2020an 150 urte bete ziren Horacio Echevarrieta jaio zela (1870-1963), bizitza zinez txundigarria izan zuen gizona, gaur egun ahaztua badago ere —guztiz sinesgaitza den gauza—. Halaxe diote María Peraitak, Gonzalo Arroitak (UPV/EHUko 'Kultur Paisaiak eta Ondarea' Unesco Katedrakoek) eta Javier Amezagak, Echevarrietaren ondarea aldarrikatzen duen obra honen egileek. Gerra, pandemia eta krisi ekonomikoetan zehar, Echevarrietak aurrerapena eta aberastasuna sortu zituen, eta haren figuraren bitartez autoreek argitara ekarri gura izan dute hark utzitako ondarea eta enpresa ekimenarena. Echevarrieta ahaztuta hil zen, baina haren lorpenek Euskal Herria eraldatu zuten eta bizirik diraute gaur egun ere.
'Las 150 vidas de Horacio Echevarrieta', euskal enpresaburua omentzen duen liburua
María Peraita eta Gonzalo Arroita: «Echevarrieta estatubatuarra balitz, bere ibilbideari buruzko serie bat ikusiko genuke»
- Interview
First publication date: 25/02/2021
150 urte, 150 bizitza. Bilboko enpresaburuaren jaiotza gogora ekartzeaz gain, liburuaren izenburuak gizon honen izaera egongaitza eta polifazetikoa islatzen du, gaur egun ohikoa ez dena, areago badaezpadako garai hauetan.
María Peraita: Hala da. Liburuak izena du 'Las 150 vidas de Horacio Echevarrieta', batetik 150 urte bete direlako hura jaio zenetik, eta, bestetik, horrenbeste bizitza beharko liratekeelako berak bi hamarkada eskasetan lortu zuena lortzeko, eta hori gerra artean, gripe espainiarraren pandemiaren ostean eta 29ko crackaren bezperetan. Egia esan, mezu positiboa iruditu zaigu orain egokitu zaigun abagune honetan. Izan ere, oraingoak baino sasoi latzagoetan, hark ulertu zuen aurrera egiteko beharrezkoa zela arriskuak hartzea berrikuntza bultzatuz, ikerketan eta azterlanetan inbertituz edo teknologiaren alde eginez. Beti gura izan zuen erakutsi bere herrikideen jakintzak eta trebetasunak ez ziola ezer inbidiatzekorik atzerrikoei, eta horrela lortu zuen bere enpresek gaur egun arte irautea, haren figura ahaztuta geratu bazen ere.
"(…) ezezaguna da guretzat. Eta ez du inolako esker onik edo aitortzarik izan egun arte. Eta deigarria da oso, zeren Horacio Echevarrietaren bizitza –haren jatorriari buruzko gorabeherak alde batera utzita- konpara baitezakegu, zuhurtziaz betiere, Orson Wellesen inspirazioa izan ziren Howard Hughes edo Randolph Hearstekin ('Citizen Kane')". Hori dio Bilboko Guggenheim Museoko zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidartek liburuaren hitzaurrean, eta ez dirudi gehiegizkoa denik.
María Peraita: Madrileko Gran Vía urbanizatu zuen, Bartzelonako metroko Zeharkako Linea eraiki zuen, Bilboko Zabalgunearen hazkundea eragin zuen neurri handi batean, Iberia sortu zuen, gaur egungo Iberdrola eta Cemexen hazia erein zuen, meatzeak izan zituen, petrolio prospekzioak, ontzi enpresak, bultzatu zituen itsasontzi eta armagintza industriak Cadizeko bere ontzioletatik… Baina, gainera, politikaria ere izan zen, lanaren hobekuntza sozialen defendatzailea, eta artisten, pentsalarien eta teknikarien bultzatzailea… Bilbotar honen bizitzaren atal bakoitza lerroburu bat da bere horretan, eta, ahal ere, haren izena oharkabean joan da gure herriaren historia kontatu denean. Ziur gaude Horacio Echevarrieta Estatu Batuetan jaio balitz, orain bere ibilbideari buruzko serie bat ikusten egongo ginatekeela. Ea liburu honek bidea irekitzen dien beste proiektu batzuei, historia txundigarri hau argitara ekartzen jarraitzeko.
«Galeriak eraikiarazi zituen gizonaren bizitzak sortzen diela jakingura handiena maiz bisitariei»
Zalantzarik gabe, Getxoko Punta Begoñako galeriak zaharberritzean —Echevarrietaren etxea izandakoaren pean daude, harexen parte baitziren—, berpiztu egin da enpresaburuaren oroitzapena gizartean, eta Euskal Herrian eta estatu osoan izan zuen garrantziaren kontzientzia. Zein izaten da jendearen erreakzioa toki hori bisitatu eta ezagutzen duenean Echevarrietaren nortasun heterogeneoa, hamarkadetan barrena Espainiako hirugarren pertsonarik eragingarrientzat jo izandako gizon horrena?
María Peraita: Punta Begoñako Galeriei beren distira itzultzeko proiektua integrala da: UPV/EHUko bost ikertaldek hartzen dute parte, eta horri esker uste gabeko mugarri historiko, geologiko, arkitektoniko, kimikoak etab. ari dira azaleratzen, esaterako lorategiaren azpian aurkitutako aztarnategi prehistorikoa, substratuaren berezitasun geologikoa edo IBeAko gure lankideek argitaratu duten azken aurkikuntza, goroldioek kutsadura adierazteko daukaten gaitasunaren ingurukoa. Hala ere, oraindik ere harritzen gara ikustean, berezitasun horiek guztiak gorabehera, galeria horiek eraikiarazi zituen gizonaren bizitzak sortzen diela jakingura handiena maiz bisitariei. Interes horren froga da, izan ere, liburuaren lehen edizioa bi hilabete eskasetan agortu izana, eta hura handitzeko jaso ditugun eskariak. Segurutik zerikusia du Echevarrietak eduki zuen karismarekin, haren obretara ere hedatzen baita, tartean Punta Begoñako honetara, zeinaz esan ere egin zuen ez ziola inoiz eskuartetik joaten utziko. Izan ere, Getxoko gune horretatik pasatzean, bisitariak aukera dauka mende bat atzera egiteko, eta bere burua aurkitzeko Bizkaia eraldatzen ari zen garai hartan, enpresaburu hau bezalako figurak garapen horren giltzarri izan zirenean.
Meatzaritzan jardun zuen hasieran, baina azkenerako ingeniaritza eta hirigintza proiektuetako ezinbesteko pieza bihurtu zen hainbat lekutan: Bilbon, Bartzelonan, Madrilen edo Niagara ibaian, kasurako. Hiperaktibitatearen ala harremanetan trebe izatearen fruitu izan zen hori?
Gonzalo Arroita: Duda barik, bere ikusmen handia izan zen, gertaeren azterketan oinarritutako sen ona. Eta haren bizitasun eta kemen apartak ere bai: 77 urterekin Kadizko Ontziolak berriz ere martxan jartzen saiatu zen, torpedoen istripuaren ostean. Pertsonak eta lan taldeak ondo aukeratzen jakitea ere, Euskal Herriko puntako profesionalekin ia beti, eta haiekin harreman ona izatea ere funtsezkoa izan zen. Tratu ona eta harreman praktikoa izan zuen buruzagi politikoekin, nahiz eta ziurrenik politikak berak eta haren eragin gero eta handiagoak irentsi zuten azkenerako. Zirkulua osatzeko, berebiziko garrantzia eman zion komunikazioari: aitzindari hutsa izan zen, bere garaiaren aurretik zihoana, bai axalez eta bai mamiz.
Europako monarkia nagusien laguna izan zen, baina baita errepublikazale porrokatua ere: uko egin zion Alfonso XIII.ak eskainitako markes tituluari, eta patroi iraultzailea izan zen langileen baldintza sozialak hobetzen, noraino eta espetxeratua izateraino Asturiasko meatzarien iraultzaren alde egiteagatik 1934an.
María Peraita: Bere aita Cosme Echevarrieta lider errepublikanoak eragin handia izan zuen Horacioren jardun politikoan, eta sarritan lagundu zien haren gogaideei. Hala ere, bere izaera atsegin eta pragmatikoagatik, denboragarrenean Horaciok desengainua hartu zuen politikarekin eta bertan behera utzi zuen azkenean. Ordura arte, diputatua izan zen hiru aldiz koalizio errepublikano-sozialistarekin Espainiako Gorteetan, eta euskaldunen interesak defendatu zituen gobernu zentralaren aurrean, noraino eta —oso gauza ezohikoa— ohorezko izendapenak jasotzeraino hiru lurralde historikoetan: bizkaitar Argia, Arabako probintziaren aita, eta ohorezko gipuzkoar merituduna. Foruak defendatzeagatik eta euskal ekonomia ituna abantailaz berritzeagatik omenaldi handiak jaso zituen, eta, hala ere, hil zenean nekrologiko bakar batek, El Correo Español-El Pueblo Vasco-n agertuak, ohoratu zuen haren oroipena.
Badirudi oso garbi zuela bake soziala ezinbestekoa dela egonkortasun ekonomikorako eta alderantziz, ehunka preso erreskatatu zituelako Afrikako Gerratik eta bizitzak salbatu zituelako Espainiako Gerra Zibilean ere: horra haren biografiako beste mugarri harrigarri batzuk.
Gonzalo Arroita: Gerra Zibilean bi bandoetako jendea eduki zuen gordeta bere Madrilgo eta Malagako etxeetan. Horrek beste liburu baterako emango luke. Bide batez esanda, dokumentazio lana egitean harrotasunez ikusi dugu nola Eusko Jaurlaritzak Madrilen zuen ordezkaritzak ere lan humanitario handia egin zuen, benetako enbaxada baten moduan jardunez. Askotan jarri zuen bere bizia arriskuan, adibidez Afrikako Gerran egoera penagarrian zeuden ehunka soldadu, emakume eta ume salbatu zituenean, Espainiako gobernuak egoerari irtenbidea emateko ezer egiten ez zuela. Meatzarien bizi baldintzak ere ikaragarri hobetu zituen, beste patronoek «enpresaburu eskirola» deitzeraino. Haren ikuspegi irekiaren adierazgarri dira negoziazioetan esandako hitz hauek: "Langile osasuntsuak, baldintza onetan lan egiten duenak, beti ekoitziko du hobeto".
«Filantropiak alderdi praktikorik balu, argi dago goitik beherako filantropoa izan zela»
Arkitekto eta ingeniarien sustatzailea izan zen, eta artea ere bultzatu zuen biziki. Espainiako bilduma nagusietako bat osatu zuen, eta Arteta, Durrio, Iturrino edo Regoyos bezalako pintoreek berarentzat egin zuten lan. Esan liteke goitik beherako filantropoa izan zela. Zer uste duzue?
María Peraita: Filantropiak alderdi praktikorik balu, argi dago baietz. Pertsonaiaren bizitzan sakontzean, ikusi ahal izan dugu hamaika aldiz lagundu ziela auzoko eta herrikideei beren proiektuak aurrera eramaten. Arteak babesteaz gain, gogoratu behar da Bilbon eraikinak eta orubeak laga zituela komunitatearentzako establezimenduak jartzeko, adibidez Maeztu-Whitney familiaren akademia anglo-frantsesa, Kirol Kluba edo Tuberkulosiaren Aurkako Ledo Dispensarioa, besteak beste; halaber, laguntza eman zien jenioei, adibidez Torres Quevedori, Niagararen gaineko aire transbordadorea egiteko. Echevarrietak finantzatu zuen lan hori, Bilboko bete enpresaburu batzuekin batera, eta gaur egun funtzionamenduan jarraitzen du. Bestalde, sostengua eman zion Unamunori erbesteratu zenean eta lagundu zuen Nicolás Salmerónen gorpua berriz Espainiaratzen. Baina, urte hauetan guztiotan lanean ibili garenean 'Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedran' Echevarrieta gertutik ezagutu zutenen testigantzak biltzen, guri geuri deigarrien egin zaiguna izan da ez dugula haren inguruko iruzkin negatibo bakar bat ere aurkitu. Pentsatu gura dugu horren arrazoia dela berak bere bizitzan zehar aldarrikatu eta praktikatu zuen maxima hura, hots, komunitatearen ongizateak norberaren ongizatea dakarrela. Horregatik liburua ere talde lana izan da, eta gure suertea izan da haren bizitza ondoen ezagutzen dutenek ere parte hartu dutela, hala hitzaurreetan nola testigantzetan.
1918aren amaieran 'El Liberal de Bilbao' egunkaria bereganatu zuen. Esaten dute jabe aldaketarekin egunkaria goitik behera modernizatu zela, eta handik aurrera bere informazioen independentziagatik nabarmendu zela. Pentsa liteke dena perfektua izan zela beti haren bizitzan, baina zorrak ere ordaindu behar izan zituen (Gauguin, Renoir edo Van Goghen koadro originalekin ordaindu ere), eta erreka jotzea eta etsai politikoekin borroka egitea ere tokatu zitzaion.
Gonzalo Arroita: Egia esan, komunikazioaren bisionario bat izan zen, bai prentsa idatzia modernizatzeari dagokionez eta bai enpresaburu tradizionalak dardaka jartzen zituzten teknologia berrietara egokitzeari dagokionez, kasu honetan haririk gabeko komunikaziora eta irratira. Ez zuen berrikuntza inoiz arriskutzat hartu, aukeratzat baino. Gaur egun entzuten ditugun hainbat gauza —I+G, nazioartekotzea, krisiak gainditzea, enpresen gizarte erantzukizuna, lantaldeen prestakuntza, berme sozialak— orain dela mende bat aplikatzen zituen. Garbi dugu oso emankorra izango litzatekeela haren ibilbidea eskoletan eta unibertsitateetan irakastea, horrek hainbat definizio teoriko hobeto ulertzen lagunduko lukeelako. Bere autonomiari eusten saiatu zen beti, lanean eta bizitzan, baina politikarien gero eta menderago geratu zen bere proiektuetan: Alfonso XIII.aren mende, Primo de Riveraren mende, are bere pentsaera errepublikano-sozialistako politikarien mende ere. Promes, huts egite, engainu eta traizioen artean, mendekotasun horrek irentsi egin zuen.
Nazioarteko Batzorde Olinpikoko kide izateak eta lehen mailako nazioarteko estropadetan txapeldun izateak azken ukitua ematen dio haren irudi perfektuari eta curriculum itzelari. Ausartuko zinateke irudikatzera zelan helduko liokeen berak gaur egungoa bezalako egoera zalantzazko bati?
Gonzalo Arroita: Berari egokitutako garaia gaur egungoa baino askoz ere ezegonkorragoa izan zen, hamarna milioika hildako eragin zituzten gerra eta pandemiekin, 1929koa bezalako krisialdi ekonomiko larriekin, gerra kolonialekin, Espainiako gerra aurreko giroarekin... Gaur egun berdin jokatuko luke, baina beharbada maniobrarako tarte txikiagoa izango luke, ekonomiaren eta politikaren sektore desberdinak xehe-xehe arautuz joan direlako. Arrakasta ekarri zioten balioak ez dira inoiz iraungitzen, nahiz eta haren sineste hura —"guztien aurrerabiderik gabe ez dago[ela] norberarentzako irabazirik"— agian hain ezohikoa den arin-arinka nagusitzen ari bide den kapitalismo global eskrupulo gabe honetan.