euskaraespañol

image of the day

Ereño Gorria kareharria da mundu mailako ondarea osatzen duten 50 harrietako bat

Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak harri hau aitortu du K.o. I. mendetik arkitekturan edo eskulturan izandako erabilera dela eta

  • News

First publication date: 05/07/2024

Arantza Aranburu eta Laura Damas, UPV/EHUko Geologia saileko irakasleak eta ekimen honen bultzatzaileak. | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak (IUGS, ingeleseko siglatan) Ereño Gorria edo Bilbo Gorria kareharria Nazioarteko Ondare Harri izendatu du. Bizkaian ustiatzen dute kareharri hau, Gautegiz Arteagako edo Ereñoko harrobietan, besteak beste. Kolore gorri bizia du eta orain arte Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak Ondarearen Harri gisa izendatutako 50 harrietako bat da. Erakunde zientifiko horrek aitortutako beste harrietako bat da Carrarako marmola.

Gaur goizean, Asier Hilariok, IUGSko Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko zuzendariak, aitortza entregatu die Gautegiz Arteagako eta Ereñoko alkateei, Patrik Saituari eta Joseba Zarragoikoetxeari, hurrenez hurren.

Ekitaldi horretan izan dira, gainera, Gorka Moreno, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko campuseko errektoreordea; Fernando Plazaola, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko dekanoa; Laura Damas eta Arantza Aranburu, unibertsitate publikoko Geologia saileko irakasleak Alberto Santana, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondarearen buruzagia; eta Alex Franco, EEEko geologiako eta meatzaritzako baliabideen saileko arduraduna.

Laura Damasek, UPV/EHUko Geologia saileko ikerlariak eta kareharria Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunari aurkezteko ekimenaren sustatzaileak, azaldu duenez, Nazioarteko Ondarearen harri gisa jasotako aitortza horrek «tokiko harriari balioa ematea dakar berekin». «Askotan, lanak bereizi gabe egiten dira eta paisaiaren eta hiriko elementuen nortasuna galtzen da globalizazioaren eta moda iragankorren mesedetan. Ondorioz, aitortza honek gure ondare kulturala aberastu duten harri apaingarrien ezaugarri geologikoei balioa emango die. Bestalde, harri naturalaren erabilera historikoak milurtekotan zehar zibilizazio ugariek izandako bilakaera hobeto ulertzen laguntzen duela onartu du. Hain zuzen ere, harriz eraikitako monumentuak eta harrobi historikoak identifikatzea da batzorde honen mandatuetako bat», azpimarratu du UPV/EHUko geologoak.

Gorka Morenok, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko campuseko errektoreordeak, adierazi duenez, «gaurko ekitaldia UPV/EHUk lurraldearekiko eta Bizkaiko eskualde guztietako garapen sozial, ekonomiko eta kulturalarekiko duen konpromiso sozialaren adibide argia da. Hori guztia, gainera, beti egiten du bertako erakundeen eta eragile sozioekonomikoen eskutik».

Munduko erakunde zientifiko handienetako bat

Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna da mundu mailako zientzia geologikoen diziplina ugariak bateratzen dituen erakunde nagusia. 1961ean sortu zen 121 kide nazionalekin. Miloi bat zientzialari baino gehiago ordezkatzen ditu eta mundu osoko erakunde zientifiko handienetako bat da.

«IUGSren eginkizun nagusia da nazioarteko ikerketa-proiektuak koordinatzea, mundu mailan zientzia geologikoen hazkundean erabakigarriak diren estandarrak ezartzea eta garrantzi berezikotzat jotzen diren leku edo elementu geologikoei aitortza ematea.

Hain zuzen ere, azken arlo horretan kokatu behar dugu Ereño Gorria IUGS Heritage Stone izendatu izana», adierazi du Asier Hilariok, erakunde zientifikoaren Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko zuzendariak.

IUGSk baldintza espezifiko batzuk zehazten ditu harri horiek izendatzeko; hala nola kultura-ondarean duten erabileraren antzinatasuna, erabileraren hedadura geografikoa eta, noski, egin den ikerketa zientifikoa; izan ere, nahitaezkoa da harri horiei buruz gutxienez artikulu bat argitaratu izana aldizkari zientifiko indexatuetan. Ereño Gorriak, orain arte, halako hiru artikulu izan ditu.

Kolore gorri biziak egiten du berezi harria. Kareharrien multzoa, oro har, grisa den arren, bada Bizkaian (Ereñotik Gautegiz Arteagaraino) tonu gorriagatik nabarmentzen den zerrenda bat. Hain zuzen ere, Gautegiz Arteaga udalerrian dago harrobi handiena: Harrobi Gorria edo Andrabideko Harrobia izenekoa. Harrobia Bizkaiko Ondare Historiko izendatu zuten eta Euskadiko eta Estatuko Interes Geologikoko Guneetako bat da.

Laura Damasak adierazi duenez, ondare geologikoaren ikuspuntutik, «hura kontserbatzea eta balioa ematea funtsezkoa da. Gure historiaren eta gure ingurukoaren arteko lotura gisa balio dezakeen espazioa da. Izan ere, ez dugu ahaztu behar Euskadiko kulturak harriarekin duen harremana», azpimarratu du.

Koloreaz gain, kareharri honek kolore zuriko moluskuen fosil ugari eta forma biribilduak ditu mozketan. Organismo horiek sakonera txikiko itsaso beroaren hondoa kolonizatu zuten Kretazeoan. «Itsasoko sedimentua harri bihurtzeko prozesuan burdin oxido ultrafinak (hematiteak) sartu izanak eman zion kolore gorria, baina ez fosilek. Burdin oxido horiek itsas lohia “tindatu” zuten», zehaztu du UPV/EHUko geologoak. «Izena, aldiz, harriaren koloreari eta hura ustiatu zuten udalerrietako bati, Ereñori, zor dio. Ereñoko marmola deitu izan zaio, baina ez da marmola eta ez zuten Ereñon bakarrik ustiatu», zehaztu du ikerlariak.

 «Ereñoko eta Gautegiz Arteagako gure harrobiak, gaur egun, gune natural monumentalak dira, euskal ondare kulturalaren baliabide biziak; hain zuzen ere, badakigu harri hori erromatarren garaitik ustiatu izan dela.

Gure harriaren ondare balioa nazioartean aitortua ikustea ohore bat da, gure nortasunaren ikur eta ondoko Ereño udalerriarekin partekatzen dugun historiaren lekukoa baita. Kareharriaren zerrenda berezi hau hogei mende baino gehiagoz atera zen, eta munduan zehar barreiatuta dauden eraikin askoren edertasun arkitektonikoaren parte da. Haietako batzuk, gainera, oso esanguratsuak dira.

Balio historiko, kultural, natural eta geologiko garrantzitsuko ondare hori babestea, balioestea eta kontserbatzea da orain gure zeregina. Ondare horrek, gainera, beste behin ere, munduaren mapan kokatu gaitu. Laster, espazio hori bere dimentsio guztietan gozatu ahal izatea espero dugu, eta hori bai, betiere begirunea eta jasangarritasuna oinarri dituen turismo kulturalaren baitan», nabarmendu du Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak. 

Ibilbide historikoa

Harri honek 100 milioi urte baino gehiagoko historia du. Garai hartan, Urdaibai itsaso tropikal ez oso sakonen parte zen, eta molusku bibalbioek kolonizatuta zegoen. Molusku haien maskorrak fosilduta ikus daitezke gaur harrian.

K.o. I. mendetik XX. mendearen amaierara arte, harria apaingarri gisa erabili izan zen. Erromatarrak izan ziren harriari balioa eman zioten lehenengoak: Bilboko Arkeologi museoan, esate baterako, Foruko (Bizkaia) aztarnategi erromatarrean topatutako aldare harri eta hilobi oroigarri bana daude. Neurri handi batean, gainera, Bilboko hiri paisaian nagusi da harri honen erabilera. Hain zuzen ere, hiriko eta Bizkaiko eraikuntza askotan topa dezakegu: Bilboko udaletxean, Bizkaiko foru jauregiko barneko hallean, Sociedad Bilbaína klubean, Arriaga Antzokian eta abarretan. Horregatik guztiagatik ere, hiriari «Bilbo Gorria» izena eman izan zaio. Baina Bizkaiko eraikuntzetan ez ezik, beste toki batzuetan ere topa dezakegu. Izan ere, penintsula osoan (besteak beste, Diputatuen Kongresuan) eta beste herrialde batzuetan daude jasota harri horren erabilerarekin lotutako ebidentziak. Toki enblematikoenetako bat da Vatikanoko San Pedro basilika.