euskaraespañol

image of the day

Jupiterreko ur-kondentsazioko ekaitzak hain dira aktiboak, zikloi bat hausteko ere gai baitira

UPV/EHUko lan batek zenbait ekaitz konbektibo aztertu ditu Jupiterreko zikloi batean, eta simulazio bidez determinatu ditu haien ezaugarriak

  • Research

First publication date: 02/01/2020

Peio Iñurrigarro Rodriguez Zientzia Planetarioak taldeko kidea. Argazkia: UPV/EHU.

Jupiterren zikloi handi baten barnean izan ziren zenbait ekaitz konbektibo aztertu ditu UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeak, urtebetez. Ekaitz batek hainbeste energia izan zuen, ezen zikloiaren egitura eta dinamika hautsi baitzituen zenbait hilabetez. Ekaitz hori simulazio bidez erreproduzitzean, ikerketa-taldeak ondorioztatu du tamaina horretako ekaitz bat ur-kondentsazioz baino ezin izan zela sortu.

2018ko otsailean, zenbait ekaitz konbektibo gertatu ziren Jupiterren, mugimendu bertikal handiak eta prezipitazio-garapen handia zituztenak. Hainbeste energia zuten, ezen erabat aldatu baitzuten beren eraginpeko eskualdea: 28.000 km-ko luzerako zikloia. Zikloi horri zikloi mamu deritzo, oso zaila baita Lurretik egindako behaketetan bereiztea bere kontraste txikiaren ondorioz. “Astronomiazaleen behaketei esker izan genuen ekaitz horien berri; izan ere, Jupiterren gertakizun meteorologikoen segimendu ia jarraitua ematen digute astronomiazaleek”, dio Peio Iñurrigarro Rodriguez UPV/EHUko Zientzia Planetarioak taldeko kideak. Ekaitz horiek eta haien eragina behatu, aztertu eta simulatu dutenetako bat da Iñurrigarro, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatua I Sailekoa.

Fenomeno horren lehenengo behaketak astronomo amateurrek lortu zituzten, eta berehala eman zieten atentzioa ikertzaileei. “Ez da oso ohiko fenomenoa; ekaitzak eskualde ziklonikoetan garatu ohi dira, baina ez zikloien euren barnean; eta horrexek eman zigun atentzioa, interesgarri iruditu baitzitzaigun ikustea ekaitzek zer interakzio zuten zikloiarekin berarekin”, zehaztu du Iñurrigarrok. Ekaitzek egun gutxi iraun zuten, baina hainbeste energia izan zuten, non erabat aldatu baitzuten zikloiaren egitura; turbulentzia handiak eragin zituzten barnean, eta zikloia bi egituratan haustera ere iritsi ziren.

Ikerketarako, astronomo amateurrek hartutako irudiez gainera, beste bi iturritako irudiak erabili dituzte: Hubble teleskopio espazialak ateratakoak, eta Jupiter planetan orbitatzen ari den Juno misioko JunoCam kamerak ateratakoak. Bestalde, Zientzia Planetarioen taldeko kideek PlanetCam UPV/EHU tresnarekin egindako behaketak ere erabili zituzten, hots, Almeriako Calar Alto behatokiko teleskopio batean ezarrita daukaten bereizmen handiko kamerarekin; Eguzki Sistemako planeten gertaera atmosferikoak monitorizatzen dituzte haren bidez. “Tresnetako bakoitzak iragazki desberdinak erabiliz ateratzen ditu irudiak, eta, hala, batzuetatik eta besteetatik jasotzen dugun informazioa osagarria da. Gainera, kasu honetan, nahitaezkoa zen zikloian gertatutako eraginaren segimendua egitea zenbait hilabetez”, azaldu du ikertzaileak.

Ur-kondentsazioak eragindako ekaitzak

Eskuratutako irudi guztiak aztertzearekin batera, zikloiaren beraren eta ekaitzen ondorioz zikloian gertatutako perturbazioen zenbakizko simulazioak egin dituzte. Horretarako, zirkulazio atmosferikoko zenbakizko eredu bat erabili dute, Jupiterren atmosferaren ezaugarrietara egokitutakoa. Besteak beste, ekaitzen izaera aztertu nahi izan zuten simulazioen bidez, alegia, zenbat energia askatu zuten eta nondik zetorren energia hori guztia. Ekaitz konbektiboetako mugimenduak gertatzeko behar den energia sortzen da gasak kondentsatzean eta gas horiek hedapen-hodeiak sortzen dituztenean. “Hautagai nagusiak bi ziren: amoniakoa, planetako hodei ikusgaien osagai nagusia, eta ura, zeina atmosferan askoz ere sakonago baitago eta behatzeko zaila baita —dio Iñurrigarrok—. Simulazioen bidez gai izan ginen kalkulatzeko zenbat energia sartu behar genuen sistema simulatuan fenomenoa erreproduzitzeko. Eta egitura atmosferikoei energia hori emanez, ebatzi genuen ur-kondentsazioa zela energia-iturri posible bakarra; izan ere, uraren kondentsazioak amoniakoarenak baino askoz ere energia gehiago askatzen du. Orduan, konparazio hutsez, ikusi genuen ezinezkoa zela energia hori guztia sortzeko behar adina amoniako lortzea: ekaitzen eragina jasan zuen zikloiaren beraren azalera baino askoz azalera handiago bateko amoniakoa beharko litzateke”.

“Aitzitik, urarekin, askoz ere energetikoagoa denez, arrazoizko azalera bat behar zela ebatzi genuen. Gure simulazioek agerian utzi dute behaketak erreproduzitzeko beharrezkoa dela ekaitzek energia handia izatea, eta kalkulu doiek aukera ematen digute ebazteko zikloi mamuan sortutako ekaitzak konbektiboak izan zirela eta hodei ikusgaien azpitik gutxienez 80 km-an zegoen uraren kondentsazioz sortu zirela”, adierazi du fisikariak, bukatzeko.

Informazio osagarria

Peio Iñurrigarro Rodriguez Zientzia Planetarioak taldeko kide da, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatua I Sailekoa. Gaur egun, doktoretza egiten ari da, Jupiterren atmosferaren ikerketa ardatz harturik. Ikerketa-taldea aspalditik ari da Jupiter ikertzen, baina, gaur egun, Eguzki Sisteman atmosfera daukaten planeta guztietan ari dira lanean.

Bibliographic reference