UPV/EHUk matrikula itxi du 45 gradutan, haietariko 13tan 10etik gorako notarekin
Ia plazarik gabe dauden beste hamar bat titulaziok 10etik gorako gutxieneko nota izango dute
- News
First publication date: 30/07/2019
Pasa den ostiralean, uztailak 26, graduko matrikula egiteko hirugarren deialdia egin zen, uztaileko azkena. 8.200 ikaslek baino gehiagok egin dute matrikula epe horretan, non Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa ekainean gainditu zuten Batxilergoko ikasleak matrikulatzen diren, beste talde batzuen artean (Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urtetik gorakoak eta titulatuak, besteak beste).
Uztaileko matrikulazio epe horretan 45 gradu itxi dira, eta haietariko 13tan gutxieneko nota 10etik gorakoa izan da. Beste gradu asko betetzear daude, matrikula baldintzatuen ebazpenaren zain —beste unibertsitate publiko baten erantzuna jaso behar duten ikasleek matrikula baldintzatua egingo dute—, eta talde horretan beste zortzi titulaziok 10etik gorako nota eskatzen dute. 10 baino nota altuagoa eskatzen duten titulazioak hauexek dira (beltzez itxita daudenak):
- Gradu bikoitza: Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa 12,557
- Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua 12,481
- Medikuntzako Gradua (euskaraz) 12,480
- Medikuntzako Gradua 12,453
- Bioteknologiako Gradua 12,108
- Odontologiako Gradua 11,917
- Fisikako Gradua 11,812
- Matematikako Gradua 11,472
- Fisioterapiako Gradua 11,420
- Gradu bikoitza: Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza 11,399
- Gradu bikoitza: Farmazia + Giza Nutrizioa eta Dietetika 11,350
- Erizaintzako Gradua (Bizkaiko Campusa) 11,262
- Erizaintzako Gradua (Ikastegi atxikia) (Arabako Campusa) 11,097
- Erizaintzako Gradua (Gipuzkoako Campusa) 11,034
- Biologiako Gradua 10,900
- Ingeniaritza Elektronikoko Gradua 10,706
- Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua 10,604
- Lehen Hezkuntzako Gradua (Hirueleduna) (Bizkaiko Campusa) 10,393
- Gradu bikoitza: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Zuzenbidea (Bizkaiko Campusa) 10,228
- Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradua 10,210
- Farmaziako Gradua 10,033
Oraindik irailean matrikula egiteko hiru epe geratzen dira: laugarren deialdia, irailaren 2an eta 3an; bosgarrena, irailaren 6an, eta seigarrena eta azkena, irailaren 13an.
Araceli Garín, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak, nabarmendu duenez: “Aurten ikusi dugu aurreinskripzio kopurua igo dela Euskal Herriko Unibertsitateak eskainitako gradu gehienetan. Gehien eskatu ohi diren titulazioak alde batera utzita, Erizaintza edo Matematika graduetan, adibidez, aurreinskripzioek eskainitako plazen kopurua hirukoiztu dute, eta, gainera, aurreinskripzio horiek ikasle bikainek egin dituzte. Haren seinale aurtengo gutxieneko nota altuak dira”.
Aurten 15.611 ikasle aurreinskribatu dira UPV/EHUn, iaz baino 9 % gehiago, 2019-2020 ikasturtean graduko ikasketak egiteko.
Informazio gehiago:Unibertsitaterako sarbidea