Adimen Artifizialeko Estrategia Nazionalaren barruan hautatu du Eraldaketa Digitaleko Ministerioak, eta aukeratutako 21etatik bakarra da lengoaiaren teknologiaren arloan eta Euskadin garatuko den bakarra.
UPV/EHUk eta Avaturek lehenengo Adimen Artifizial eta Lengoaiaren Teknologiako Katedra bultzatu dute
- News
First publication date: 24/01/2024
Euskal herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) HiTZ ikerguneak, talentua eskuratu eta kudeatzeko teknologian aitzindaria den Avature enpresarekin batera, lehenengo ‘Adimen Artifiziala eta Lengoaiaren Teknologia Katedra’ bultzatu du. Katedra Adimen Artifizialeko Estrategia Nazionalaren (AAEN) barruan dago, España Digital 2026 Agendan, eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioak adimen artifizialari buruzko ikerketan, dibulgazioan, irakaskuntzan eta berrikuntzan diharduten unibertsitate katedrak finantzatzeko egiten duen deialdian hautatua izan da. Ministerioak aukeratutako 21 katedretatik bakarra da lengoaiaren teknologiaren arloan eta baita Euskadin garatuko den bakarra ere.
Katedra horren programa handinahiaren helburua da euskal unibertsitateko publikoak teknologia horretan duen lidergoa sendotzea eta herrialdea abangoardia teknologikoan kokatzea. Horretarako, bi zutabetan oinarritzen da: Batetik, UPV/EHUko HiTZ Lengoaiaren Teknologiaren euskal ikergunearen zientzia eta irakaskuntza arloko bikaintasuna, UPV/EHUko Informatika Fakultatearekin lankidetzan. Bestalde, Avature enpresa, adimen artifizialaren garapenari buruzko ikuspegi garden eta nahitakoa duena, nazioarteko enpresa eta gobernu-erakunde askok teknologia hori talentuarekin lotutako zereginetan modu seguruan hedatzeko aukeratua izan da.
Lengoaia naturalaren bidez komunikatzeko gaitasuna adimenaren funtsezko alderdia da. Adimen Artifizialaren barruan, lengoaiaren teknologia giza lengoaia ulertu eta interpreta dezaketen algoritmo eta sistemen garapena ardatz duen eremua da. Eremu hori AAren barruan iraultzaren gidaria da, gizartea eraldatzen ari diren aplikazioen bidez, hala nola itzulpen automatikoa, ahots bidezko elkarrizketa sistemak edo sistema sortzaileak (ChatGPT edo Gemini, besteak beste).
Helburua da AA sortzailearen abangoardia teknologikoan kokatzea herrialdea, ikerketa lidergoa sendotuz, honako hauek areagotzeko neurrien bidez: adituen prestakuntza, industriarekiko sinergia, benetako arriskuen gaineko kontzientzia soziala, eta lengoaia eredu eraginkorragoen eta zeihartasunik gabekoen ikerketa.
Eva Ferreira euskal unibertsitate publikoko errektoreak ekimen honen garrantzia azpimarratu du: “Adimen Artifizial eta Hizkuntzaren Teknologiako Katedra sortzea albiste bikaina da, UPV/EHUren lidergoa indartzen duena, bai estatuan, bai nazioartean, adimen artifizialaren abangoardiako arlo horretan. Gainera, HiTZ Hizkuntzaren Teknologiako Euskal Zentroan kokatzen da, gure unibertsitatearen berezko zentroetako batean, prestakuntza, ikerketa eta transferentzia arloan jarduera nabarmena garatzen duena. Proiektu honen kalitate-maila berresten du Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren dagokion deialdian finantzaketa lortzeak. Eta azpimarratu nahi dut euskara funtsezkoa dela HiTZren ikerketa-lanean, eta, beraz, katedran sortzen diren aurrerapenak aplikatuko zaizkio hizkuntza horri, gure EHUagenda 2030ean txertatzen dugun Garapen Iraunkorreko 18. helburuarekin bat etorriz”.
Eneko Agirre katedraren arduradun eta HiTZ zentroaren zuzendariak katedra honen garrantzia azpimarratu du: "Gure zentroaren erreferentzialtasunarekiko errekonozimendua da, eta aukera bat gure bikaintasun ikertzailea gizartearekin eta industriarekin lotzeko, AAren eta hizkuntzaren teknologiaren eragin positiboa indartuz, gaur egungoa bezain erabakigarria den une honetan".
Herrialdea AA sortzailearen abangoardia teknologikoan kokatzeko, katedrak AAk eta lengoaiaren teknologiak gizartean eta produkzio ehunean duten eragin positiboa sustatuko du. Horretarako, lau ekintza lerro itundu identifikatu dira:
- Adituen prestakuntza, gradu eta graduondoko ikasketen bidez, eta teknologia horretako teknikari, zuzendari eta gizarte eragileen etengabeko prestakuntza.
- Katedraren eta enpresen arteko transferentzia, bien sinergiak helburu dituen lankidetza mekanismo berritzaile baten bidez.
- AA sortzailean sakontzea, energia efizientzia, zeihartasuna eta antzeko alderdiak hobetzeko.
- AA sortzailearen hedapena eta outreach hobetzea. AAren gaitasunei buruzko informazio handiagoa duen gizartea gai izango da onurak jaso eta sustatzeko eta, era berean, haren erronka berriak identifikatu eta arintzeko.
Dimitri Boylanek, Avatureko CEOak, honako hau dio: "Gure bezeroak irrikaz daude beren tokiko komunitateetara lan-aukerak eramateko eta askotariko lan-indarra eraikitzeko, eta badakite adimen artifizialak zeregin garrantzitsua izan dezakeela ahalegin horietan. Gure helburua da gure bezeroei laguntzea aliantza honetatik sortzen diren AAko funtsezko aurrerapenak aprobetxatzen. Hunkituta gaude HiTZ ikerketa zentro ospetsuarekin elkarlanean aritzeaz, gure bezeroei eta gizarteari, oro har, balioa emateko”.
HiTZ-i buruz
UPV/EHUko HiTZ Hizkuntzaren Teknologiako Euskal Zentroa erreferentziazko zentroa da adimen artifizialaren arlo honetan. Bi master ditu, horietako bat Erasmus Mundus zigilua duena, eta baita Hizkuntzaren Teknologiako doktorego programa bat ere. Zentroaren irakaskuntza-eskaintza osatzeko, Donostiako Informatika Fakultateak Estatuko Adimen Artifizialeko lehen gradua (lehen promozioa 2024an graduatuko da), Konputazioaren Ingeniaritzako eta Sistema Adimendunetako master bat eta Informatika Ingeniaritzako doktorego-programa bat eskaintzen ditu. HiTZ zentroak lidergo-gaitasun handia du Adimen Artifizialean eta Hizkuntzaren Teknologian, estatuan eta nazioartean. Horren erakusgarri dira PERTE Hizkuntzaren Ekonomia Berriak emandako laguntza, Europako Parlamentuak sustatutako European Language Equality proiektuaren barne-guneko kide izatea, edo Espainiak CLARIN eta DARIAH ikerketa-azpiegituretan duen parte-hartzea koordinatzea.
Avature-ri buruz
Avature zerbitzu gisako (SaaS) software-plataforma bat da, enpresetan giza kapitala (HCM) kudeatzeko oso konfiguragarria, talentua eskuratzera eta kudeatzera bideratuta dagoena. Mundu mailako giza baliabideetarako CRM eta ATS teknologien hornitzaile nagusia da. Dimitri Boylan HotJobs.com-en sortzaileetako batek eta CEO ohiak sortua, Avaturek kontsumitzaileentzat diseinatutako interneteko teknologia eta berrikuntza digitala txertatzen ditu giza baliabideen sailetan. Avature-ren soluzioek honako hauek barne hartzen dituzte: errekrutatze-zerbitzu partekatuak, eskatzaileen jarraipena, karrera-tokiak, campusetan eta ekitaldietan langileak bilatzea, enplegatuen erreferentzien kudeaketa, langile berriak gizarte-esperientziaren bidez sartzea, langileen markarekiko konpromisoa, langileen mugikortasuna eta lan-indarraren optimizazioa, enplegatuen kasuen kudeaketa, errendimenduaren kudeaketa eta ikaskuntza. Fortune 500eko 110 enpresek erabiltzen dute,164 herrialde baino gehiagotan eta 32 hizkuntzatan. Avaturek bere zerbitzuak eskaintzen ditu AEBetako, Europako eta Asiako datu-zentroetan kokatutako hodei pribatutik eta hodeitik ere. Avaturek bulegoak ditu Buenos Aires, Londres, Madril, Melbourne, Munich, New York, Paris, Shenzhen eta Virginian.