euskaraespañol

Image of the day

José Manuel Barandiaranek Salvador Velayos 2020 saria irabazi du

Sariak magnetismoari egindako ekarpenak aitortzen ditu

  • News

First publication date: 26/11/2021

Manu Barandiaran. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Salvador Velayos 2020 saria Espainiako Magnetismo Klubak bi urtean behin deitzen du, eta oraingoan José Carlos Gómez Sal (Kantabriako Unibertsitatea) eta José Manuel Barandiaran (UPV/EHU) ikertzaileek jaso dute, Espainian magnetismoaren garapenean egindako ekarpenengatik.

José Manuel Barandiaran doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika sailean Fisika Aplikatuan katedraduna izan da 1988tik.

Salvador Velayos saria magnetismoaren eta material magnetikoen esparruan ibilbide zientifiko garrantzitsuak saritzeko sortu zen eta hau zazpigarren edizioa izan da.  Aurten saritutako profesionalek ikertalde garrantzitsuak garatu dituzte beren unibertsitateetan, eta lankidetza emankorra mantendu dute 30 urte baino denbora luzeagoan. Barandiaran irakasleak, UPV/EHUko BCMaterials institutuko sustatzaile eta lehenengo zuzendariak, “50 años a vueltas con la magnetostricción y algo de neutrones” izeneko aurkezpenean azaldu zuen material magnetikoen propietate horrek aukera bikainak eskaintzen dituela gailu eta aplikazio berrietarako sentsore eta eragingailuetan.

Barandianek saria eskertu du: “Oso pozik nago sari hau jasotzeagatik, zeinak fisikaren adar hau irakatsi zidan irakaslearen izena daukan.  Gómez Sal irakaslearekin saria partekatzea 40 urte baino gehiagoz proiektuetan, ikerketa azpiegitura osagarrietan eta jarduera akademikoan izan dugun lankidetzaren isla da. Azken lankidetza horri esker, Material Berriak Unibertsitate arteko Masterra (UPV/EHU – Kantabriako Unibertsitatea) finkatu da, dagoeneko 12 urtez irakatsi dena, eta ikasle askok ematen dute izena”.

Salvador Velayos sarien bidez, magnetismoaren eta fisika magnetikoaren esparruko pertsona ugarik jaso dute aitorpena, hala nola Agustín del Moral, Antonio Hernando, Josep Fontcuberta eta José Rivas. Oraingo honetan, Espainiako Magnetismo Klubeko presidente Montserrat Rivas irakasleak saria eman zien José Manual Barandiarani eta José Carlos Gómez Sali, azaroaren 12an Gironako Unibertsitatean egin zen Espainiako Magnetismo Klubaren urteko bileran.