euskaraespañol

Image of the day

Euskal Herriko Unibertsitateak emakumeen nazioarteko eguna ospatuko du genero-alborapenak ezabatzeari buruzko programa batekin

Aste osoan UPV/EHUko ikastegietan antolatutako jarduera ugariei amaiera emango die martxoaren 10ean Donostian egingo den ekitaldi instituzionalak, errektorea buru dela

  • News

First publication date: 06/03/2023

‘Mundu digital inklusibo baten alde: Berrikuntza eta teknologia genero berdintasunerako’ lelopean, Euskal Herriko Unibertsitateak emakumeen nazioarteko eguna ospatuko du. Elena Leiñena Berdintasunerako zuzendariak azaldu duenez, “NBEren goiburua. bereziki, hezkuntzaren arloan ardurak ditugunoi interpelatzen digu. Unibertsitatea funtsezkoa da gizarte bidezkoago eta berdinzaleagoa eraikitzea ahalbidetuko duen garapen teknologikorako, eremu digitalean eta Adimen Artifizialaren garapenean genero-joerak ezabatuz, teknologiaren ezagutza eta sarbidea zabalduko dituen pentsamendu kritiko batetik abiatuta”. 

“Unibertsitate-erakundearen funtzio nagusietako bat, bereziki unibertsitate publikoarena, gizarte-errealitatea eraldatzen duen eragile, benetako aldaketa-eragile bihurtzea da. Alde horretatik, UPV/EHUk genero-rolak eta -joerak deseraikitzen lagundu behar du, dagoeneko laguntzen ari da, euskal emakumeek beren nortasuna garatu eta etorkizuna ahalik eta modurik askeenean aukeratu dezaten”, azpimarratu du Eva Ferreira errektoreak. 

“Gai izan behar dugu genero-estereotipoek pertsonen prestakuntzari eta lanbideari edo garapen integralari buruzko hautaketetan eragotz ez dezaten”, gehitu du Leiñenak Helburu horrekin UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzan antolatzen diren ikastaroetan mila pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte joan den ikasturtean, ikasleen, administrazio eta zerbitzuetako langileen eta irakasle eta ikertzaileen artean. STEAM Batzordea ere jarri da abian, irakaskuntza- eta ikerketa-taldeak jakintza-arlo horietan genero-joerak ezabatzeko egiten ari diren jarduerak koordinatzeko eta harmonizatzeko. Horixe da, hain zuzen ere, unibertsitatearen 2022-2025 Plan Estrategiko berriak genero-berdintasunaren arloan ezarri dituen bi helburu nagusietako bat. 

 

Emakumeen lidergoa sustatzea 

Bigarrena, Berdintasunerako zuzendariaren hitzetan, emakumeen lidergoa sustatzea da, bai unibertsitate-eremuan, bai gizartean oro har. “Unibertsitate-kudeaketan, gobernu-taldea paritarioa da, eta emakumezko errektore batek zuzentzen du bigarren aldiz jarraian; hori da Espainiako estatuko unibertsitate batean gertatzen den lehen aldia. Gure zentroak (fakultateak eta eskolak) emakumeek zuzentzen dituzte, % 42,11ko proportzioan. Beraz, oraindik badago hobetzeko tarterik, baina dekanordeetan eta zuzendariordetzetan emakumeak % 53,68 dira. Gure unibertsitateak 2011. urtean ezarri zituen ordezkaritza-organoetarako kremailera-zerrendak. Eta aurten, beste urrats bat eman dugu Gobernu Kontseiluak 2022ko uztailean onartu zuen hauteskunde-araudi orokorraren erreformarekin, kandidaturak aurkezteko sistema aldatu baitu, bai eta kide anitzeko organoetako ordezkarien esleipenarena ere, horietan emakumeen gutxieneko ehuneko bat egotea bermatzeko helburuarekin.” 

Baina oraindik lana geratzen da kristalezko sabaia apurtzeko goi-mailako lanbide-kategorietarako sarbidean. Irakasle eta ikertzaileen artean, irakasle katedradunen edo irakasle osoen ehunekoa % 26 ingurukoa da oraindik, eta proiektuak eta ikerketa-taldeak zuzentzen dituzten pertsonen artean, % 41 emakumeak dira. Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalean, plantillan emakumeen ehunekoa askoz ere handiagoa bada ere (% 63,58), txikiagoa da A1 taldeko (doktoretza, lizentziatura, gradua, ingeniaritza, arkitektura edo baliokidea) lanpostuak betetzen dituztenen ehunekoa (% 60,45). “Alde horretatik berdintasunerantz jotzeko, unibertsitateak zazpi urte daramatza akademikoen lidergorako Akademe programarekin. Eta AZPren esparruan, helburu berarekin, A-Leader programa garatzen ari da aurten lehen aldiz.” 

Jarduera ugari hiru campusetako zentroetan 

Emakumeen nazioarteko eguna ospatzeko, unibertsitateak jarduera ugari egingo ditu aste honetan hiru campusetako zentroetan. Horrela, zientziaren hainbat adarretan genero-ikuspegia duten lan akademikoak eta jardunaldiak aurkezteaz gain, argazki-erakusketak, ikus-entzunezko aurkezpenak eta musika- eta antzerki-emanaldiak egingo dira, guztiak leitmotiv bakar batekin, emakumeak eta berrikuntza. “Era berean, ikastegi batzuek errebindikazioaren alde egin dute, morea kolore adierazgarri gisa erabiliz eta ikastegiak, eremu komunak eta bulegoak zeinu bereizgarri bereziekin apainduz”, Berdintasunerako zuzendariak adierazi duenez. Programa osoa helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.ehu.eus/eu/web/berdintasuna-direccionparalaigualdad/8-marzo-2023-dia-internacional-de-las-mujeres

Horri guztiari amaiera emateko, Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasunerako Zuzendaritzak ekitaldi bat egingo du martxoaren 10ean, Donostian, errektorea buru dela. “Ekitaldi horrek 7 emakume omenduko ditu, beren lan-jardueran erreferente izateaz gain, gure unibertsitateko emakume guztiok ibilbide errazagoa izaten lagundu baitute. Halaber, Francisca de Aculodi, María Goyri eta Micaela Portilla sariak emango zaizkie genero ikuspegia duten gradu amaierako lanei, master amaierako lanei eta tesiei, hurrenez hurren. “Gure bi bertsolari gazteren hitzaldiak amaiera emango dio 2023ko martxoaren 8ko ospakizunari, lorratzak luze irauteko asmoarekin”, ondorioztatu du Elena Leiñenak.