euskaraespañol

Image of the day

Luz Boyero González

Biodibertsitate krisiaren ondorioak ekosistemetan eta gizakiengan

Ikerbasque ikerketa irakaslea eta Ibaien Ekologia Taldeko buruetako bat

  • Cathedra

First publication date: 27/10/2021

Luz Boyero González
Luz Boyero González. Argazkia: UPV/EHU.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Biodibertsitate” terminoa ia esparru zientifikoan bakarrik erabili da orain dela gutxi arte; baina, gaur egun, modan dago. Denok dakigu biodibertsitatea, gaingiroki, gure planetan bizi diren espezieen aniztasuna dela (nahiz eta teknikoki terminoak geneen eta ekosistemen barietatea ere biltzen duen).

Hala ere, biodibertsitatea modan egotea ez da albiste ona, ospe horren jatorria espezieak desagertzen ari diren abiadura handia baita, hain zuzen ere. Espezieen azken desagertze masiboa trantsizio kretaziko-tertziarioan gertatu zen, dinosauroak desagertu zirenean, baina, zoritxarrez, gaur egungo espezieen desagertze tasak ez du aurrekari historikorik, eta baliteke aurreko hori ere gainditzea.

Eboluziotik gizakiaren eskuetara

Biodibertsitatea zenbait milaka milioi urteko bilakaeraren emaitza da, oraindik zalantzazkoa den bizitzaren jatorritik gaur egunera arte. Horrela, gaur egungo espezieen erregistro fosilak eta material genetikoak garai desberdinetan Lurrean bizi izan diren espezieen kopuruari eta ezaugarriei buruzko pistak ematen dizkigute.

Desagertzea –bai eta ezpeziazioa ere– eboluzio prozesuaren parte dira, eta kausa naturalengatik gertatu dira beti. Desagertze masiboak ustez fenomeno katastrofikoak izan dira, hala nola bolkanismoa edo asteroideen inpaktuak.

Hala ere, badakigu gizakia dela egungo desagertze gehienen erantzulea, dela zuzenean (adibidez, ehizaren bidez), dela zeharka (habitata suntsitzeagatik, klima aldaketengatik edo bertakoak lekualdatzen dituzten espezie exotikoak sartzeagatik).

Gizakiak funtsezko rola jokatzen du gaur egungo ingurumen aldaketetan. Horren ondorioz, “Antropozeno” deitu zaio industria iraultzaz geroztiko aldiari. Baina gizakiok, gure planetak jasaten dituen aldaketen erantzule nagusiak izateaz gain, ingurumen aldaketa horien eta biodibertsitatearen galeraren eragin handia jasaten dugu.

Biodibertsitateak balio intrintseko bat du, eta berez balioetsi eta errespetatu behar da. Baina, gainera, espezieak baliotsuak dira guretzat, bizirik irauteko oinarrizkoak diren zerbitzuak ematen dizkigutelako. Zerbitzuok, gainera, parte diren ekosistemekin erlazionatua daude: zerbitzu ekosistemikoak.

Ondorioak ekosistemetan

Izaki bizidunak interakzioan daude batzuk besteekin hainbat motatako harremanen bidez (trofikoak, lehiakorrak, sozialak, etab.), bai eta beren ingurunearekin ere (bertatik bizirik irauteko baliabideak lortzen dituzte), etengabe funtzionatzen duten ekosistemak osatuz. Funtzionamendu hori zenbait prozesuk definitzen dute, hala nola biomasaren ekoizpenak, deskonposizioak edo mantenugaien zikloek.

Gaur egun badakigu biodibertsitateak eragin zuzena duela ekosistemen funtzionamenduan; hau da, ekosistema batean dauden espezieen kopuruak eta espezie horien identitateak eta ezaugarriek prozesu desberdinen tasak bizkortu edo arindu ditzakete. Gertaera hori azken 30 urteetan frogatu da BEF izeneko zientziaren adar espezifiko bati esker (ingelesezko “Biodiversity-ecosystem funcioning”), eta kontzientzia piztu du gure planetaren oreka dinamikoari eusteko espezieek jokatzen duten funtsezko rolari buruz. Horrela, espezieak makineria bateko piezak dira eta multzoak eragingo du makinaria horrek funtzionatzea, eta hori galtzearen ondorioak iragartzea zaila da, ekosistemen konplexutasuna dela eta.

Adibidez, goi ibarreko ibaiak ekosistema heterotrofikoak dira, eta haien energia eta materia iturri nagusia arrotik datorren orbela da. Orbel hori uretako organismo eta mikroorganismoek prozesatzen dute; horiek gai dira karbonoa eta lurreko nutrienteak uretako sare trofikoan sartzeko eta, horrela, ibai ekosistema hornitzeko.

Arroetan landare espezieak gutxitzea gerta daiteke bai bertako espezieak interes komertzialeko beste batzuekin ordezkatzearen ondorioz, bai gaixotasun infekziosoak agertzearen ondorioz. Gure ikerketen arabera, espezieen galera horrek ibai ekosistemaren funtzionamendua osatzen duten funtsezko prozesuak aldatzen ditu: oro har, bide mikrobianoak errazten dira, uretako organismoak tartean dauden prozesuen kaltetan, eta ekosistema ez da hain efizientea lurreko baliabideak lortzeko orduan.

Horrek zerbitzu ekosistemikoen mailan duen eragina oraindik kuantifikatu ez bada ere, litekeena da uraren kalitatean, elikadura baliabideen ekoizpenean edo paisaia eta jolas balioan eragin negatiboak izatea.

Era berean, garrantzitsua da azpimarratzea biodibertsitatearen galerak eragin desberdina izan dezakeela planetako eremu desberdinetan. Lehenik eta behin, desagertze tasak ez dira homogeneoak. Gaur egun, garapen bidean dauden herrialdeei eragiten diete nagusiki, eta zenbait puntu bero (hotspot) daude Hego Amerikan eta Hego-ekialdeko Asian.

Bigarrenik, ekosistema mota berak batzuetan desberdin funtziona dezake eremu klimatiko desberdinetan. Hala, goi ibarretako ibaietan, orbela eremu epel eta tropikaletan prozesatzen duten ornogabeen komunitateek estrategia desberdinak erabiltzen dituzte baliabide hori erabiltzean.

Eremu tropikaletan landare biodibertsitatea galtzeak ondorio funtzional handiagoak dakartza eremu epeletan galtzeak baino. Horregatik, herrialde horietan, are lehentasun handiagoa eman beharko litzaioke biodibertsitatea babesteari, eta hori benetan gertatzen denaren justu kontrakoa da.