euskaraespañol

Image of the day

Zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleei laguntzeko deialdi berria onartu du UPV/EHUk

2011-2012 ikasturtetik, 402 ikaslek jaso dituzte laguntza horiek matrikula ordaintzeko gerora sortutako gorabeherak direla eta

First publication date: 26/04/2024

Euskal unibertsitate publikoan programa hau abian jarri zenetik (2011-2012 ikasturtea), 400 ikaslek baino gehiagok jaso dute laguntza | Photo: UPV/EHU.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleei laguntzeko deialdi berria onartu zuen joan den asteazkeneko saioan. Bat-batean sortutako edo denboran zehar dirauten arazo ekonomikoak dituzten ikasleek ikasten jarraitzeko laguntzak (bueltatu beharrekoak) biltzen dira deialdian. Laguntza horien bitartez, unibertsitate publikoak ikasketak hasi edo jarraitzeko aukera bermatu nahi die hartarako gaitasuna duten guztiei, nahiz eta, inguruabar pertsonal edo familiar larrien ondorioz, matrikula ordaintzeko arazo ekonomikoak izan.

Ikasleen eta enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak, Fernando Tapiak, adierazi legez, “laguntza hauek berebiziko garrantzia dute; izan ere, unibertsitateko ikasketetan aurrera egiteko eta, batzuetan, ikasketak amaitzeko aukera ematen zaie laguntzarik gabe unibertsitatea utzi beharko luketen ikasleei. Hori horrela, funtsezkoak dira Euskal Unibertsitate Publikoaren hezkuntza politika inklusiboan, inork ez baititu unibertsitateko ikasketak alde batera utzi beharko matrikula ordaindu ezin izateagatik”.

Gradu eta masterreko ikasleei zuzenduta daude laguntzok eta, horien bitartez, matrikularen zenbateko osoa ordaintzeko falta zaiena ordaindu ahal izango dute hartzaileek. Egoera hauetan dauden ikasleek dute laguntza eskatzeko eskubidea: familiaren sostengua bermatzen duen pertsonaren heriotza; pertsona hori langabezian egotea edo enplegu erregulazioko espedientea izatea; gaixotasun edo istripu larria; edota premiazko beste edozein inguruabar, betiere Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak halakotzat jotzen badu.

Laguntzak eskatu ahal izateko, ikasleak matrikulan jasotako irakasgaien %75era aurkeztu beharko du gutxienez. Deialdian aurreikusi legez, laguntzon zenbatekoa bi eratara itzuli ahal izango zaio unibertsitateari: zenbateko osoa dirutan ordainduz, edo unibertsitatearekin lankidetzan jardunez (jarduera horiek ezin izango dira ordaindutako zerbitzu profesionalen ordezko izan).  

Euskal unibertsitate publikoan programa hau abian jarri zenetik (2011-2012 ikasturtea), 400 ikaslek baino gehiagok (402, zehazki) jaso dute laguntza. Multzo horretatik, 189 ( % 47) emakumeak izan dira eta 203 ( % 53) gizonak. Onartutako laguntzaren guztizko zenbatekoari dagokionez, 448.000 eurokoa izan da, eta horietatik 110.000 euro inguru konpentsatu dira unibertsitateak antolatutako jardueretan parte hartuz, eta gainerakoa eskudirutan.