Euskal kostan padurak polder bihurtzeko prozesuak eragin zuzena izan zuen bertako gizartearen eta ekonomiaren arloan
- Research
First publication date: 17/06/2021
Josu Narbarte Hernandez Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko doktoretza ondoko ikerlaria eta Eneko Iriarte Burgoseko Unibertsitateko irakaslea proiektu arkeologiko bat egiten ari dira Euskal Herriko hainbat estuariotan. Proiektu honen helburua euskal kostaldeko estuarioetan topa daitezkeen nekazaritza-hedapeneko paisaia kulturalen ikerketa arkeologikoa eta paleoekologikoa egitea da. Hala, ikerlariek bi helburu nagusi zehaztu dituzte: Alde batetik, kostaldeko paduren erreklamazioari eta nekazaritzara bideratutako polderren eraikuntzari lotutako praktika sozial nagusiak identifikatzea. Beste aldetik, praktika horiek estuario-ekosistemaren baitako dinamika orokorretan duten eragina zehaztea, haien antropizazio-maila eta honen ondorio sozioekonomikoak, ekologikoak eta urbanistikoak ebaluatzeko xedez.
Lanak hiru norabidetan gauzatu dira: lehenik, iturri dokumental eta kartografikoen azterketa; Bigarrenik, lur-estalduren eta ondare-elementuen miaketa eta xehetasuneko kartografia; eta azkenik, zundaketa geoarkeologikoak. “Emaitzek erakusten dutenez- dio Josu Narbarte ikerlariak-, paduren erreklamazioa prozesu orokorra izan zen Aro Modernoko euskal kostan, eta izugarrizko eragina izan zuen bertako gizartearen eta ekonomiaren arloan. Prozesu horien arrasto materialak ugariak dira, eta guztiz antropizatutako paisaia kulturaletan islatzen dira”.
Ikerlariek tokiko artxiboak (Hondarribiako, Irungo, Orioko, Usurbilgo eta Zumaiako Udal Artxiboak) eta Herrialde Historikoetakoak (Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Artxiboak) sistematikoki kontsultatu dituzte; beharrezkoa izan denean, iturri horiek beste artxibo batzuetan egindako bilaketa puntualekin uztartu dira (Frantziako Liburutegi Nazionala, Simancasko Artxibo Orokorra eta Valladolideko Erret Kantzelaritzako Artxiboa). Oro har, Erdi Arotik XX. mendera bitarteko epea hartu dute kontutan, eta estuarioetako baliabide naturalen ustiaketari lotutako praktikak eta haien inguruko kudeaketa-sistemak eta gatazkak jaso dituzte: bide eta portu azpiegiturak; arrantza, nasak bezalako egitura espezializatuak barne; energia hidraulikoaren aprobetxamendua, burdinolak eta marea-errotak batik bat; ontziolak; polderren eraikuntza, padurak lehortu eta laborantzarako lur berriak lortzeko; eta hedapen urbanoa eta industriala.
Padurak polder bihurtzeko prozesua XVIII. eta XIX. mendeetan zehar izugarri zabaldu zen
“Lortutako emaitzak harrigarriak izan dira: 4.000 erreferentzia dokumental baino gehiago Bidasoako estuarioari lotuta, 1.000tik gora Urolako estuarioan, eta gutxiago Orian eta Urdaibaien, tokiko artxiboen kontserbazio-arazoak direla eta. Iturri kartografikoei dagokienez, 200 erreferentzia inguru lortu dira guztira, erdiak Bidasoan, XVI. mendetik gaur egun arte. Horri esker, estuarioaren itxura bost mendez nola eraldatu den berreraiki ahal izan da, eta iturri dokumentalen bidez lortutako informazioarekin azaldu eraldaketa horiek. Funtsean, ikusten duguna da padurak polder bihurtzeko prozesua XVII. mendean abiatu zela, eta XVIII. eta XIX. mendeetan zehar izugarri zabaldu zela, estuarioetako paisaia guztiz eraldatuz, padurak nagusi ziren egoera batetik guztiz polderrez estalitako egoera batera. Paisaia berri honek eragin zuzena izan zuen tokiko gizartean, ekonomian eta bioaniztasunean”, dio Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak.
Halaber, hautatutako lau estuarioetan, xehetasun handiko kartografia bat egin dute, Geografiako Informazio Sistemak erabiliz. Geodatabase bat osatu dute, bi informazio-iturri dokumentatuz: batetik, lur-estaldurak (ur-masak, hondartzak, padurak, polderrak eta lurzoru urbanoa bereizi dituzte); eta bestetik, polderren eraikuntzari eta mantenuari lotutako egiturak (dikeak, kanalak, esklusak) zein beste egitura produktibo batzuk (izokin-nasak, burdinolak, marea-errotak, untzi zaharrak eta abar). “Emaitzak aldakorrak izan dira kasu batetik bestera. Oro har, esan daiteke kasu guztietan dokumentatu direla padurei irabazitako nekazaritza lurrak (polderrak), eta haiei lotutako egitura desberdinak kontserbatzen direla, iturri dokumentalekin lotu daitezkeenak. Hala ere, paisaia bereizgarri hauek atzera egiten ari dira. Kasu batzuetan, lurzoru urbanoa eta industriala haien gainean zabaldu da XX. mende osoan zehar, eta oraindik ere zabaltzen ari da. Beste aldetik, hainbat tokitan padura-ekosistema naturalak berrezartzeko proiektuak jarri dira martxan, Natura2000 ekimenari lotuta zein UNESCOren Biosferaren Erreserba edo Geoparkea bezalako ekimenen bidez; horren ondorioz, polder asko suntsitu eta haien tokian padurak berreskuratu dira, Urdaibain batez ere eta, neurri txikiagoan, baita Bidasoan ere”.
Paisaia bereizgarri hauek atzera egiten ari dira
Bestalde, hamaika zundaketa egin dituzte ere: Bidasoan hiru (Amute, Mendelu eta Alunda parajeetan), Orian hiru (Motondo 1, Motondo 2 eta Aginaga), Urolan hiru (Basadizar, Karakas eta Oikia) eta Urdaibain bi (Anbeko eta Ozollo). Lur-laginak zunda mekaniko baten bidez jaso dituzte, sedimentu-sekuentzia osoa berreskuratuz plastikozko zutabe baten barruan. Zutabe hori, gero, laborategian ireki, eta sedimentu-sekuentzia hainbat parametroren bidez aztertu dute: erresoluzio handiko argazkiak, kolorea, testura eta inklusioak dokumentatzeko; X-izpien fluoreszentzia (XRF), osaera elementala ezagutzeko; suszeptibilitate magnetikoa (MSCL), magnetismoa detektatzeko; eta X-izpien difrakzioa (XRF), osaera mineralogikoa ezagutzeko. Adierazle horiek guztiak metodo estatistikoen bidez tratatu dituzte. “Horri esker, antzeko bilakaera duten adierazleak multzokatu ahal izan dira, multzo bakoitza prozesu historiko, natural zein antropiko, baten isla gisa interpretatuz. Horrela, prozesu desberdinak berreraiki ahal izan dira: sedimentazio naturala, itsas-mailaren kokapena (polderraren eraikuntzak itsas-ura ez sartzea eta maila freatikoa jaistea eragiten du), polderra eraiki ondoren aktibatu den pedogenesia edo lurzoruen garapena, lur berrietan egindako nekazaritza praktikak (ongarritzea...), eta abar. Prozesu horiek guztiak, gero, elkarrekin interpretatu dira, lurzoru-sekuentzia bakoitzaren estratigrafia bat proposatzeko. Estratigrafia horiek iturri dokumentalekin alderatu dira, informazio historiko zehatza sortzeko”.
Egileari buruz
Josu Narbarte Hernandez Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko doktoretza ondoko ikerlari (Erdi Aroko Arkeologia, Ondaregintza eta Kultur Paisaiak Ikerketa Taldea- Eusko Jaurlaritza IT1193-19) eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da. Euskal Herriko Unibertsitatean, Paduan, Sienan, Burgosen eta Bartzelonako Autonomoan ikerketa-proiektuetan parte hartu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Baztango Udalak finantzatutako proiektuak koordinatu ditu. Interesgune nagusiak paisaia kulturalen eraikuntza historikoan oinarritzen dira, eta bereziki faktore paleoantropikoen eta antropikoen arteko elkarreraginean. Aipatutako proiektua Eusko Jaurlaritzaren 009-KOI-2019 deialdiak finantzatuta egon da eta Eneko Iriarte Burgoseko Unibertsitateko irakasle eta Aranzadiko kidearekin elkarlanean gidatu du.