiatuta euskal zinemaren gaurko egoera ezagutzeko aukera emango digun tailerra da. Paul Urkijo haren filmen gidoigilea bada, beraz zinemaren hizkuntza ere jorratuko da esperientzia honetan.


Maiatzak 27

Miren Amuriza eta Amaia Egidazu. Sormena hitzetik eta irudietatik. Joskintza tailerra

Miren Amuriza bertsolaria eta idazlea eta Amaia Egidazu idazlea eta ilustratzailea batu dira hitzetan eta irudietan murgiltzen den tailer hau burutzeko.

Miren Amurizak hitzekin lan egiten du. Bertsolari handia izateaz gain, idazlea da. Hamaika liburu idatzi du gazteentzat eta nagusientzat “Basa” eleberria nabarmendu behar dugu. Amaia Egidazu, berriz, gaztetatik ditu gustuko arte plastikoak eta sormen-lanak. Etxepare saria irabazi zuen “Dorotea” lana egiteko, non natura, kultura eta tradizioa uztartzen dituen. 

Horrela deskribitzen dute jarduna: esaldiak luzatu, moztu eta puntetatik korapilatzeko. Txaplatak zirri-marratzeko. Argazkiak urratu, konpondu eta berriz urratzeko. Berbak botoitzeko. Elkarren janzkiei barrenak hartzeko. Edo josteko kaxa mahai gainean irauli eta nahi duguna egiteko.