Energiaren kontsumoan urtean 2,5 milioi euro baino gehiago aurreztea lortu du Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) 2019. urtetik. Kontsumo egonkor, iraunkor eta, batez ere, jasangarria lortzera bideratutako hainbat neurriren emaitza izan da hori.
UPV/EHUk urtean 2,5 milioi euro murriztu du energia kontsumoa
Abian jarri diren ekintzei esker, nabarmen murriztu dira kontsumoen zifrak azken 5 urteotan: argindarra (-%17), gas naturala (-% 50,00) eta gasolioa (-% 35,11).
- News
First publication date: 26/12/2024
Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, Gorka Morenok, azaldu duenez, “gure helburua ez da eguneroko beharrizan ekonomikoei lotutako premia puntual bati aurre egitea. Kontsumo jasangarriagoa lortu nahi dugu, betiere, NBEk ezarri dituen Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatuta; Euskal Herriko Unibertsitatearentzat gestio lanetarako ardatz bilakatu baitira helburuok. Azpimarratu nahi dut unibertsitateko kide guztien parte hartzeak egin duela posible helburu hau lortzea. Pertsona eta kolektibo askoren konpromisoa egon ez balitz, hau ez zatekeen posible izango”.
Laburbilduz, azken 5 urteetan mailaka ezarri diren hainbat neurriren fruitu izan da lortutako aurrezkia. Alde batetik, unibertsitateko kideen artean aurrezpena eta kontzientziazioa bultzatzeko neurriak ezarri dira, eta honako emaitza hauek lortu: argindarraren kontsumoa 39 milioi kWh-koa izatetik 34 milioikoa izatera pasa da 5 urteotan; gas naturalaren kontsumoa 36 milioi kWh-koa izatetik 22 milioikoa izatera pasa da urtealdi berean; eta gasolioaren kontsumoa 153.892 kWh-koa izatetik 99.859 kWh-koa izatera. Hortaz, kontsumoan izan den beherakada -% 12,46, % 39,23 eta -% 35,11koa izan da, hurrenez hurren.
Instalazio berriak martxan jarri izana ere funtsezkoa izan da bide horretan. 2023. eta 2024. urteetan soilik, 19 lan egin dira eraikinen energia kontsumoa minimizatzeko eta energia berriztagarriak areagotzeko. Egitura berri horietatik, 8 instalazio fotovoltaikoak dira, 3 geotermia instalazioak, 7 aerotermia instalazioak eta 1 hidrotermia instalazioa. Instalazio berri horiei guztiei esker, -% 4,51 murriztu da argindarraren kontsumoa eta -% 11,40 gas naturalarena.
Leioa-Erandioko Distric Heatin erregulazio eta kontrolerako sistemak eragiten du unibertsitate osoko gas naturalaren kontsumoaren % 40 baino gehiago, eta, beraz, hura berriztu izanak ere lagundu du kontsumoa murrizten. 2025. urtera begira, murrizketa -% 3,85koa izatea aurreikusten da.
Horri guztiari gehitu behar zaizkio 10 eraikinetako azpiegituretan egin diren beste hobekuntza lan batzuk, estalkiak eta fatxadak birgaitzeko lanak, arotzeriaren berriztatzea eta beste 9 eraikinetako gune komunetako LED argiztapenaren ordeztea.
Aipatu hobekuntza guztiak kontuan hartuta, kontsumoan aipatu murrizketa lortzea aurreikusten da 2025. urterako. Elektrizitatea: - 6.766.021 kWh (-% 17); Gas naturala: - 18.432.619 kWh (-% 50,00); eta Gasolioa – 54.033 kWh (-% 35,11).