euskaraespañol

Javier Bilbao Elorriaga, Pioneer in Energy Research (PIER) 2021

Javier Bilbao Elorriaga UPV/EHUko katedraduna izendatu du PIER 2021 Energy & Fuels aldizkariak

  • News

First publication date: 04/01/2022

Javier Bilbao Elorriaga. Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU.

American Chemical Societyk argitaratzen duen Energy & Fuels aldizkari ospetsuak "Pioneer in Energy Research" (PIER) 2021, bioenergiaren, bioerregaien eta biofindegiaren arloan, izendatu du UPV/EHUko Javier Bilbao Elorriaga katedraduna, biomasaren eta hondakinen konbertsioan egin duen ekarpen nabarmenagatik.

Muga zientifikoetan aurrerapenak lortzeaz gain, PIERek originaltasunez pentsatzen dute, lankideekin eraginkortasunez lan egiten dute eta ikertzaile gazteen aholkulari aktiboak dira. Ikertzaile eraginkorrenak ez ezik, eremu horretan jarraitu beharreko ereduak ere badira. 

“Ia 50 urtez lan egin dut prozesu katalitikoen arloan, eta prozesu katalitikoek energiarekin, ingurumenarekin eta ekoizpen iraunkorrarekin lotutako erronkei irtenbidea emateko duten gaitasuna egiaztatu ahal izan dut”, dio Javier Bilbao Elorriagak. 

Halaber, zuzentzen duen taldearen helburuei dagokienez, nabarmentzen du “unibertsitatean errotutako ikerketak duen garrantzia, lehen helburua ikertzaileen prestakuntza baita. Era berean, nazioarteko konexioaren eta lankidetzaren garrantzia ikerketaren irismena eta kalitatea hobetzeko”. 

UPV/EHUko katedradunaren hitzetan, “originaltasuna, irmotasuna, lankidetza eta koherentzia nabarmenduko nituzke, ikertzaile gazte batek emaitza on eta iraunkorrak lortzeko jarreren artean. Baina ikerketan originaltasuna egoera bera ondo ezagutzearen ondorioa da, ezagutzaren mugan erronkak identifikatzeko beharrezkoa baita hori”. 

Javier Bilbao Elorriaga UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoko katedraduna eta Prozesu Katalitikoak eta Hondakinen Balorizazioa taldeko koordinatzailea da. Erregaiak, produktu kimikoak eta H2 sortzeko biomasaren eta hondakinen konbertsio katalitikoari buruzko lanak eragin handia izan du nazioartean. 75 bat proiekturen buru izan da eta 150 proiektutan baino gehiagotan parte hartu du, Estatuko eta Europako erakundeek eta enpresek (Total Petrochemical, Eastman, Johnson Matthey, etab.) finantzatuta. Jarduera horiek guztiek 500 bat ikerketa-artikulu, 8 patente eta ikuskatutako 40 doktoretza-ikasle sortu dituzte. Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Ingeniaritza Kimikoko Sari Nazionala (2006) eta Espainiako Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkarte Nazionalaren I+G+Bko bikaintasunaren saria (2019)  jaso ditu. Bere ibilbide profesional luzean, ekarpen aitzindariak egin ditu prozesu termokimiko eta katalitiko berriak garatzeko, biofindegiko eta hondakinen findegiko plataformen barruan. Haren ekarpenak modelatze zinetikoaren eta katalizatzaile eta erreaktore berrien diseinuaren eremuetara zabaltzen dira. 

Javier Bilbao Elorriagaz gain, Energy & Fuels aldizkariak PIER 2021 ere izendatu du erregai fosilen arloan Alan Marshall Floridako Estatuko Unibertsitateko irakaslea, petrolio- eta petrokimika-arloko ikerkuntzan egindako ekarpen nabarmenagatik, eta Hong Kong-eko Unibertsitateko Vivian Yam irakaslea, argia igortzen duten material organikoak garatzeagatik eta eguzki-energia bihurtzeagatik. 

Energy & Fuels 

American Chemical Societyk 1987az geroztik argitaratu duen Energy & Fuels aldizkari zientifikoak 35. urteurrena ospatu du 2021ean. Ospakizun-jardueren artean, Energy & Fuels-ek urtero “Pioneers in Energy Research” (PIERs) aintzatespena ezarri du, energiaren ikerketaren arloan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten ikertzaileak saritzeko.