euskaraespañol

Autisten ezaugarriak hobeto ezagutu nahi dituzte, gizartera egokitzeko erabiltzen dituzten estrategiei erreparatuz

UPV/EHUko diziplina anitzeko talde batek iradoki du orain arte oso gutxi aztertu izan den kamuflajearen fenomenoan sakontzeak autismoaren ikerketa hobetu dezakeela

  • Research

First publication date: 24/01/2023

Agustín Vicente, Valentina Petrolini eta Ekaine Rodríguez
Agustín Vicente, Valentina Petrolini eta Ekaine Rodríguez | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUko Lindy Lab Language in Neurodiversity ikerketa-taldearen azterlan batek kamuflajearen ikuspegi integratzaileagoa eskaintzen du espektro autista osoan, eta, etorkizuneko ikerketetarako lehentasunak proposatzeari dagokionez, nabarmentzen du zer-nolako garrantzia duen fenomeno hori hobeto ulertzeak eta egungo neurketa-metodoak hobetzeak.

Azken urteotan asko hitz egiten da autisten kamuflajeaz.  Hala ere, kamuflajeari buruzko ikerketa nahiko berria da oraindik; haren ezaugarriak gutxi aztertu dira, eta erantzunik gabeko galdera asko daude. Horregatik, lan honek kamuflajearen ikuspegi integratzailea aurkeztu nahi du. Kamuflajea zera da, autistek gizartera egokitzeko erabiltzen dituzten estrategien multzoa.  "Gure helburua da fenomeno hori hobeto ulertzea eta kamuflajea nola garatzen den sakonki aztertzea, ikerketan aurrera egiteko lagungarriak izan daitezkeen alderdi batzuk iradokitzeko”, adierazi du Valentina Petrolinik. Petrolini EHUko Lindy Lab taldeko ikertzaile da, eta ikerketaren egileetako bat.

Normalean, pertsonak bi helbururekin kamuflatzen dira: diagnostikoa ezkutatzeko eta gizartera egokitzeko. “Esaten dugu pertsona bat kamuflatu egiten dela izango dituen elkarrizketak entseatzen dituenean, beste pertsona batzuen keinuak eta adierazpenak imitatzen dituenean eta, oro har, bere ezaugarri fisiko autistak ezkutatzeko ahalegina egiten duenean”, azaldu du Valentina Petrolinik. “Ikerketa askok erakutsi dutenez, autistek benetan ez diren hori izateko egiten duten ahalegina lotuta dago antsietate-maila handiarekin eta epe luzeko arazo mentalekin”, gaineratu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Nola detektatzen da kamuflajea autisten artean? Gaur egun, badira zenbait tresna, hala nola testak eta galdetegiak, baina kanpoan uzten dituzte espektroan dauden pertsona asko; adibidez, inkontzienteki kamuflatzen direnak, adimen- eta/edo hizkuntza-urritasunak dituztenak eta abar. Lan honetan, “informazioa triangulatzea proposatzen dugu: dauden probak erabiltzea, inguruari buruzko informazioa biltzea, pertsona batek hainbat testuingurutan duen jokabidea behatzea eta pertsonekin testuinguru desberdinetan hitz egitea…; hau da, kamuflajearen fenomenoa behatzea baina inplikatutako pertsonari zuzenean galdetu gabe”, adierazi du Valentina Petrolinik.

Inpaktuari dagokionez, oso garrantzitsua da orobat gaur egun kamuflajearen azterketetatik kanpo geratzen diren taldeetara zabaltzea ikerketa. Horregatik, azterlan honek gaur egun autismoaren espektroan gutxi ikertuta dauden taldeetara zabaltzen du kamuflajeari buruzko eztabaida, hau da, hizkuntza- eta/edo adimen-urritasunak dituzten haur eta helduetara. “Guk argudiatzen duguna da ezen balitekeela talde horietako kamuflajea desberdina izatea egungo bibliografiak kamuflaje-kasu ohikotzat deskribatzen duenarekin alderatuta”, adierazi du Valentina Petrolinik. “Gure azterlanaren ondorioetako bat da —jarraitzen du Petrolinik— kamuflajeak hainbat forma izan ditzakeela, eta inpaktu desberdina izan dezakeela, egiten duten pertsonen arabera”.

Lan hori teorikoa da erabat, eta, Valentina Petroliniren ustez, honako hau ondorioztatzen du: “Orain arte egindako ikerketa askoren oinarria mugatua da parte-hartzaileen ezaugarriei eta adierazgarritasunari dagokienez, eta horrek iradokitzen du ondorioak ezin zaizkiola aplikatu komunitate autista osoari”. Halaber, azpimarratzen du beharrezkoa dela autismoaren fenomenoa sakonago aztertzea eta gaur egungoak baino neurketa-tresna zehatzagoak eta inklusiboagoak garatzea. “Esan genezake ekintzarako dei bat ere badela, egoeraren koadro zehatzik izan gabe ondorio orokorrik ez ateratzeko”, adierazi dute UPV/EHUko Lindy Lab ikerketa-taldeko kideek.

Informazio osagarria

Azterketa hau UPV/EHUko Language in Neurodiversity Lab, Lindy Lab ikerketa-taldean egin da. Talde hori hizkuntzari lotutako gaitasunak garatzeko ibilbide motei buruz gehiago jakiteko interesa duten hizkuntzalari, filosofo, psikologo eta hezitzaileek osatzen dute.

Valentina Petrolini doktoratu ondoko Juan de la Cierva ikertzailea da UPV/EHUn. Haren ikerketa psikiatriaren eta psikologiaren filosofian oinarritzen da. Irakaslea da Master in Theoretical and Experimental Linguistics-en.

Bibliographic reference