euskaraespañol

Image of the day

EAEko lau lagunetik batek sentitzen du nahi gabeko bakardadea

UPV/EHUk azaldu du sentimendu hori zabalduago dagoela adinekoetan eta heldu gazteetan, eta maila sozial babesgabeenetan

  • Research

First publication date: 10/12/2020

Yolanda González-Rábago eta Unai Martin, OPIK ikerketa-taldeko kideak

UPV/EHUko OPIK ikerketa-taldeak ikertu du zenbateko prebalentzia daukan nahi gabeko bakardadeak bizi-ziklo osoan, eta desberdinkeria sozialen arabera; halaber, ebatzi du eragin handia duela osasunean oro har eta osasun mentalean, bereziki heldu gazteen populazioan. Emaitzek, ”Gaceta Sanitaria aldizkarian argitaratu direnak, agerian jarri dute garrantzitsua dela nahi gabeko bakardadea murrizteko esku-hartzeak diseinatzea, baita adin-talde gazteentzat ere, zuzentasun-ikuspegi batetik.

Gure sare sozialaren benetako ezaugarrien eta desio ditugunen arteko aldeak eragiten duen sentimendu gisa definitzen da nahi gabeko bakardadea. Gure ingurunean, gero eta kezka handiagoa eragiten du gai honek, bai arlo mediatikoan, bai gizartearen eta osasun publikoaren ikuspegitik ere. Arazo honek duen tamainaren, bilakaeraren eta osasunean dituen eraginen ondorioz, osasun publikoko arazo garrantzitsutzat hartzen da gaur egun. Azken urteotan, gai honi buruzko literatura zientifikoa ugarituz joan da, eta agerian geratu da nahi gabeko bakardadeak baduela eragina osasunean. Nazioartean egindako ikerketa batzuek erakutsi dute bakardadea lotuta dagoela osasun orokorreko egoera okerragoarekin, hilkortasun handiagoarekin (kausa edozein delarik ere), hipertentsioa eta gaixotasun koronarioak izateko arrisku handiagoarekin, osasun mentaleko arazoekin, bai eta osasunarentzat kaltegarri diren jokaerak izateko probabilitate handiagoarekin ere.

UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko OPIK Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldeak ebatzi du nahi gabeko bakardade-sentimendua daukatela EAEko emakumezkoen % 29,7k eta gizonezkoen % 23,3k. Baieztapen hori egin dute 2018ko EAEko Osasun Inkestan parte hartu zuten 5.700 lagunen datuak aztertu ondoren. Lanaren egileetako batek, Unai Martín doktoreak, adierazi duenez, “bakardadea osasun publikoko arazo bat da, eta ez die bakarrik adineko pertsonei eragiten. Izan ere, bakardadearen prebalentzia altuagoa da 80 urtetik gora, baina eragin handiagoa dauka 25 eta 44 urte bitarteko lagunen osasunean”.

(...) bakarrik sentitzeko arriskua desberdina izan zen sexuaren eta posizio sozioekonomikoaren arabera 

Ikerketan hauteman dutenez, “bakarrik sentitzeko arriskua desberdina izan zen sexuaren eta posizio sozioekonomikoaren arabera —adierazi du—. Nahi gabeko bakardadearen prebalentzia handiagoa izan zen emakumezkoetan (gizonezkoena baino % 30 handiagoa), eta nabarmen handiagoa izan zen eskulangintzari dagokion klase sozialeko lagunen artean eskulangintzari ez dagokion klase sozialekoen artean baino”. Nahi gabeko bakardadearen eta osasunaren arteko erlazioa aztertzean, ikusi zuten handiagoa zela bakarrik sentitzen diren pertsonek beren buruaz duten osasun-pertzepzio txarraren prebalentzia (bi aldiz handiagoa) eta osasun mental txarraren prebalentzia (lau aldiz handiagoa). Horrez gainera, egileak adierazi duenez, “pertsona heldu gazteen artean handiagoak izan ziren bakardadearekin lotutako desberdintasun sozialak eta orobat bakardadearen eta osasun txarraren arteko lotura. Osasunaren gain duen eragina, beraz, handiagoa izan liteke pertsona gazteengan, adinduengan baino”.

Bakardadea murrizteko esku-hartzeen beharra

Unai Martínen iritziz, ikerketaren emaitzek ondorio garrantzitsuak dituzte nahi gabeko bakardadea murrizteko eta prebenitzeko esku-hartzeetarako, eta nabarmendu egiten dute bizi-zikloaren eta desberdintasun sozialen garrantzia. “Bakardadea osasun publikoko arazoa da, eta ez adinduentzat bakarrik; pertsona eta talde guztiei eragiten dien kontu bat da, baina prebalentzia handiagoa du bereziki klase sozial baxuenetan. Beraz, merezi du arazo honi fokua jartzea eta pentsatzen hastea zergatik dauden nahi gabeko bakardadearen hain maila altuak, zergatik sentitzen diren bakarrik hainbeste pertsona; gainera, garrantzitsua da kontuan hartzea zer eragin duen horrek osasunean, eta bakarrik sentitzearen prebalentzian desberdintasun sozialek edo posizio ekonomikoak duten eraginean”, nabarmendu du Martín doktoreak.

Ikerketa honetako datu guztiak COVID-19ak eragin duen pandemiaren aurretikoak dira, eta, testuinguru horretan, UPV/EHUko ikertzaileak dei egiten du pertsonen bakardadea arintzearekin lotutako gaiak sartzera agendan: “Gaur egun bizi dugun honen guztiaren aurretik halako bakardade-sentimendua baldin bazegoen, eta erakusten badugu bakardadeak osasun orokorrerako eta osasun mentalerako zer garrantzi duen, pentsa zein izango den egoera orain bizi dugun krisi honetan, zeinetan oso gutxi hartu baita aintzat epidemiaren kudeaketa pertsonen osasunean izaten ari den eragina, kutsatzeetatik harago. Litekeena da pairatzen ari garen nolabaiteko bakartze sozial hau osasunean inpaktu handia eragiten aritzea”, esanez amaitu du.

Bibliographic reference