euskaraespañol

Image of the day

Komunitatearentzat lanean

Nahasmendu bipolarrarekin lotutako bi Ikaskuntza-Zerbitzu proiektu egin dituzte Gizarte Langintzako ikasleek

  • News

First publication date: 18/06/2024

Bi Ikaskuntza-Zerbitzu proiektu egin dituzte Gizarte Langintzako ikasleek
Bi Ikaskuntza-Zerbitzu proiektu egin dituzte Gizarte Langintzako ikasleek | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Orekabideren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Gizarte Langintzako atalaren artean sinatutako akordioari esker, Gizarte Proiektuen Diseinua eta Ebaluazioa irakasgaiko sei ikaslek Ikaskuntza-Zerbitzua (I+Z) erako proiektu bat martxan jartzen parte hartu dute. Orekabideren gaitasuna indartzea da proiektu horren helburua, nahasmendu bipolarra duten pertsonei, horien familiei eta gizarteari zerbitzu zabalagoa eskaini ahal izateko.

Goi mailako hezkuntzaren kasuan, Ikaskuntza-Zerbitzua metodologiaren helburua curriculumaren ikaskuntza eta, zehatzago, graduko gaitasun batzuk komunitateari zerbitzu bat eskaintzearekin lotzea da. Komunitateari zerbitzu bat eskaintzeak aukera ematen die ikasleei graduko gaitasun jakin batzuk praktikan jartzeko eta, aldi berean, erakunde sozialari eta haren komunitateari zerbitzu jakin bat eskaintzeko.

Orekabide Arabako elkarte bat da, nahasmendu bipolarra duten pertsonei eta haien familiei laguntzeko sortua. Rakel Oion Encina irakasleak zuzenduta, erakundea indartzeko eta profesionalizatzeko, haren ikusgarritasuna hobetzeko, erakundearen ohiko jardueren jasangarritasuna hobetzeko eta gaixotasun mentalen gaineko estigmak gainditzeko lan egin dute ikasleek.

Aurkeztutako proiektuak

Amaia Blanco, Haizea Gorostizaga eta Marie Leberrek ‘Construyendo el futuro, potenciando Orekabide’ proiektua aurkeztu zuten. Nahasmendua duten pertsonek eta haien familiek erakundean duten parte hartzea sustatzea da proiektuaren xedea. Jarduera parte hartzaileak, sortzaileak eta dinamikoak barne hartzen dituzten egitasmo batzuk ezartzean oinarritzen da.

Zehazki, elkarteak nahasmendu bipolarrarekin eta depresioarekin lotutako gaietan duen gizarte jarduera indartzera bideratuta dago proiektua. Helburu nagusia erakunde horiek indartzea da, nahasmendua dutenen eta horien familien parte hartzea eta inplikazioa sustatuz, modu horretan erakundeak elkarteko pertsonen bizi kalitatean eta ongizatean duen eragina handitzeko. “Orekabide erakundeak berak laguntza eskatu zuen unibertsitatera egindako bisitan eta, batez ere, horregatik erabaki dugu proiektu hau egitea. Gainera, garrantzitsua da nahasmendu bipolarra eta depresioa ezagutzea, eta horiek pairatzen dituzten pertsonen eta haien familien eguneroko bizimoduan zer eragin duten ezagutzea ere bai”, azaldu dute ikasleek.

Haien lanean ondorioztatzen dutenez, informazioa zabalduta eta erakundea profesionalizatuta, proiektuak nahasmendu bipolarraren eta depresioaren gaineko kontzientziazioa handitu dezake komunitatean, oro har, eta modu horretan gizarteko estigma eta bazterkeria murriztu daitezke.

Bestetik, Blanca Mayo, Ana Salazar eta Deiane Vázquezek ‘Desmontando tabúes sobre el trastorno bipolar’ izeneko proiektua aurkeztu zuten. Gazteen artean gaixotasun mental hori normalizatzen laguntzea eta haren gaineko beldurra eta aurreiritziak gutxitzea da proiektuaren helburu nagusia.

Proiektuak hiru zati ditu. Lehenengo zatia Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako haurrekin tailerrak egitera dago bideratuta, emozioak identifikatzeko eta kudeatzeko ariketak lantzeko. Bigarren zatia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehenengo mailako nerabeekin jarduerak egitera dago bideratuta, osasun mentaleko profesionalek zuzendutako esperientzien eta bizipen bidez komunikazioa eta emozioen kudeaketa landu ditzaten. Eta, azkeneko zatia, 18 eta 25 urte arteko pertsonei dago zuzenduta, osasun mentalari (orokorrean) eta nahasmendu bipolarrari (zehazki) buruzko komunikazioa lantze aldera, modu aktibo eta parte hartzailean. Fase horretan lan egiteko, Elkarri Laguntzeko Taldeak (ELT) osatzen dira. Nahasmendua duten pertsonek eta familiek parte hartzen dute horietan, baita diziplina ugaritako hainbat profesionalek ere, askotariko jarduerak eta tailerrak egiteko.

Proiektuaren helburu nagusia gazteei behar adina tresna ematea da, edozein egoeraren haurrean haien sentimenduak edo ezinegon psikikoa identifikatu eta adierazi ahal izateko, banaka kudeatu ahal izateko edo inguruan dituzten baliabideak erabili ahal izateko; eta, hortaz, horiek adierazteak beldurrik ez emateko edo tabua ez izateko.