Kantauriar mendikateko aintzirek kalitatea galdu dute, giza ekintzaren eta berotze globalaren ondorioz
UPV/EHU parte hartzen ari den ikerketa batek nabarmendu duenez, beste aldaketa batzuen artean, aintziretako urak oxigenoa galdu du
- Research
First publication date: 20/03/2024
Kantauriar mendikateko aintziretako uraren kalitatea okertu egin da azken hamarkadetan, ikerketa baten arabera. Ikerketa horretan parte hartzen ari dira Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea (UCM), Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa (UPM), Alcala de Henaresko Unibertsitatea eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. Baldintza klimatikoak eta giza ekintza (adibidez, lurzoruaren erabilera aldaketak eta azken hamarkadetako abeltzaintzako jarduera) izango lirateke aldaketa horien arrazoiak.
Ikerketak hauteman duenez, aintzira horietan handitu egin da nutrienteen karga, eta gutxitu egin da disolbatutako oxigenoa. Ondorioz, ekosistema baliotsu horietako uraren kalitatea okertu egin da. “Emaitza hauek aukera ematen dute garai historiko batean zehar gertatu diren ingurumen aldaketen magnitudea egungo aldaketa globalarekin, haren arrazoiekin eta mendiko ur ekosistemetan dituen ondorioekin alderatzeko; hortaz, aurrerapen zientifiko oso garrantzitsua da”, nabarmendu dute ikertzaileek.
Anthropocene aldizkarian argitaratuta dago ikerketa. Hura egiteko, Isoba aintziraren (León) hondoko sedimentuetako biomarkagailu organikoak aztertu dituzte. Horri esker, biomarkagailu horien kontserbazio maila eta jatorria identifikatu ahal izan dituzte.
Hortik abiatuta, azken 550 urteetan —aldi horrek barne hartzen du Izotz Aro Txikia, hau da, XVI. eta XIX. mendeen arteko hozte globaleko aldia— aldaketa klimatikoen ondorioz eta giza jardueren —adibidez, abeltzaintza, lurzoruaren erabileraren aldaketak eta landare estalduraren aldaketak— inpaktuaren ondorioz eskualdean gertatu diren ingurumen aldaketa nagusiak berreraiki dituzte.
Ateratako informazioaren arabera badakigu, esaterako, Izotz Aro Txikian zehar lehorreko landareak ugaritu zirela eta horien degradazioa txikia zela, baldintza klimatiko hotzak zirela eta. Era berean, badakigu 2006az geroztik fitoplanktonaren produktibitatea eta jarduera mikrobianoa esanguratsuak izan direla, eta jatorri fekaleko estanolak —belarjaleen gorotzetan dauden molekulak— areagotu egin direla.
“Aplikazioaren ikuspegitik, giza jardueraren ondorioz mendiko aintziretan gertatzen diren aldaketen inpaktua ebaluatzeko aukera ematen dute. Horrek irizpideak ematen dizkigu lurraldea hobeto antolatzeko, aintzira enblematiko horiek kontserbatzeko eta horien leheneratzeko ekologikorako”, aipatu dute ikertzaileek, emaitzen aplikazioari buruz.
Informazio gehigarria
CALACLIMP (PID2021-122854OB-I00): ‘Respuesta de los sistemas de cuevas y lagos al Cambio Climático regional y las actividades humanas en España: impactos y estrategias de adaptación’ ikerketa proiektuaren baitan garatu dute lan hau, UCMko Javier Martín Chivelet eta Mario Morellón Marteles ikertzaileek lideratuta. UPV/EHUren aldetik, Geologia Saileko Jon Gardokik parte hartu du.
Bibliographic reference
- Lipid biomarkers in high mountain lakes from the Cantabrian range (Northern Spain): Coupling the interplay between natural and anthropogenic drivers
- Anthropocene, Volume 46, 2024, 100431, ISSN 2213-3054.
- DOI: 10.1016/j.ancene.2024.100431