euskaraespañol

image of the day

Argiak eta ur-emariak erregulatzen dute ibaien metabolismoa

UPV/EHUko ikertzaile bat AEBko 200 ibai baino gehiagoren metabolismoa aztertu duen lan batean parte hartzen ari da, klima-aldaketak ibai-ekosistemetan izango dituen ondorioak aurreikusteko

  • Research

First publication date: 19/05/2022

Maite Arroita ikerlaria. | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU

PNAS aldizkari entzutetsuak berriki argitaratu duen ikerlan baten arabera, argia eta ur-emaria dira ibaien metabolismoa erregulatzen duten faktoreak. AEBko 222 ibaitako neurketa-estazioetan lortutako milioika datuetatik ebatzi duten ondorio hori oso lagungarri izango da ibai-ekosistemen dinamika eskalatu eta modelizatzeko, eta funtsean alda dezake ibaiak aztertzeko modua. Ikerketan, UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaile batek hartu du parte.

Lurreko ekosistemetan, tenperaturak eta prezipitazioek azaltzen dituzte lurreko produktibitatean gertatzen diren aldaketa gehienak, eta biomak definitzeko erabiltzen dira. “Lurrean oso ondo ezagutzen da zer aldaketa gertatzen diren ekosistemen metabolismoan, bai urtaroaren arabera, bai sistemaren arabera. Jakina da tenperatura eta prezipitazioa direla hori kontrolatzen duten faktore nagusiak, eta, horien arabera, badakigu zer landaredia- eta animalia-mota edukiko dugun, zer fisionomia izango duten, aurresan dezakegu ekosistema batek nola funtzionatuko duen eta abar. Baina ibaietan ez da berdin. Gabezia handi bat zegoen, batez ere daturik ez geneukalako”, dio Maite Arroita UPV/EHUko doktoreak (Stream Ecology ikerketa-taldekoa).

Hain zuzen ere, Maite Arroita, UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzailea, lankidetzan aritu da AEBko zenbait unibertsitaterekin, eta ondorioztatu dute argiak eta ur-emariak erregulatzen dutela ibaien metabolismoa. PNAS aldizkari entzutetsuak eman du ikerketa horren berri. Ikerketan, AEBko 222 ibairen uraren kalitatea neurtzeko estazioetako milioika datu erabili dituzte: “Tenperatura, oxigeno-kontzentrazioa, emaria, pH-a, eroankortasuna… oso maiz neurtzen dira, estazioaren arabera: hainbat urtez, 10 edo 15 minututik behin, ordu-erdian behin... Datu horietatik, ibaien metabolismoa kalkulatu dugu; ibaien urtarokotasuna aztertu eta patroiak bilatu ditugu, ikusteko espazioaren eta denboraren araberako desberdintasun horiek zer faktorek sortzen dituzten”, azaldu du.

Aurrerapen handia ibaien zientzian

“Fotosintesia da metabolismoaren prozesu nagusietako bat. Argirik ez badago, ez dago fotosintesirik. Argiaren eskuragarritasuna asko aldatzen da urtaro batetik bestera, baina baita sistema batetik bestera ere, topografiaren arabera, klimaren arabera, ibar-basoen estalduraren arabera, uhertasunaren arabera... Argiaren aldakortasun horrek azaltzen du metabolismoan gertatzen diren aldaketen proportzio handiena”, zehaztu du ikertzaileak.

Bestalde, ibaietan, emaria edo erregimen hidrologikoa da beste ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Ikertzaileak honela azaltzen du: “Emariak hainbat modutan eragin diezaioke metabolismoari. Alde batetik, ekaitz baten ondoren, sedimentu gehiago iristen da ibaietara, uhertasuna handitzen da, eta argi-eskuragarritasuna murrizten. Horrez gain, oso euri-jasa indartsuak gertatzen direnean, are handiagoa izan daiteke emariaren eragina, sedimentuak ere mugitu baititzake, eta sedimentuekin batera baita bertan dauden bizidunak ere. Orduan, biomasa murrizten da, biomasa ibilguan behera baitoa. Emaria oso aldakorra denean, oso maiz gertatzen dira halako asaldurak, eta asko mugatzen du metatzen den biomasa”.

Lan honetan erabilitako metodologiak eta tresnak oinarri hartuta, Gipuzkoako ibaien datu-basea aztertzea du helburu Arroitak

Lan honek orain arte zegoen hutsune bat bete du. Bi faktore horietan oinarritutako sailkapen-eskema batekin, “asko aurreratu daiteke ibaien zientzian, orain hobeto ulertzen baitugu zerk kontrolatzen duen benetan ibaien metabolismoa. Gainera, kudeaketarako oinarri gisa erabil daiteke; izan ere, ibai-ekosistemen dinamika eskalatzeko eta modelizatzeko gaitasuna hobetzen da, eta funtsean alda daiteke ibaiak ikertzeko modua”, dio Arroitak. Klima-aldaketak eragin handia izango du ibai-ekosistemen funtzionamenduan, “eta lortutako emaitzei esker, hobeto aurresan ahal izango dugu zer aldaketa edo ondorio gertatuko diren, baita nola saihestu ere”.

Lan honetan erabilitako metodologiak eta tresnak oinarri hartuta, Gipuzkoako ibaien datu-basea aztertzea du helburu Arroita doktoreak: “Oso datu-base handia dauka Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gipuzkoako ibaietan kokatutako 13 neurketa-estazioren 20 urteko datuak dauzkagu aztertzeko. Beste inon ez da halako datu-base handirik, denborari dagokionez. Denboraren araberako aldaketak aztertu nahi ditut, besteak beste, ibaien historia eta zer aldaketa gertatu diren aztertzeko, aurreikuspenak egiteko, etab.”.

Bibliographic reference

  • Emily S. Bernhardt, Phil Savoy, Michael J. Vlah, Alison P. Appling, Lauren E. Koenig, Robert O. Hall Jr., Maite Arroita, Joanna R. Blaszczak, Alice M. Carter, Matt Cohen, Judson W. Harvey, James B. Heffernan, Ashley M. Helton, Jacob D. Hosen, Lily Kirk, William H. McDowell, Emily H. Stanley, Charles B. Yackulic, and Nancy B. Grimm
  • Light and flow regimes regulate the metabolism of rivers
  • PNAS
  • DOI: 10.1073/pnas.2121976119