euskaraespañol

Image of the day

Martin Haspelmath: «Hizkuntzek erabiltzaileentzat errazenak diren egitura gramatikalak lehenesten dituzte»

  • News

First publication date: 15/05/2023

Martin Haspelmath
Martin Haspelmath | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Martin Haspelmath, Antropologia Ebolutiboko Max Planck Institutuko ikertzaile seniorra (Leipzig, Alemania), egungo hizkuntzalari ospetsu eta eraginkorrenetako bat da. Hainbat unibertsitatetan ikasketak egin ondoren (Viena, Kolonia, Buffalo, Mosku eta Berlinen, besteak beste), Haspelmathen ikerketak hizkuntzen gramatika-egituren alderaketan zentratzen dira, hizkuntza-tipologia deritzanaren barruan, hizkuntza-sistemen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak aztertzen dituen diziplina hain zuzen ere.

Egun hauetan, Haspelmath Hizkuntzalaritza Teoriko eta Esperimentaleko Masterrean mintegi bat eskaintzen ari da Letren Fakultatean, ‘Universals of grammatical coding: cognitive and evolutionary explanations’ (Adierazpen gramatikalaren unibertsalak: azalpen kognitiboak eta ebolutiboak) izenburupean. Bertan, adierazpen gramatikalaren efizientziari buruzko teoria azaltzen ari da, esanahi eta egoera ohikoenak hain ohikoak ez direnak baino material morfosintaktiko gutxiagorekin kodifikatzen direla dioen behaketan oinarriturik.

Hizkuntzaren funtzionamendu efizientea (edo ekonomikoa) oinarri hartuta, bere teoriak, adibidez, singularraren eta pluralaren arteko adierazpen gramatikalaren ezberdintasunak azaltzen ditu: zenbakiaren balio singularraren (‘liburua’ forman bezala) ezaugarria da pluralak baino elementu formal gehiago ez izatea (‘liburuak’). Gauza bera esan daiteke aditzaren orainaldiaren eta geroaldiaren arteko edo adjektiboen gradu positiboaren eta konparatiboaren arteko adierazpen-kontrasteez (eta beste hizkuntza-ezaugarri multzo oso batean berdin). Ezberdintasun horien arrazoia forma gramatikalen erabileraren maiztasun ezberdinean datza: maiztasun handiagoarekin erabiltzen direnek (eta, beraz, aurresaten errazak direnek) agerpen formal murritzagora jotzen dute gutxiagotan erabiltzen direnek baino (azken hauek ez baitira hain aurresangarriak).

Orokortze sendoa da, eta badirudi ez duela pisuzko ebidentziarik aurkitzen kontrako norabidean; beraz, balio unibertsalekotzat har daiteke, eta hizkuntzalaritza orokorrerako ekarpen garrantzitsutzat aldi berean. Lehenago, Haspelmathek hizkuntzen gramatika-egituraketaren hainbat alderdi aztertu ditu, perpaus pasibo eta kausatiboetatik hasi eta izenordain mugagabe eta aditz serial deiturikoetaraino, maizenik ikuspegi konparatibo batetik, hizkuntza multzo zabal baten datuak erabiliz. 1993an, lezgieraren gramatika deskribatzailea argitaratu zuen (Dagestango hizkuntza, ekialdeko Kaukasoan), eta hori da oraindik ere hizkuntza horren azterketarako oinarrizko erreferentzia. Baina hizkuntzalaritzaren munduan oso ezaguna da, gainera, garrantzi handiko proiektu tipologiko globalak koordinatu edo gidatu dituelako, hala nola Hizkuntza Egituren Munduko Atlasa (WALS, edizio elektronikoa 2008tik aurrera) edo Pidgin eta Kreol Hizkuntzen Atlasa (2013).

Haspelmathek bere ibilbidean jorratu duen zeregin nagusietako bat hizkuntza-fenomenoak definitzea izan da, bereziki morfologiaren eta sintaxiaren arloetan. Gertakari horien analisia definizio zehatz eta zorrotzetan oinarritu behar dela azpimarratu ohi du. Horiek gero koherentziaz aplikatu behar dira. Horregatik, hizkuntzalaritzaren historian oso errotuta egon arren, edozein termino linguistikoren miaketa eta kritika sakona beharrezkoak jotzen ditu. Azterketa-elementu bakar bat ere ezin da automatikoki onartu soilik hizkuntzalariek erabili izan dutelako. Aitzitik, hurbilketa zientifiko batek oinordetzan hartutako kategoriak eta erabilerak zalantzan jartzera edo, gutxienez, horien gaineko gogoeta egitera behartzen du. Ironiaz adierazten duen bezala, terminologia gramatikala ‘minaz jositako eremua’ izan ohi da hizkuntzalarientzat.

Hainbat hizkuntza-korronteri buruz (batez ere Noam Chomskyren eskolako generatibismoari buruz) duen ikuspegi kritikoa posizio enpirizista batetik abiatzen da funtsean: fenomenoen behaketaren, hipotesi egiaztagarrien formulazioaren eta horien beharrezko egiaztapenaren arteko ohiko sekuentzia defendatzen duen ikusmoldetik, hain zuzen. Hizkuntzalaritza orokorraren eta konparatiboaren esparruan, horrek esan nahi du lehentasuna ematen zaiola hizkuntza bakoitzaren datuak aztertzeari, haren (eta oro har hizkuntzen) esentzia atzemateko edozein orokortze-mota formulatzen saiatu aurretik. Haspelmathek, horregatik, egitura gramatikalen azterketa konparatua bideragarri egin dezaketen analisi-tresna uniformeak ezartzeko beharra azpimarratzen du. Hizkuntzalaritzaren ikuspegi innatistaren aurrean, zeinarentzat hizkuntzaren gaitasun biologikoaren funtsezko osagaiak nolabait azaleratzen diren giza hizkuntza bakoitzean (frogatu ez den zerbait, bide batez), Haspelmathek hizkuntzalaritza ez-aprioristikoaren alde egiten du, fenomeno linguistikoen behaketa zuzenean eta horien azterketa konparatiboan oinarrituta hizkuntzen joera komunak eta are konfigurazio gramatikalen printzipio unibertsalak ondorioztatu ahal izateko.