euskaraespañol

Javier Bilbao Elorriaga, Espainiako Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkarte Nazionalak goraipatua

ICCE 2019 sarien helburua da jarduera profesionalaren garapenean bikaintasuna goraipatzea, sustatzea eta bultzatzea

  • News

First publication date: 24/06/2019

Javier Bilbao Elorriaga, Espainiako Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkarte Nazionalak saritu du.

Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle Javier Bilbao saritu du Espainiako Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkarte Nazionalak, Espainiako Industria Kimikoaren Enpresa Federazioarekin (FEIQUE) eta Expoquimiarekin (Kimikaren Nazioarteko Topaketa) elkarlanean.

ICCE 2019 sarien I. edizioa atzo ospatu zen, Santanderren, eta UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea goraipatua izan zen Bikaintasuna I+G+Ban sariarekin, hark Erreakzio Kimikoaren Ingeniaritzaren alorrean egin dituen «ekarpen bikainengatik» eta izan duen ibilbide zientifikoa aitortzeko.

«Sari hau goraipamena da, bai nire lanari egina, bai koordinatzen dudan taldeari (Prozesu katalitikoak eta hondakinen balioztatzea); Biofinketaren eta Hondakinen Finketaren garapenean taldeak lortutako emaitzek duten eragina eta nazioarteko oihartzuna nabarmentzen ditu. Izan ere, lan horrek prozesu termiko eta katalitiko berritzaileak proposatzen ditu, erregaiak, hidrogenoa eta lehengaiak eskuratzeko iturri berriztagarrietatik; adibidez, biomasa, plastikoa, pneumatikoa eta karbono dioxidoa», azaldu du Javier Bilbao Elorriagak.

ICCE 2019 sarien helburua da jarduera profesionalaren garapenean bikaintasuna goraipatzea, sustatzea eta bultzatzea, bai akademian bai industrian. Javier Bilbaorekin batera, CEPSA eta Inmaculada Ortiz Uribe ere saritu dituzte; Enpresa eta Berrikuntza kategorian eta Transferentzia kategorian, hurrenez hurren.

Profila

Javier Bilbao Elorriaga (Galdakao, 1951) Ingeniaritza Kimikoko katedraduna da UPV/EHUn. Prozesu katalitikoak eta hondakinen balioztatzea (PROCAT-VARES) ikerketa taldeko koordinatzailea da, eta 130 ikerketa proiektutan baino gehiagotan parte hartu du. Energia eta ingurumen alorrean interesgarriak diren prozesu termiko eta katalitikoen garapenean lan egiten du, Biofinketaren eta Hondakinen Finketaren testuinguruan.

Aldizkari zientifiko indexatuetan 480 artikulu argitaratu ditu, eta 14.000 aipamen baino gehiago dauzka. Doktorego tesiak gidatu ditu, 37 guztira (horietako bederatzik Sari Berezia lortu dute), eta 80 lizentziatura tesi, gradu amaierako lan eta master amaierako lan ere bideratu ditu, zazpi patenterekin. 2006an Ingeniaritza Kimikoaren Sari Nazionala jaso zuen (Kimikako Espainiako Errege Sozietatea).

Ikertzaile jarduerarekin batera, kargu akademikoez eta I+G+Baren kudeaketaz ere arduratu da; hauek dira nabarmentzekoak horien artean: UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoko Saileko buru (1990-1993, 2000-2003); UPV/EHUko Akademia Antolakuntza eta Irakasleriako errektoreorde (1986); Irakasleriako errektoreorde (1986-1990); CNEAI Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionaleko Ingeniaritzetako Batzordeko idazkari (1993-1994); CNEAIko Kimika Batzordeko presidente (1996-1997); Ebaluazio eta Prospektibaren Agentzia Nazionaleko Teknologia Kimikoko koordinatzaile (2003-2005); Unibertsitateen eta Ikerketaren Estatuko Idazkaritzaren Aholku Batzordeko Ingeniaritzak eta Teknologiak taldeko kide (2005-2010).