euskaraespañol

Image of the day

Hiru proiektu artistikok memoria historikoa berpizten dute Larrabetzun

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko bost graduaturen lanek 1936ko Guda zibila eta diktaduraren garaia eta gerraren giza dimentsioa dituzte abiapuntu

  • News

First publication date: 13/02/2023

Hautatutako hiru proiektuen egileak: Ane Seixas, Julen Sainz de Rozas, Amaia Molinet, Eriz Moreno eta Libe Svaart | Photo: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Larrabetzuko Udalak UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearekin batera herriko Memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko aurkeztu zituen larunbatean. 1936ko Gerra zibila eta gerra osteko diktaduraren garaia eta gerraren giza dimentsioa dituzte abiapuntu obrok, orduko andre, gizon eta umeen egoerak eta bizipenak gaurkora ekartzeko eta berauei aitortza justu eta egiazkoa egiteko.

Hautatutako proiektuak eta egileak:

Zirrikitua (Eriz Moreno / Amaia Molinet)

Eriz Moreno (Bilbo, 1982) eta Amaia Molinet (Lodosa, 1988) artistek zeharkako ikuspegi historiko batean oinarritutako proiektu artistikoa proposatzen dute, Larrabetzun Gerra Zibilaren aztarnak behatuz. Proiektuan, gatazka hau ez da soilik gertakari historiko sorta gisa ulertzen, analisiak tokiko ikuspegia eta baita egileen ikuspegi pertsonala ere barne hartzen ditu. Hau da, bai bere protagonisten ikuspegia (belaunaldiz belaunaldi ahoz pasatzen den memoria), eta baita Moreno eta Molinetena, bertan, lurraldean. Proiektuaren emaitza argitalpen bat da, bisita gidatu batekin osatu daitekeena.

Hona Hemen orain ez dagoena (Liben Svaart).

“Hona hemen orain ez dagoena” oroimen historikoaren aztarnak aztertzen dituen proiektu artistikoa da, erakusketa forma hartuko duena otsailean zehar. Liben Svaart-ek (Leioa, 1994) erakusketa honen bidez bere ikerkuntzari amaiera emango dio, prozesuan sortu diren artelanak erakutsiz. Alde batetik, soinu pieza bat, 31 minutukoa, Sol notaren ñabardurak plazaratzen dituena. Soinu pieza horri etengabe errepikatzen den animazio bat laguntzen dio, batera jarrita memoriak daukan lausotasuna adieraziz. Erakusketa hau osatzeko, bisitariak etxera eraman dezakeen horri tamainako piezak egongo dira ikusgai.

Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena (Ane Seijas eta Julen Sainz de Rozas)

(…) Eman nuen erantzuna ez zen zuena, baina zuen galdera are okerragoa da. A dioenak ez du zertan B esan.

A eraikuntza bat zela konturatzea gerta daiteke baita (…)

Testu klasiko baten irakurketaren bidez , Ane Seijas (Amurrio, 1996) eta Julen Sainz de Rozasen ikus-entzunezko pieza honek Gerra Zibileko lurraldeari buruzko gogoeta egin nahi du. Bertolt Brechtek 1930ean idatzitako “Der Jasager und der Neisager” (Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena) da aukeratutako idazlana. Antzerki labur hau Taniko obra japoniarrean oinarrituta dago eta Brechten pieza didaktikoetako bat da; “Marxen materialismo dialektikotik abiaturik eta antzerki ortodoxotik at antzezteko idatzitako irakaspenezko obra txikiak”. Antzezlana Lucio Uriartek euskaratu duena lehen aldiz proiektu honetarako, hasiera berdina baina amaiera desberdina duten bi zatiz osatzen da. Hain zuzen, ikus-entzunezko pieza ezaugarri formal ezaugarri formal horretan oinarritzen da testua Gerra Zibileko Larrabetzurekin erlazionatzeko: bidearen lehen zatia Bizkargi mendian gertatzen da, bigarrena, berriz, Gaztelumendin.