euskaraespañol

Jonatan García Rabadán eta Aidée Baranda Ortiz

Jokoa Euskadin: emakumeek loteria nahiago dute; gizonek, berriz, kirol apustuak

Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko ikertzaileak

  • Cathedra

First publication date: 17/10/2022

Image

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Aspalditik, eztabaida publikoaren erdigune izan da jokoa, nola herritarren artean hala politikarien artean. Espainian, ausazko jokoen historiak aldaketa ugari izan ditu XX. mendetik gaur egunera arte. Aldi horretako zati handi batean, debekatuta egon ziren joko asko, eta 1977. urtera arte ez ziren legeztatu. Beste joko batzuek, ordea, onarpen handia izan dute gizartean, hala nola loteriak eta kinielek, eta, bereziki, Gabonetako Loteriak eta Erregetako Loteriak, komunikabideen aldetik arreta handiagoa jasotzen dutelako eta diru kutxa publikoek diru gehiago biltzen dituztelako.

Gaur egun ezin da alde batera utzi ausazko zenbait jokok gure gizartean duten errotze kulturala, dela tradizioagatik dela tokiko kirolekin lotuta egoteagatik, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, soziologiaren arloan ere azterketa espaziotzat hartu da oraintsu. Hala, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunak Sailak Jokoaren Euskal Behatokia sortu zuen UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailarekin elkarlanean. Proiektuaren hasierako helburu nagusia errealitate hori aztertzea zen –arrisku edo mendekotasun egoerez haratago–, ahalik eta politika publiko eraginkorrenak hartzeko asmoz.

Helburu horrekin lotuta, lehen txostena prestatu zuen: ‘Jokalarien prebalentzia, ohiturak eta profilak Euskadin’. Txostenak euskal gizarteak aurretik ezarrita dituen mitoei eta ideiei erantzutea zuen xede.

Azterlanaren lehen ondorioak berresten du ausazko jokoak oso presente daudela euskal gizartean; izan ere, % 70,5ek aitortu zuen apusturen bat edo beste egin duela azken urtean. Hala ere, joko mota bakoitzean nor aritu den eta zergatik jokatu duen aztertzen badugu, askotariko profilak aurkituko ditugu. Horri dagokionez, genero ikuspegiak ere badu zer esanik.

Egia al da gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago aritzen direla jokoan?

Hasiera batean, jokoaren prebalentzia antzekoa da gizonezkoen eta emakumezkoen artean: % 71,6 eta % 69,5, hurrenez hurren. Datu horrek bi taldeen arteko desberdintasunik erakusten ez badu ere, joko mota edota arrazoiak aztertuz gero, nabariak dira aldeak.

Lehenengo alderdiari dagokionez, emakumeek gehiago parte hartzen dute Loteria Nazionalean (% 50,5; gizonak, % 32,4), ONCEren kupoian (emakumeen % 9,4k, eta gizonen % 4,2k) eta bat-bateko loterietan (emakumeak % 1,5 dira, eta gizonen ehunekoa hutsala da). Joko horiek “feminizatuagoak” dira, eta joko publikotzat hartzen diren jokoen taldean sartzen dira.

Gizonak, aldiz, gainerako jokoetan gailentzen dira; besteak beste, Loteria Primitiboan (% 47,6; emakumeak, % 34,2) eta kirol apustuetan. Laburbilduz, emakumeen lehentasunak homogeneoagoak dira, eta joko tradizionalagoak nahiago dituzte, zehazki, SELAEri (Loterías y Apuestas del Estado Estatuko Elkartea) eta ONCEri dagozkienak. Gizonek, ordea, euren gustuak dibertsifikatzen dituzte, jokoaren edo apustuaren arabera.

Azterketaren bigarren puntua jokatzeko arrazoiaren ingurukoa da. Jokatzeko motibazio nagusia dirua irabaztea bada ere, beste arrazoi batzuetan, generoen arteko aldeak handiagoak dira. Emakumezkoen artean, jokatzeko bigarren arrazoia ohitura eta gizarte ekimenak babestea dira, Loteria Nazionalean eta kupoietan jokatu ohi dute eta. Gizonek, berriz, dibertitzeko eta beste pertsona batzuekin egoteko jokatu ohi dute.

Eta, zer gertatzen da onlineko jokoekin?

Gaur egun, beste aldagai bat dute jokoek: pantailak. Hain zuzen ere, adituak, familiak eta erakundeak gehien kezkatzen dituen gaietako bat onlineko jokoak dira, beren ezaugarriak direla eta –bat-batekoak, anonimoak eta eguneko 24 orduetan eskuragarriak–, zailagoa baita horien jarraipena egitea; gainera, kontuan izan behar da, gazteenen artean, errealitate hori bideojokoekin lotuta dagoela.

Joko modalitate horren ezaugarri nagusia da erabiltzaileak, arrazoi nabarmenengatik, gazteak direla. Ikerketa talde berak argitaratutako azken txostenaren arabera, talde horrek, oraindik, nahiago ditu aurrez aurreko jokoak, baina zenbait alde eta ñabardura nabarmen daude.

Inoiz jokoan aritu diren gazteen (18 eta 30 urte artean) ehunekoa % 25 zen, eta horrek erakusten du aldea dagoela gizartearen prebalentziari dagokionez. Berriz ere, kolektibo hori nahiko maskulinizatua da. Emakumezko jokalarien prebalentzia % 16,4 izan zen azken urtean; gizonena, ordea, % 41,3.

Gainera, gehien desberdintzen dituen jokabideetako bat joko mota da. Emakumeek aurrez aurre jokatzen dute kasuen % 84,2an, eta gizonek, kasuen % 62,3an. Hori azaltzeko, aintzat hartu behar da gizonek bi modalitateak nahasten dituztela (aurrez aurrekoa/onlinekoa), edota emakumeek baino gehiago jokatzen dutela online (% 37,7 eta % 17,8, hurrenez hurren). Horrekin, are eta garbiago geratzen da modalitate horretan profilak desberdinak direla bai adinari dagokionez baita generoari dagokionez ere.

Gazteen ezaugarri nabarmengarriena da kirol apustuak lehenesten dituztela, nola aurrez aurrekoak hala onlinekoak. Baieztapen horrek berresten du kirol apustuek diskriminatzeko gaitasuna dutela.

Guztiarekin ere, oraindik sakonki ikertu behar da eremu hori, jokoaren sektoreari buruzko ezagutza handiagoa izateko.