euskaraespañol

Image of the day

Euskampus Fundazioak bederatzi lankidetza proiektu bultzatuko ditu, COVID19aren pandemiari aurre egiteko

UPV/EHUk, Bordeleko Unibertsitateak, TECNALIAk eta DIPCk erantzun kolektibo, lokal eta mugaz gaindiko bat eskaintzen dute, osasun krisiari eta haren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko, Euskampus Erresilientzia Programaren barruan

  • News

First publication date: 19/10/2020

Igor Campillo, Iñaki San Sebastián, Nekane Balluerka eta Javier Aizpurua. Argazkia: UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoreak, TECNALIA Ikerketa eta Garapen Teknologikoko CEOk, Donostia International Physics Center-eko (DIPC) zuzendariak eta Bordeleko Unibertsitateko (UBx) errektoreak 9 lankidetza proiekturen onarpena iragarri dute. Ekimen horren helburu nagusia da erakunde horietako ikertzaileek lankidetzan jardun dezaten, COVID19aren pandemiari lotutako askotariko erronkei aurre egiteko. Proiektuek inpaktu zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta sozial handia izan dezakete, eta hainbat alderdi lantzen dituzte, hala nola: diagnostiko eta iragarpen fidagarriak; prebentzio eta tratamendu eraginkorrak; kutsaduren jarraipena eta trazabilitatea; mehatxu biologikoei aurre egiteko babesa eta ekipamenduak; eta krisi hau edo etorkizunean etor daitezkeenak aurreikustea eta gainditzea, berreskuratzeko gaitasuna eta gizarte erresiliente baten sorrera bultzatuz.

Euskampusen lankidetzan diharduten erakundeek 230.000 euroko funts bat jarri dute ko-finantzaketa eskema baten bidez lankidetza estimulatzeko proiektu horiek garatzeari begira. Horietako askok finantzaketa bide osagarriak dituzte, eta beste programa batzuetatik (Euskadikoak, estatukoak eta europarrak) funts gehiago lortzeko asmoa dute guztiek, planteatutako ikerketa lerroetan aurrera egiteko. Programa honen berezitasuna da, hain zuzen, lankidetzan eta baterako gaitasun zientifiko-teknologikoen aktibazioan oinarritzen dela, proiektu konplexuagoei aurre egiteko eta ikerketaren inpaktua biderkatzeko. Proiektuek diziplina anitzeko ikuspegi bat dute, eta horietan lehen aipatutakoen artetik bi erakunde daude inplikatuta gutxienez; horrez gain, beste ikergune batzuk ere inplikatuta daude, eta proiektuetako batean Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak parte hartzen du.

Oraingo egoera honetan ditugun erronken konplexutasunak baterako ekintzak sustatzea eskatzen du, diziplina barruko dinamikak gaindituko dituzten planteamendu berritzaileen bidez. COVID19 munduko pandemia deklaratu eta horren ondorioz osasun larrialdi egoera ezarri zenetik, UPV/EHUko, TECNALIAko, DIPCko eta UBx-ko ikertzaileek erantzuteko gaitasun handia erakutsi dute, ikerketa proiektu asko planteatuz eta askotariko deialdi publiko eta ekimen pribatuetan parte hartuz. Lau erakundeak I+Gren oinarrizko eragileak dira, haien tamaina eta bikaintasuna direla eta. Era berean, haien gaitasunak guztiz osagarriak dira, eta Euskampus Fundazioaren bidez egituratutako aliantza estrategiko baten bitartez daude harremanetan, baterako eragiketa programen bidez.  Lau erakundeek lankidetza programa bat abian jartzea erabaki zuten, Euskampus bidez, krisiari erantzun bateratu bat emateko eta, horrela, beren ahaleginen eraginkortasuna eta beren gaitasunen inpaktua areagotzeko.

Euskampus Erresilientzia Programa ekainaren amaieran ireki ondoren, hilabeteko epe bat finkatu zen erantzunak jasotzeko. Gero, kanpo ebaluazio bat egin zitzaien, bikaintasuna bermatzeko eta programa hau ekimen berezi izatea ahalbidetzen duten alderdiak baloratzeko: erronketara orientatuta egotea, erakundeen baterako lidergoa, ikertaldeen osagarritasuna eta diziplinartekotasuna, oraingo edo etorkizuneko beste programa batzuen baliabideak mobilizatzea, proiektu bakoitzaren balizko inpaktua identifikatzea, eta ikerketa eta berrikuntza arduratsuko hainbat alderdi sustatzea (sarbide irekia, genero berdintasuna, konpromiso publikoa, etab.).

Kanpo ebaluazio horretan oinarrituta, gaur aurkeztu diren 9 proposamenak aukeratu ziren. Proposamen horiek, gutxi-asko, irizpide horiek betetzen dituzte, eta agerian uzten dute lau erakundeetako ikertzaileen erantzuteko gaitasuna. Amaierako aukeraketan, lehentasuna eman zaie hainbat alderdiri, hala nola proiektuen gizarte proiekzioa, hasi berri diren lankidetzen bultzada, eta proiektuek oraingo krisiaz harago izan dezaketen ibilbidea.

Agerraldiko parte hartzaileek gogoratu dute, halaber, datorren urriaren 30ean Euskampus Bordeaux Eguna egingo dela. Urteko topaketa horretan, mugaren bi aldeetako irakasleek eta ikertzaileek beren jardun kooperatiboaren aurrerapenak partekatzen dituzte. Aurten, topaketak edukiera mugatua izango du, eta linean emango da Miramar Jauregitik, UPV/EHUko Udako Ikastaroen azpiegituraz baliatuta.

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkaren iritziz, “Gure erakundeen arteko lankidetza, posiblea eta desiragarria ez ezik, guztiz beharrezkoa ere bada aurrez aurre ditugun erronkei ekiteko, eta Euskampus Erresilientzia Programa horren adibide paregabea da. Ekonomia eta osasuna berreskuratzeko bidean pausoak eman ahal izango ditugu soilik elkarrekin joaten bagara. Egiazko lankidetza, azken hamar urteetan Euskampusen eraiki denaren parekoa, bide egokiena da, ekitate eta jasangarritasunerantz aurrera egiteko, eta euskal gizarte dinamiko eta aktibo bat lortzeko, unean-unean sortutako erronka konplexuei erantzuteko gai izango dena.”

Iñaki San Sebastian, TECNALIAko CEOak hauxe adierazi du: “Krisi honetan zerbait ikasten ari bagara, hau izan behar da: zientzia eta teknologia, gure ikertzaileen etengabeko ahalegina, funtsezko jarduerak dira,  hala pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, nola gure enpresen sarea gero eta lehiakorrago izateko,  bizi ari garen testuinguru konplexu honetan”.

Bestalde, DIPCko ordezkari Euskampus Fundazioan Javier Aizpuruak zientziaren balioa nabarmendu du, gaurkoa bezalako testuinguru batean: “Hau bezalako krisi batetik eta etorkizunean etor daitezkeenetatik ez gara soilik zientzia gehiagorekin aterako; alabaina, hura gabe ezingo gara inola ere atera. Oinarrizko ikerketaren, zientzia aplikatuaren, garapen teknologikoaren, kulturaren eta ezagutza forma guztien alde egiten jarraitu behar dugu, bai eta bikaintasuna eskuratzeko baldintzak sortzearen eta mantentzearen alde ere, hortik etorriko baitira arazo konplexuetarako erantzunak, Euskampusen sustatzen dugunaren pareko lankidetza giro batean”.

Eta Bordeleko Unibertsitateko errektore Manuel Tuñón de Larak programan parte hartzen duten erakundeen arteko lankidetzaren balioa nabarmendu du: “Urrunago irits gaitezke gure lankidetzaren perimetroa handitzen dugunean eta mugaz gaindiko ingurune batean lan egiten dugunean, UPV/EHUrekin eta gure euskal bazkideekin egiten dugun bezala. Elkarrekin sortzen ari garen inpaktua ezingo genuke bakoitzak gure aldetik garatu”.

Onartutako bederatzi proiektuen zerrenda 

(Proiektuen izenak jatorrizko hizkuntzan agertzen dira)

1. SARSense. Conocimientos fundamentales sobre los mecanismos vinculantes para el diseño racional de sensores para la detección de SARS-CoV-2

IP1: Thomas Shäfer, POLYMAT UPV-EHU

Otros investigadores del grupo 1: Fernando P COSSÍO

IP2: Carmelo di Primo, Institut Européen de Chimie et Biologie, University of Bordeaux, INSERM U1212-UMR CNRS 5320

IP3: Ivan Rivill de la Cruz, DIPC

Otros investigadores del grupo 3: Juan José GOMEZ CADENAS

2. Covid-AR. Agudización de la crisis sanitaria de la resistencia a los antibióticos asociada a la pandemia Covid-19

IP1: Itziar Alkorta, Departamento de Bioquímica y Biología Molecular UPV-EHU,

Otros investigadores del grupo 1: Néstor ETXEBARRIA, Ailette PRIETO SOBRINO, Lucía GALLEGO

IP2: Marie-Helene Devier, EPOC UMR 5805 CNRS – University of Bordeaux

Otros investigadores del grupo 2: Hélène BUDZINSKI

IP3: Karmele Herrans-Pascual, TECNALIA

3. EISCOVID-19. Evaluación de Impacto en Salud de las medidas de gestión y control de la COVID-19 en Euskadi y Nueva Aquitania

IP1: Maite Morteruel, Departamento de Enfermería/ Facultad de Medicina y Enfermería UPV-EHU

Otros investigadores del grupo 1: Unai MARTÍN, Amaia BACIGALUPE

IP2: Ana Rivadeneyra-Sicilia, ISPED -Bordeaux Population Health-University of Bordeaux

Otros investigadores del grupo 2: Viviane RAMEL, Laurence KOTOBI, Marcela BENAVIDES

IP3: Elena Aldasoro, Departamento de Salud del Gobierno Vasco

4. BOTA-ROBOTA. Robot para la desinfección Covid-19 capaz de abrir puertas para desplazarse de modo autónomo en edificios

IP1: Damien SALLÉ, TECNALIA

Otros investigadores del grupo 1: Aitor IBARGUREN, José Luis OUTÓN MÉNDEZ, Dr. Hector HERRERO

IP2: Basilio SIERRA (Catedrático), Facultad de Informática, Grupo RSAIT, UPV-EHU.

Otros investigadores del grupo 2: Dra. Elena LAZKANO, Dr. Ekaitz JAUREGI, Dr. Igor RODRÍGUEZ

5. URJES. Una Respuesta a las cuestiones Jurídicas, Éticas y Sociales de las grandes crisis de salud pública

IP1: Pilar Nicolas Jiménez, Departamento de Derecho Público. GI Cátedra de Derecho y Genoma Humano UPV-EHU.

Otros investigadores del grupo 1: Iñigo DE MIGUEL BERIAIN, Itziar ALKORTA IDIAKEZ

IP2: Marie Lamarche, Facultad de Derecho- Universidad de Burdeos

6. INFECTON. Hacia biomarcadores universales de enfermedades infecciosas mediante sensores coloidales mediados por plasmones con la ayuda de visión artificial y aprendizaje automático

IP1: Marek Grzelczak, DIPC Nanochemistry and plasmonic lab

Otros investigadores del grupo 1: Javier AIZPURUA

Otros investigadores del grupo 2: David de Sancho, Grupo de Bioinformática -UPV-EHU; Elena Lazkano, Grupo RSAIT -UPV-EHU; Basilio Sierra Grupo RSAIT -UPV-EHU; Ignacio Arganda-Carreras, Grupo Machine Learning UPV-EHU.

7. CORTAR. Direccionamiento del receptor SARS-CoV-2 para el tratamiento de pacientes con Covid-19

IP1: Marc Landry, Institute of Neurodegenerative Diseases -University of Bordeaux, CNRS (UMR CNRS 5293)

Otros investigadores del grupo 1: Harald WODRICH, Marie-Line ANDREOLA, Thomas TRIAN

IP2: Rafael Rodríguez Puertas, Dept. Farmacología. Facultad de Medicina y Odontología, UPV-EHU.

Otros investigadores del grupo 2: Marta MORENO RODRIGUEZ, Jonatan MARTINEZ GARDEAZABAL, Iker BENGOETXEA.

8. RX-AI-Covid. Sistema de apoyo al diagnóstico en COVID-19 mediante análisis de radiografía de tórax para cribado rápido de síndromes respiratorios agudos

IP1: Arantza Bereciartua Pérez, TECNALIA

Otros investigadores del grupo 1: Estíbaliz GARROTE CONTERAS, Artzai PICÓN

IP2: Teodoro Palomares, Departamento de Cirugía, Radiología y Medicina Física, Facultad de medicina y enfermería UPV-EHU

Otros investigadores del grupo 2: Enrique AÑORBE MENDIVIL, Pilar AISA VARELA, Andrea VALERO MACÍA

9. COnfVID19 Desarrollo de modelos de pronóstico confiables para la gestión sanitaria

IP1: Borja Calvo Departamento de ciencias de la computación e Inteligencia Artificial, Facultad de Informática, UPV-EHU

Otros investigadores del grupo 1: Iñaki INZA, José Ramón RUEDA, Usue MORI, Leticia HERNANDO, Mikel RUEDA

IP2: Javier del Ser, TECNALIA

Otros investigadores del grupo 2: Esther VILLAR-RODRÍGUEZ, Ibai LAÑA

IP3. Santigo MAZUELAS, BCAM (BasqueCenter for Applied Mathematics)

Euskampus Fundazioari buruz 

Euskampus Fundazioa diziplinarteko eta eragile anitzeko lankidetza katalizatzeko eragile gisa konfiguratzen da, eta erakunde patroien baterako lidergoa bultzatzen du, erronka global handiei aurre egiteko eta zientziaren eta teknologiaren gizarte inpaktu gorena lortzeko:

  • Bikaintasuneko ikerketa zientifikoa eta teknologikoa sustatzen du lankidetzan, bai eta euskal unibertsitate, zientzia eta berrikuntza ekosistemaren eragileen integrazioa ere, mugaz gaindiko bokazioarekin eta nazioarteko dimentsioarekin.
  • Bazkideak elkarren artean konektatzen ditu, baita beharrezkoak diren beste eragile batzuk ere, beren baitan dituzten gaitasunen eta esperientziaren efektu biderkatzailea lortzeko, eta hori erronka sozial eta global handien mesedetan jartzeko.
  • Eragile guztien interkonexioa, kolaborazioa, parte hartzea eta inklusioa errazten du, diziplina anitzeko ikuspegi sistemiko baten bidez.
  • Dibertsitatea lantzeko indar berezia eta propioa dauka, mugaz gaindiko eta nazioarteko bokazio global batekin konbinatutako begirada lokal batetik abiatuta, eta lanketa hori oraingo testuinguruan nagusi den kultura eta hizkuntza anitzeko errealitatearen kontzepzio natural batetik egiten du.  

Sustatzaile edo partaide den programa guztietan, Euskampusek hainbat balio bultzatzen ditu, hala nola egiazko lankidetza, baterako lidergoa, elkarrenganako konfiantza, inklusibitatea, eskuzabaltasuna eta erantzukizuna, eta haren helburua da ekarpenak egitea erronka globalen aurrean erantzunak emateko eta gizarte inpaktu eta balio handiena lortzeko.

Euskampus Fundazioa 2011n sortu zuten UPV/EHUk, TECNALIAk eta DIPCk, Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruan. 2017an, Bordeleko Unibertsitatea sartu zen haren Patronatura. Euskampus Fundazioaren patronatuko kideak dira ere CAF eta Ormazabal-Velatia enpresak eta Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa.